Pazkoaldio 7. igandea C IGOKUNDEA 2019-06-02
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesus geure Jaunaren eta adiskide eta anaiaren zeruratzea, Igokundea, ospatzen dugu gaur.

1995ean plazaratutako gaztelaniazko nobela batean ipuin hau dator (hemen laburturik): aita bat bi semerekin paseatzera irten zen; bide-puska bat egin ondoren, zirko bat ikusi zuen; bi haurrei galdetu zien, gustukoa ote zuten hango ikuskaria ikustea; «bai horixe” erantzun zioten. Leihatilara joan, eta sarrera zenbat zen galdetu zuen. Eta «zurea hamar mila peso; haurrena, sei urtez gorakoak badira, bost mila bakoitzarena» erantzun zion saltzaileak. Aitak orduan: «beraz, hamabost mila, bietan batek 7 urte ditu eta». Eta saltzaileak: «Loterian irabazi al duzu? Biak sei urtez behekoak direla esan bazenit, ni ez nintzen hasiko egia den ala ez bila». Eta aitak: «Bai, hala izan daiteke, baina haurrak konturatuko ziren gezurra esan nizula».

Senideok, zenbat aldiz erakusten diegu guk geuk haurrei gezurra esaten?, tranpak egiten?, zuzengabekeria egiten? Gaurko lehen irakurgaian Esteban lehen kristau martiriaren etsenplua entzun dugu: Jesusen lekuko edo bizia izan zen: bizia eman zuen.

Atzo, larunbata, ekainaren bata, beste lekuko handi baten testigantza gogoratu genuen. San Justino martiriarena. Bigarren mendearen hasieran jaio zen Samarian, familia pagano batean. Kristau eginik, kristautasunaren defentsan hainbat obra idatzi zituen. Lan gehiago egiteko, Erromara joan eta Eskola bat ireki zuen. Hartan jendaurreko eztabaidak eragiten zituen; kristautasunaren alde. Halako batean, beste batzuekin batean, preso hautu zuten. Rustiko izeneko agintari batengan eraman zituzten. Eta Rustikoren lehen hitzak: «Lehenik eta behin sinets ezazu gure jainkoengan eta obeditu enperadoreei». Galdeketa luze batean, beste erantzunik ez zuen eman Justinok: Nik Kristogan sinesten dut. Ez zaizkit axola zure torturak eta hilketa. Poztu egingo naute. Sufrimendu hauek nire salbazio izango dira.

Lekuko edo testigu izatera: horra zertara dei egiten digun gaurko jai honek. Gure gizarte honetan, segurantza-aukera asko eta asko sortu ditugu: hainbat urte kotizatu, zahartzaro on bat izateko; gaixotasunerako segurantza; istripu baten kasurako segurantza; etxearen, autoaren etab. segurantza. Ahaztu egin zaigu lurra eta zerua lotzearen segurantza. Lurreko zoria eta geroko zoria lotzearen segurantza.

Batzuei ez die ezer esaten, ez zeruak, ez Jainkoaren Erreinuak. Soil-soilik, dirua dute amets, plazera, ahalik zoratuenik bizitzea. Bestek batzuek ez dute ezer ere jakin nahi munduko errealitateaz; zerua lortu nahi dute modu egoistan; ezertan ere arduratu gabe gizakien sufrimenaz, gizadiak bizi duen injustiziaz. Indibidualista huts dira. Ez dute konpromisorik nahi. Gaur Kristok hirugarren aukera bat proposatu digu. Benetako esperantzak eraginik, mundua eraikitzeko proposatu digu. Zerura begira ez gelditzeko eskatu digu. Ez gelditzeko axolagabe munduak bizi duen sufrimenaren eta zuzengabekeriaren aurrean.

Lekuko edo testigu izatera deitu gaitu. Igokundea hasiera eta helmuga da. Lukasek bere ebanjelioa Jesusen Igokundea kontatuz bukatu du. Jesusen bizitza guztiak, haren egintza guztiek zein helmuga duten agertu digu: Jesusen eta Jesusen jarraitzaileen zeruko aintza. Igokundea gaitzaren eta injustiziaren garaipena da. Aldi berean, Eginak liburuan, Lukasek berak hasiera bezala agertuko digu Jesusen Igokundea. Jesusen Igoera, alde berean, Elizaren aldiaren hasiera da. Espirituaren argipean egin beharreko historiaren hasiera.

Jesusen bi presentzia moduz hitz egin digu, beraz, Lukasek. Ebanjelioan, Jesusen presentzia fisikoaz; Eginak liburuan, presentzia mistiko edo misteriotsuaz. Jesusen Espirituaren indarrez eta argipean, Jesus fisikoak agertu digun biziera zintzoaren, zuzenaren, maitetsuaren lekuko edo testigu izatea dagokigu.

Lekuko izan behar honetan, galdera askori, arazo eta problema askori erantzun beharko diegu. Izan dezagun konfiantza: Jesusek hitzeman digu geure bidelagun izango dugula bera. Bera Aitaren berri ematen saiatu du. Aitak munduari dagokionez bizi dituen sentimenduen, asmoen, maitasun neurrigabearen berri ematen saiatua da. Horra gure egitekoa. Gauza handietan pentsatu gabe, gogoan izan dezagun hitzaldi honen hasieran kontatu dudan ipuineko aitarena: bi haurrak sei urtez behekoak zirela esanez, diru-pixka bat aurreratuko zuen, baina semetxoen bihotzean gezurraren eta tranparen hazia ereingo zuen, bizitza guztirako gaitzaren hazia. Atzo ospatu genuen San Justino martiriak, berriz, testigantza hau utzi zigun: Zeruan hartuko dudan saria, ez dut imajinatzen bakarrik zuk diozun bezala, baizik eta badakit eta ziur nago hartuko dudala.

Dionisio Amundarain