1.-SANTU GUZTIEN EGUNA (2014-11-01)(M. Pereira (zatiak)

2.-Aldi hartan, jendetza ikustean, Jesus mendira igo eta eseri zen. Ikasleak hurbildu zitzaizkion eta hitz egiten hasi zitzaien: Zorionekoak bihotzez pobre direnak.

3.-Jesuk, zoriontasunak hots egin ez ezik, bizi ere bizi izan zituen. Maisuarekin bizi direnek Erreinuko jarrera bizi ohi dute.

4.-Horregatik, zoriontasunak hots egin aurretik, Jesusen jarduera ageri ohi da: mota guztietako gaixoak etorri ohi zitzaizkion, askotariko gaitzak zituztenak, deabrudunak, epileptikoak, paralitikoak, eta sendatu egiten zituen. (Mt 4, 23-24).

5.-Kristau-bizitzaren sintesia da mendiko hitzaldia. Hartan, Jesusen hitzek esparru handiosa dute: mendian mintzo da, tradizioz Jainkoa agertu ohi den parajean; eta ikasleak hurbil dituela eta jarraitzen dion jendetzak inguratua, eta irakasteko jarreraz. Hartzaile denak dira, denok gara.

6.-Jesusek poz-oihu egin du, Jainkoaren Erreinua iritsia delako eta berekin askapena dakarrelako; Mateok idazten dien elkarteek egoki ulertu dute poz-oihu hori: bihotz-berritzeko orientabidetzat hartu dute eta bizieraz aldatzeko deitzat, aipatu gertaerak eskatzen duenez.

7.-Erreinuaren estiloaren arabera bizi eta jarrera hori gauzatzen duena zoriontsu izango da eta sarituko du Jainkoak.

8.-Zoriontasunetako bakoitzak du bere baitan tentsioa oraingo egoeraren eta ernetzear denaren artean.

9.-Behartsuek, sufritzen ari direnek, gose direnek eta errukitsuek… aldatua ikusiko dute beren zoria. Oraingo egoera ez da Jainkoak nahi duena.

10.-Zoriontasunek ZORIONEKO jotzen dituzte espirituz pobre direnak, hau da, beren konfiantza Jesusengan ezarri dutenak, desitsastearen eta Jainkoarekiko konfiantzaren jarrera erlijiosoa dutenak;

11.-Pobreen zoriona Jainkoaren Erreinua haientzat jada iritsia delakoan oinarritzen da, eta Jainkoak maite dituelako ustean. Erreinua gure artean presente egin ezean, gezur hutsa da Zoriontasunak aldarrikatzea.

12.-Zoriontasunekin, Jesusek Jainkoaren Erreinua iritsi izana hots egiteaz gain, GUZTIENTZAT iritsi dela aldarrikatu du. Zoriontasunak ez doazkie pertsona isolatu batzuei, ezta banako sagaratu batzuei bakarrik ere, baizik fededunei, Jesusen ikasle guztiei.

13.-Zoriontasunetan ezer argi ageri bada, Jainkoa pobreen Jainkoa da, negar dagitenena, sufritzen dutenena. Jainkoa ez da ez-sentibera giza sufrimenaren aurrean. Jainkoa sufritzen ari da maitasuna sufritzen ari den lekuan. Horregatik, Jainkoaren geroko proiektua sufritzen ari diren gizon-emakume guztiei dagokie, zeren ez baita tokirik halakoentzat haurrideen bihotzean eta gizartean.

14.-Geroz eta mundu apatikoagoan bizi gara; besteen sufrimena sumatzeko eta hura sufritzeko gaitasuna geroz eta ahulagoa da. Gizarteko apatia honen baitan, are esanguratsuagoa gertatzen da zoriontasunen mezua eta JAINKO GURUTZILTZATUAREN BAITAKO KRISTAU FEDEA,mundu honek zapuztuak dituenekin sufritu nahi izan duen harekiko fedea. Benetako zoriona bizitza bera da, benetan eta bete-betean bizi ohi denean.

15.-Gaur egungo gizarteak zoriona bilatzeko bide okerrak proposatzen dizkigu, kasik ezinbestean zoritxarra bizitzera eramango gaituztenak. Zoriontasunek egitarau okerrak ezabatzera eragiten digute.

16.-Zer gertatuko ote litzateke nire bizitzan bihotz xumeagoz bizitzen asmatuko banu, segurtasunerako hartarainoko antsiarik gabe, barnez garbiago, sufritzen ari direnekiko arretatsuago, baldintzarik gabe maite nauen Jainkoarekiko konfiantzaz?

17.-Zertan sinetsi nahi dut, Jesusen zoriontasunetan ala gure gizartearen deian? Fededun bihurtuz zoaz zeure bizimoduan hau aurkituz zoazenean: zoriontsuago zarela maite duzunean, horrek sufrimena badakarkizu ere, maite ez duzunean baino eta, ondorioz, hargatik sufritzen ez duzularik.

18.-Kristau izatea zoriona bilatzea da, hemen behean hasten den zoriona, bere betea azkenean Jainkoarekin topo egitean izango duena. Zoriontasunak berri on bezala ageri badira, esan nahi da haien mezua ez dela gauza hutsala, ez dela hutsa, baizik gure gizartean presente den errealitate dela.

19.-Badira jada gure munduan berri onaren, Erreinuaren,fruituak eta seinaleak. Haiek aurkitzeko gai izan beharko genuke.

20.-Jada presente den Erreinuaren seinaleak sumatzen ez dituenak ezin esperimentatu du haren hurbiltasuna, ezta bizi ere haren errotiko utopian sinetsiz : maitasunaren, zuzentasunaren, bakearen, haurridetasunaren, egiaren, solidaritatearen utopian; izan ere, esperientziatik bakarrik sinets daiteke.