San Joan Bataiatzailea (2016-06-24)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Kristau-egutegian bi Joan handi ospatzen ditugu: bata gaurkoa, San Joan Bataiatzailea, eta bestea nagusiki abenduaren 27an ospatzen duguna, Joan ebanjelaria, Lazkaomendin maiatzaren hasieran ospatzen duguna.

Joan Bataiatzailea modu berezian agertzen digute ebanjelariek. Zakarias eta Elisabet izan zituen gurasoak. Biak adin handiko zirela jaio zen Joan.

Oso gazterik etxea utzi eta basamortura jo zuen. Han erlijio-prestaketa luzea eta sakona hartu ondoren, Jordan ibaian jendea bataiatzen ageri da; jendearen artean Jesus bera ere bai.

Penitentzia eta bekatuen damua predikatzen zuen. Baina, bereziki, uste hau bizi izan zuen: Mesiasi bidea prestatzera etorri zela. Eta horretan dugu, partikularki, kristauok eredu handia Joan Bataiatzailea. Jesusi bidea prestatzea izan zuen bere irrika.

Gizon inportantea izan zen. Jende asko hurbildu zitzaion. Hitz gogorrak zituelako. Jendeari bihotza ukitzen zioten hitzak ziren. Tentazio handia izan zen hori Joanentzat: zena baino handiago bezala agertzeko tentazioa. Baina ondo gainditu zuen tentazio hori. Israelgo maisuek galdetu zioten, ea bera ote zen Mesias. Eta Joanek zorrotz erantzun zien: ni ez naiz Mesias, haren ahotsa naiz, hari bidea prestatzera etorri naiz. Nik urez bataiatzen dut, hark urez eta Espirituz bataiatuko zaituzte.

Baina zein da beste hori?, galdetu dio Joanek bere buruari. Eta ondo jakin du jende askoren artean bereizten zein den beste hori. Adorea izan du, Espirituaren eraginpean zein den esateko: hau da, hau da Jainkoaren Bildotsa. Eta bere ikasleei garbi esan zien zein zen. Eta ikasle horiek Joani jarraitzeari utzi eta Jesusen ondoren joan ziren.

Horrela, bere burua apaltzeari ekin zion. Ni ez naiz gai hari oinetako lokarriak lotzeko ere. Baina ez zen horretan gelditu. Kartzelan zegoela, Jesus zertan eta nola ari zen kontatzen zioten. Eta berak uste izan zuen, agindutako Mesiasek beste bizimodu bat izango zuela. Eta ikasle batzuk bidali zituen Jesusengana, bera ote zen Mesias galdetzera; beraz, iluntasun handia bizi izan zuen bihotzean: erratu egin ote naiz?, oker ibili ote naiz Jesus seinalatzean? Eta iluntasun hori bere bizia emateko zorian iritsi zitzaion gorenera.

Laburtuz, batetik, Joanek ondo jakin zuen Mesias noiz etorriko zain egoten, hari bide prestatzen jarduteko. Bigarren, bihotza apal eta argi gorde zuen, eta hainbat jenderen artean ondo jakin zuen pertsona bat, Jesus, bereizten. Hirugarren, muturreraino eraman zuen bere apaltasuna: bihotzeko iluna biziz, heriotza bortitza jasanez.

Horra guztioi dagokigun jarduera: Jaunari bidea prestatu, bihotza apal eta erne gordez jakin bereizten zer eta zein den ebanjelioaren araberakoa eta zer eta zein kontrakoa, apaltasunez Jaunaren zerbitzari izaten saiatu.

Hori guztia, Jaunaren erreinua handitzen, bikaintzen, zuzenago egiten joan dadin. Beti ere, Jesusen Espiritua lanean gurekin ari dela pentsatuz.

Dionisio Amundarain