SANTU GUZTIEN EGUNA 2014-11-01

SARRERA

Anai-arrebok! Santu guztien jaia ospatzen dugu gaur. Esperantza-eguna. Bizi-emailea. Poztekoa.
Urteen joan-etorrian gizon-emakume asko bizi izan da ondradu, jator, zintzo, zuzen, adiskidetsu. Horietako askok Jesusen Ebanjelioaren berri ona ezagutu dute, eta haren arabera bizitzen saiatu dira. Beste asko, Ebanjelio hori ezagutu gabe, gizon eta emakume bizitzen saiatu dira; beren barnean Espirituak eragiten zien moduan: apal eta zerbitzari.
Guztiek bizi izan dituzte, nork bere moduan, fedea, esperantza eta maitasuna. Fedea: gizakume ororen bihotzean ezarri du Jainkoak beraren ezagutza, txikiena bada ere. Esperantza: gizakume ororen bihotzean ezarri du Jainkoak ustea, bizitza ez dela bukatzen bizitza honetan. Maitasuna: gizakume ororen bihotzean ezarri du Jainkoak berak maite gaituelako susmoa eta, horrekin, maitasunari maitasunaz erantzutea dela gizabidea.
Gaur ohoratzen ditugun asko, santu deklaratu ditu Elizak. Beste asko ez. Santu deklaratua ala ez, Jesusen edo Jainkoaren maitasuna onartu izana da garrantzizkoa.
Guretzat, esperantza-eguna da gaurkoa. Zorion betera iritsiak dira gure arteko izan diren asko. Egun batean, bat egingo dugu haiekin geuk ere. Hura zoramena berriro bat egingo dugunean zeruko Aitaren altzoan!

LEHENENGO IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik 7,2-4.9-14

Apokalipsi liburu hau lehenengoz hartu duen kristau-elkartea, pertsekuzio handia ari da bizitzen. Kristoren lehen mendearen azken aldera. Domiziano Erromako enperadorearen agindupean. Kristau-elkarte horri esperantza emateko idatzia da liburua. Puntu askotan zaila da guretzat ulertzeko; sinboloz baliatzen da autorea; momentuko hartzaileek oso ondo ulertzen dituzten sinboloz; pertsegitzaileek ulertzen ez dituztenez.
Gaurko pasartea baino pixka bat lehenago, pertsegitzaileen porrotaz aritu da. Gaurko honetan, berriz, pertsekuzioa bizitzen ari direnen garaipenaz.
Lehenbiziko zatian, jendetza izugarri handia aurkezten digu garaile. Ehun eta berrogeita lau mila. Ez da zifra edo kopuru zehatz bat. Sinbolikoa da. Hamabi bider hamabi bider milaren emaitza da. Itun Zaharreko hamabi leinu bider Itun Berriko hamabi leinu bider salbamen historiaren zifra den mila. Osotasuna adierazten du. Guztizkotasuna.
Bigarren zatian, berriz, gurutzean hil baina piztueraz garaile atera den Bildotsaren jira-biran ageri jendetza agertzen digu: «nazio guztietatik, arraza guztietatik, herri eta hizkuntza guztietatik» bildu den jendetza.
«Beren jantziak Bildotsaren odolean garbitu eta zuritu» dituztenak dira. Jakinaren gainean edo ezjakinean, Jesusen jarraitzaile izan direnak.

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen lehen gutunetik (3,1-3)

Pasarte labur honetan, zeruko Aitak guztiontzat duen maitasuna kontuan hartzera dei egiten digu autoreak: «seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara».
Baina, jakina, maitasun honek maitasuna du erantzuna. Eta batak besteari eskaintzen diogun maitasunean agertuko da Jainkoarekiko dugun maitasuna. Baina, hori bai, Jainkoaren maitasuna da abiapuntu. Hark elkartzen edo lotzen gaitu izan direnak, garenak eta izango direnak.
Alabaina, gizadia ez da iritsi oraino maitasuna bere betean ezagutzera. Askoz gutxiago, bizitzera. Horregatik, «munduak», Jainkoaren maitasuna ezagutu ez duen munduak, pertsegitu egingo du maitasun hori ezagutu duena. Neurri batean, beraz, batzuek besteengandik apartatu egingo ditu Jainkoaren maitasun horrek.
Azkenik, Jainkoaren maitasuna ezagutu dutenek ere, neurri batean bakarrik ezagutu dute. Jainkoaren seme-alaba ere neurri batean bakarrik gara oraino. Geroak eraldaketa ekarriko du eta, orduan, den bezala ikusiko dugu Jainkoa, garen bezala ikusiko dugu geure burua. Kristau-maitasuna dinamismo bezala ageri da.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (5,1-12)

Jesus errukitu egin da jendetzaz, eta hitz egiten hasi zaio. Eta zoriontasunak jaulki ditu.
Kristautasunaren historian, Zoriontasun hauek betetzea zaila dela ikusita, izan da bi kristau-maila ikusi izan duenik. Batetik, Zoriontasunak betetzera deituak lirateke. Bestetik, hainbeste eskatzen ez zaienak.
Baina, ez. Mateo ebanjelariaren arabera, ikasleei eta jendetzari mintzo zaie Jesus. Guztiei. Jesusen jarraitzaile guztientzat dira Zoriontasunak. Kristori jarraitzea ez da bukatzen «bai» esate hutsean; egintzak ditu eskatzen.
Bestalde, zoriontasunetan, bi alde ditugu: eskakizunak eta promesak. Eskakizunak baino askoz handiagoak promesak. Eta promesak ez dira geroko mundurako bakarrik. Orain berean ezagutuko dute pobreek Jainkoa. Orain berean ezagutuko dute negar dagitenek kontsolamendua. Orain berean izango dute lagunarte pozgarria bihotz gozo direnek. Etab.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliztar guztien alde: santutasuna bila dezaten, zoriontasunen bidetik bilatu ere. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Jainkoaren seme-alaba garen usteak pozik eta esperantzadun bizitzeko modua eman diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Mundu honetan egoista eta maitasunik gabe bizi diren guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Egun batean gizadi osoa Jainkoaren erreinuan elkartu eta betiko bizia goza dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.