Santu Guztien Eguna (2014-11-01)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Egun pozgarria gaurko hau. Santu Guztien Eguna. Santu guztiak. Bi hitz hauek beren materialtasun osoan hartu beharrekoak ditugu: guztiak eta santuak. Jai honetan, beraz, bi aldeak dira kontuan hartzekoak: batetik, gizon-emakume guztiak; bestetik, santutasuna.
Guztiak. XI. mendean hasi ziren kristauak beren santuen zerrenda eratzen. Eta horrek eraman izan gaitu kristau diren santuak bakarrik ospatzera. Ez dugu zertan urrutira joan joera horren akatsak nabaritzeko, teologo handi izan diren berengan; Vatikano II.a kontzilioaren aurreko batzuez ari naiz. Garrigou-Lagrange teologo handiak, esaterako, Aristotelesen neurritasun bertute moralaren eta kristau-neurritasun bertutearen artean sekulako aldea ikusten du, konparaezina. Danielou handiak ere badu esaldi bitxirik; esaten du: «Bada heroismo ez-kristau bat; baina ez dago santutasun ez-kristau bat. Ez ditugu nahasi behar baloreak. Ez da santurik kristautasunetik kanpo…». (ikus biak Koinonia-n 2014-11-01).
Kontzilioarekin errotik aldatu da ikuspegia. Biblia zorrotzago irakurtzen ikasi dugu. Adibidez, Pedro apostoluak Kornelio paganoarekin izan zuen pasadizoa guztiz argia da. Esaterako, hona zer irakur dezakegun: «Kornelio ehuntariaren partetik gatoz. Gizon zuzena da eta Israelen Jainkoa gurtzen duena, eta justu guztien artean izen onekoa…» (Eg 10,22); garbi dago: pagano bat «justu guztien artean izen onekoa»; alabaina kapitulu osoa da irakurtzekoa.
«Santu guztiak» esatean, zintzo guztiak, zuzen guztiak, ondradu guztiak, jende jator guztia esan nahi dugu. Gaurko lehen irakurgaian argi eta garbi dator: «Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa: nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik» (Apokalipsia 7,9)
Bai. Gaurko jai hau ekumenikoa da. Geure etxekoetatik hasi, eta munduko azken bazterreraino hedatzen den jende-multzoa ospatzen dugu. Geure gurasoekin, geure familiarteko eta adiskideekin batean, gure Elizan jator bizi izan diren guztiak ospatzen ditugu. Baita, ordea, beste erlijioetan eta ateismoan jator bizi izan direnak ere. Jainkoaz dugun irudi edo imajina aldatzera gonbidatzen gaitu ospakizun honek. Ez da Jainko estu bat, ez da Jainko mugatu bat. Jainko handia da, ez mundu honetako boteretsuen handitasunaz, ez; maitasunez gizon-emakumeak, alde batekoak eta bestekoak, kreatzeari eman dion Jainkoa. Ni kristau hau bezalaxe kreatu du Jainkoak munduko zoko ezezagun hartan bizi den hura ere.
Lehenengo aldea, beraz, jaiaren unibertsaltasuna da kontuan hartzekoa, pozaren pozez. Eta horrekin batean, Jainkoaz dugun irudi edo imajina. Bigarren aldea, santutasuna.
Gaurko ebanjelioko Zoriontasunek adierazten eta deskribatzen duten santutasuna. Ez dira mugatzen zoriontasun hauek kristauen bizitzara. Zorionekoak bihotzez behartsu direnak. Negar egiten dutenak. Errukitsuak. Bakegileak. Pertsegituak zuzenaren alde ari izan direlako… Nork ukatuko dio behartsu izatea, Ebanjelioa ez ezagutu arren, bere familiagatik bizia ematen ari den ama horri, aita horri. Nork ukatuko dio bakegile izana Gandhi bati?, Luther King bati?
Senideok, gaurko jai honek zeruertz eta horizonte zabal-zabala jartzen digu begi-bistan. Gure ikuspegia ez da hertsia. Jainkoa bezain handia dela esatera nindoan. Jesusek zabal-zabal agertu digu geure bizia, geure jomuga. geure ikuspegia. Udako gau oskarbi batean zer gozamena zeru izartsu mugarik gabe bat ikustea eta gozatzea. Gaurko jaiak agertzen digun zeru-izartsua askoz ederragoa da, guztiz bestelakoa. Kontaezin ahalako izarrez josia, edertua da zerua; kontaezin ahalako santuz apaindua.
Goratu dezagun Jainkoa, halako zoramena bizitzeko zoria eman digulako. Jende horri guztiari zori horretara iristeko argia eta kemena eman diolako. Gu geu bide horretan jarri gaituelako.
«Eskerrak, Aita, zure hiri santuaren, zeruko Jerusalemen, gure ama horren, aintza ospatzeko aukera ematen diguzulako, hor betiko goratuko baitzaitu santu guztien, gure anai-arreben, jai-batzarrak» (gaurko Mezako prefazioa).