JAUNAREN IGOKUNDEA (C) 2019-06-02

SARRERA

Senideok, pazkoaldia bukatzen ari gara. Jesusen igokundea ospatzen dugu gaur. Halere, garbi izan behar dugu: Jesus piztu eta zerura joatea une berean gertatu dira. Azken batean, Jesusen piztea Jesusen aintzatzea da. Piztean zeruko Aitaren altzora igaro da.
Lukasek bere pedagogiari jarraituz, bi gertaera bezala eman nahi izan ditu piztuera eta igokundea. Baina Lukasen pedagogia da hori. Lukasek oso ondo daki eta haren irakurleek oso ondo zekiten bereizten: jantzia eta mezua.
Guk geuk ere forma edo jantzia eta edukia bereizten jakin behar dugu. Mezua dugu inportantea. Horiek horrela, Lukasi jarraituz, zerura joan aurretik, ikasleak lekuko edo testigu bizi egin nahi ditu Jesusek. Gu gara gaur egun haren ikasle. Zerura igo aurretik, beraren testigu izateko ari zaigu esaten. Hori egin ahal izateko, Aitaren altzotik Espiritu Santua bidaliko digu. Datorren igandean ospatuko dugu Espiritu honen etorrera. Jesusek, Aitaren altzotik, jarrai dezala guri deika eta deika bere Espiritua dela medio. Eukaristiak lagundu gaitzala, fedearekiko leial bizitzen.

LEHENENGO IRAKURGAIA APOSTOLUEN EGINAK liburutik (1,1-11)

Lukas santuak bi liburu idatzi ditu: Ebanjelioa eta Apostoluen Eginak liburua. Ebanjelioa, Jesus zeruratzearekin bukatzen da. Apostoluen Eginak liburua, berriz, Jesusen zeruratzearekin hasten da. Eta Jesusen lehen jarraitzaileek izan duten jokabidea kontatuz jarraituko du Eginak liburuak: Elizaren garaia da.
Pazkoaldi luze honetan, modu askotara agertu zaigu Jesus. Gaur, bera zerura joan aurretik, zer eginkizun uzten digun esan nahi digu. Beti apal, maitale eta Espirituari entzunez bizi behar dugu. Izan ere, apal, maitale eta Espirituari entzunez bizi izan zen Jesus bera, benetako lekuko edo testigua. Jesusen lekuko imitatzaile izatea dagokigu orain guztioi: lekuko edo testigu bizi eta bihotz handiko.

BIGARREN IRAKURGAIA Paulok Efesoarrei egindako gutunetik (1,17-23)

Efesoarrei esatean, guri egindako gutuna, ulertu behar dugu. Bai. Guri ari zaigu orain. Jesusekiko leial izatera dei egiten digu. Bakoitzak hartu dugun bokazioari leial izateko eskatzen digu. Guztiok bat izaten saiatu behar dugu. Izan ere, fede bera, bataio bera, Jaun bera ditugu. Guztiok Kristoren Gorputza osatzen saiatu behar dugu. Gaurko Eliza jakin hau garatu eta osatu behar dugu; utzi dezagun ametsetako Eliza puru, santu-santu, irreal hura: Eliza jakin eta ezagun hau maitatu behar dugu; haragizko Eliza hau garatu behar dugu; ez du balio ametsezko Eliza batean pentsatzen jartzeak; ezin galdu gara ezer ez den irudimenezko eta balizko Eliza batean pentsatzen. Gizaki ahulez eta bekatariz osatutako Eliza sortu du Jesusek. Bekatari izanik ere, santua da Eliza; buru eta gidari Jesus bera duelako.

Ebanjelioa San Lukasen arabera (24,46-53)

Jesusen bizitzaren gailurra aipatzen digu Lukasek ebanjelioan: heriotza eta piztuera. Eta Igokundea.
Haren izenean, haren ikasleek konbertsioa eta barkazioa hots behar dugu. Beraz, Jesusen egitekoa ez da bukatu haren heriotzarekin eta piztuerarekin, zerura joatearekin. Jesusek gure artean jarraitzen du. Egun batean «etorriko omen den» Jesus hura, egiaz ez da etorriko. Izan ere, Jesus hura, gure artean bizi da, modu ezkutuan bizi bada ere. Egun batean, orain gure artean ezkutuan bi den hura, agerian eta aintzatsu agertuko zaigu. Beraz, ez du etortzen lanik. Gure artean dago, baina ezkutuan. Bitartean, mundu guztian haren berri ona zabalduz jarraitu behar dugu ikasleok; horretarako, Jesusen Espirituaren indarra hartuko dugu. Beraz, batetik, konbertsioa; honek gogoeta egitea esan nahi du, eta pertsona bezala heltzen, garatzen eta egiten joatea. Bestetik, «Aitak agindua duen hura bidaliko dizuet nik», esan digu Jesusek. Espiritu Santua berotzen, ontzen, indartzen, argitzen duen sua bezala da.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: eliztar guztiak bat eginik bizi gaitezen, guztiok bat eginik lan egin dezagun, guztiok Jainkoaren maitasunaren lekuko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari,

2.-Mundu osoaren alde: mundu hau pertsona guztien etxe gozo eta atsegin izan dadin; elkarrekiko errespetuaren, guztien arteko parekotasunaren eta bidezko diren desberdintasunak onartzearen gainean eraikia izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari,

3.-Mundu hau berri egiteko eta kultura hau berri egiteko lanean ari diren erakunde guztien alde: mundu hau eta kultura hau solidaritatean eta errespetuan oinarrituak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari,

5.-Gure kristau-elkarte honen alde: bere jardueran eta lanetan bide apalak eta ebanjelioaren araberakoak erabil ditzan. Eska diezaiogun Jaunari,