San Joan Bataiatzailea
2016-06-24

SARRERA

San Joan Bataiatzailearen jaioteguna ospatzen dugu gaur; abuztuaren 29an Joanen martiritza-eguna ospatuko dugu.
Edozein santuz ari garenean, beti Jesusekin erlazionatu behar dugu. Burubide hau argi eta garbi adierazten digu Elizak datu soil honekin: neguko solstizioan, abenduaren 25ean, Jesusen jaiotza ospatzen dugu; udako solstizioan, ekainaren 24 honetan, Joan Bataiatzailearen jaiotza ospatzen dugu.
Joanen berak ere argi esan digu Jesusekin duen erlazioa: ni ez naiz Mesias. Nik urez bataiatzen dut; nire ondoren datorrenak urez eta Espirituaz bataiatuko zaituzte.
Senideok, Joan Bataiatzailearen jaioteguna ospatzeak Jesusen jaioteguna eta Jesusen misterio handia ospatzera eraman behar gaitu.

Lehen irakurgaia Isaias profetaren liburutik (49,1-6)

Isaias profetaren liburuan lau poema edo kantu berezi ageri dira: zerbitzari misteriotsu batez mintzo dira poema horiek; ez dakigu zeini aplikatzen dion autoreak «zerbitzari» izen hori. Jakina, testu hori Itun Zaharrekoa da.
Jesus etortzearekin, geure interpretazioa ematen diogu testu horri, Itun Zahar guztiari bezala.
Gaurko honetan ageri den zerbitzari-izena, nagusiki, Jesusi aplikatzen diogu. Baina Jesusi bezala, Jesusen bidera hurbildu direnei ere bai. Hauen artean, leku berezi-berezia du Joan Bataiatzaileak. Hona bizpahiru hitzetan zer dioen testuak: amaren sabeletik aukeratu ninduen Jaunak; gezi zorrotz bihurtu ninduen (hizlari, hots egile, salatzaile… zorrotz, esan nahi du); zutaz harro nago (benetako zerbitzari izan dela, esan nahi du); nire lana alferrikakoa izan zela uste nuen, baina nire lan horretan hor ari zen Jauna bera ere (Joanek ez du ikusi bere hitzari kasu handirik egin diotenik, baina badaki tartean Jauna ari dela, eta horrek lasaitzen du).
Senideok, saia gaitezen nork bere zerbitzu-lana egoki egiten.

Ebanjelioa San Lukasen liburutik (1,57-66.80)

Lukasek Joanen jaiotzaren eta Jesusen jaiotzaren kontrastea azpimarratu du: Joanen jaiotzari lerro batzuk bakarrik eskaini dizkio; Jesusen jaiotzari askoz ere gehiago. Dena den, Jesusek berak esango digu Joan Bataiatzailea profetarik handienetakoa izan dela.
Gaurkoan Joanen jaiotza kontatzen digu Lukasek. Zakarias eta Elisabet, Joanen gurasoak, adin handikoak ziren, baina Jauna errukitu zaie, eta semea eman die. Jaunari eskerrak emateko, gaur entzungo ez dugun kantika bat aldarrikatu du Zakariasek: eskerrak emateaz gain, Joanek bere bizitzan izango duen misioa edo eginkizuna aipatzen du: «Eta zu, haurra, Goi-goikoaren profeta izango zara».
Beste behin, pertsona baten botazioa. Joanena bezala, gutako bakoitzarena.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Gure Eliza maitearen alde: aita santu, gotzain, apaiz eta laiko, guztiok nor bere bokazioaz gogoeta sakona egin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Joan Bataiatzaileak bezala, azken urte hauetan beren bizia eman dutenen etsenpluak guztiok mugiarazi gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Modu berezian sufritzen ari direnen alde: goseak, gaixo, kartzelan, gerran… direnek, Jaunaren ukitu sakona senti dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Hemen bildu garenon eta geure familiarteko eta adiskideen alde: Joanen jaiotza ospatzeak, eraman gaitzala nor bere jaiotza gogora ekarri eta Jaunari eskerrak ematera. Eska diezaiogun Jaunari.