URTATS EGUNA

MARIA SAINDUA, JAINKOAREN AMA

Lehen irakurgaia

( Zorion eta bake agintzak )

Nunbreak liburutik 6,22-27

22 Egun heietan, Jaunak Moisi erran zion:
23 “ Huna nola Aaronek eta haren semeek
benedikatuko dituzten Izraelen semeak:
24 “ Benedika zaitzala Jaunak eta zaint!
25 Ager diezazula Jaunak bere aurpegia eta urrikal dakizula!
26 Itzul dezala Jaunak bere begitartea zureganat, eta eman bakea!
27 Hola dei eginen diote nere izenari Izraelen semeen alde
eta nik benedikatuko ditut.”

“Benedika zaitzala Jaunak…” Norbaitek eman benedizionea behar ote dugu Jainkoak
benedika gaitzan ? Ez. Badakigu Jainkoak beti benedikatzen gaituela, gurekin dela beti.
Hemen erran nahi dena hau da : Jainkoak bere onginahia beti eskaintzen dauku, bainan libre
gira haren onartzera edo arbuiatzera. Jainkoaren emangura iguzkia bezala da. Iguzkiak beti
argitzen du, guk itzala bilatzen badugu ere. Libre gira itzalerat joaitera. Halaber libre gira
Jainkoaren argitik eskapatzera. Orduan iguzkia ez dugu gozatuko. Ez da iguzkiaren falta
izanen.
Jainkoak benedikatua izaitea, Jainkoarekin armonian bizitzea da, harekilako elkargoa
gozatzea. Gure minak eta ezinak ez dira desagertuko, bainan Jainkoarekin eskuz esku biziko
ditugu.

Salmoa 66

Leloa : Urrikal, otoi, eman argi, guri, Jainkoa, egin ongi!

Urrikal, otoi, guri, Jainkoa, egin ongi,
Zure zeruko begitarteaz eman argi!
Zure bidea mundu guziak, ai, balaki!
Zutan balaki salbamendua nolaz aurki!
Has beite denak bozkariatzen, lorietan,
Mundu guzia baitabilazu beti zuzen.
Jende guziak baitabilzkitzu beti zuzen,
Eta munduan herriak oro zuk gidatzen.
Gure lurrari bere fruitua zaio jalgi;
Jainkoak dauku, gure Jainkoak, egin ongi.
Guri Jainkoak diezagula egin ongi,

Mundu zabalak duela Jauna buruzagi!

Salmo huntan, aitzineko irakurgaian bezala, benedizionea aipu da. Apezak erraiten
duelarik : « Jaunak benedika zaitzatela ! » ez zaio gogoan pasatzen Jainkoa gure ona
nahitzetik geldi litaikela ! Apezak gure bihotzari dei egiten dio idek dadin Jainkoaren graziari,
harek baigaitu bihozberrituko. Jainkoarekin adiskidetzeko gomita da benedizionea.
« Gure lurrari bere fruitua zaio jalgi… » Jainkoaren hitza egintza baita, berea emaiten
du beti. Eguberri inguruan kantatzen dugun salmo hunek gogoratzen dauku gure
Salbatzailearen sortzea : ordua etorri denean, lurrak bere fruitua eman du, Betleemeko harpe
batean.

Bigarren irakurgaia.

(Jainkoaren Semea emazte baten ganik sortua)

Jondoni Paulok Galatiarreri 4,4-7

4 Haurrideak, garaia bete zenean, Jainkoak bere Semea igorri zuen
emazte batenganik sortua, Legearen pean,
5 Legearen pean zirenak erosteko, semegoa ukan ginezan.
6 Eta seme zireztelako froga, hau da:
Jainkoak igorri du gure bihotzetarat bere Semearen Izpiritua,
deika ari dena: “ Abba! Aita!”
7 Hola beraz, ez zira gehiago mutil, bainan seme,
eta seme bazira, ondoko ere bai, Jainkoari esker.

“Garaia bete zenean, Jainkoak bere Semea igorri zuen.” Bestela erran : tenorea jin
zenean. Fededunentzat historia ez da itzulika ari den errota baten idurikoa, itzuli bat bestearen
ondotik, denak berdinak. Badu haste bat, badu azken bat. Bitartean gizadia aitzinerat doa
Jainkoaren asmo maitekorra gauzatuz. Horra hor Biblia guziaren konprenitzeko gako bat.
“Jainkoak bere Semea igorri zuen…Legearen pean zirenen erosteko…” Erosi hitzak,
Biblian, libratu erran nahi du. Moisen Legearen esklabo zirenak Jainkoak bere seme egin ditu.
Esklaboa menpetasunean bizi da; semea, aldiz, amodioan eta konfiantzan. Jesusekin Legearen
nagusigotik Aitaren ganako obedientziarat pasatzen gira. Luzea da bidea menperatzetik
obeditzerat. Girixtino batek ez luke sekula menperatu behar nahitarat, bainan bai beti obeditu.
“Ez zira gehiago mutil (= esklabo), bainan seme; eta seme bazira, ondoko ere bai…”
Ondoko hitzak erran nahi du Jainkoarena den guzia hitzemana zaukula. Hori bai nekez
sinesten dugula ! Jesusek erran zuelarik “fede gutiko gizonak” holako zerbait zukeen gogoan :
ez gira menturatzen sinestera Jainkoaren Izpiritua guhauren baitan dugula, bere indarrarekin,
harena den guzia gurea dela, haren amodioarekin maitatzen dugula.
Hori guzia “Jainkoari esker”, dio Paulok. Ez dugu deusik merexi, Jainkoaren emaitza
hutsa da. Has gaitezke sinesten “ dena grazia dela”.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jainkoa lehen, askotan eta asko moldez
Profeten bidez arbasoeri da mintzatu,
Azkenak diren egun hautan,
Seme Jaunaren medioz guri da mintzatu

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2,16-21

16 Artzainek, Betleemerat jin-eta,
aurkitu zituzten Maria, Josep, eta haurra otalakoan etzana.
17 Ikusi zutenean, haur hartaz erran zitzaiotena kondatu zuten.
18 Eta entzule guziak miretsiak zauden artzainen erraneri.
19 Mariak aldiz horiek oro gogoan atxikitzen zituen,
eta bere bihotzean hausnartzen.
20 Artzainak itzuli ziren, Jainkoari aintza eta goresmen emanez,
entzun eta ikusi zutenarengatik, heieri errana zitzaioten bezala.
21 Haurra ebakitzeko zortzi egunak bete zirelarik,
“Jesus” eman zioten izena,
amaren sabelean kontzebitu aitzin aingeruak eman izena.

Ebanjelioko pasarte hau biziki jakingarria da.
Artzainak. Mespretxatuak ziren, jendeetarik haratago bizi baitziren artaldeengatik, eta
arrazoin berarengatik ez baitzuten biziki “pratikatzen”. Eta hain xuxen heiek dira gizadiaren
historia uzkaltzen duen gertakariaren lehen lekukoak. Eta berria bazter guzietarat hedatzen
dute.
“Mariak, aldiz, horiek oro gogoan atxikitzen zituen eta bere bihotzean ausnartzen.”
Artzainek ez bezala. Zer zitazkeen Mariaren gogoetak ? Jesusen izena bera ote zerabilan
gogoan ? Jesus izenak Jainkoak salbatzen erran nahi du. Haur horrek nor eta nola eta zertarik
salba zezakeen ?
Beste ohar hau : gaur “Maria Jainkoaren ama” ospatzen dugu, eta oro har, gaurko
irakurgaiak zein guti mintzo zaizkigun Mariaz ! Beharbada ixiltasun hori bera ere mezu bat da
guretzat : Mariaren ospea ez ote da xumeki, umilki onartu duela Jainkoaren ama izaitea,
Jainkoaren betidanikako salbamen asmoaren obratzaile bakarra Jesus dela konpreni ginezan.