Pazkoaldiko 6. igandea 2020-05-17

Homilia

Anai-arrebok, poz handia eman digu, berriro Jaunaren izenean elkarrekin biltzeko aukera honek. Elkartze honek aukera ematen digu: batetik, bizi dugun egoerari, labur-labur bada ere, begiratu sakon bat emateko; bigarren, Jainkoaren Hitzaren argipean egoera horretaz azterketa eta interpretazio labur bat egiteko aukera; hirugarren, beti ere Jesusek gaurko ebanjelioan hitzeman digun Espirituaren argipean, zer egin hausnartzeko aukera.

Horiek horrela, Martxoaren 13an. igandeko mezak alde batera uzteko erabakia hartu genuen Lazkaon. Norbaiti entzun nion esaten, neurri drastikoa zela. Ordutik aurrera, atsekabe, ezinegon, oinaze eta heriotza asko jasan ditugu. Halere, gogoeta sakona egiteko aukera eman digu denboraldi honek: konturatu gara abiadura handian bizi ginela: hilezkortasuna bera ere konkistatzera gindoazen; bat-batean, denek geldialdi bat egin beharra.

Egoera honek, aukera eman digu: kalera irten ahal izatearen balioaz jabetzeko; beste modu batean hasi gara irteten kalera. Beste modu batera ikusten hasi gara zer den lagunekin aurrez aurre hizketa egin ahal izatea. Beste modu batean ikusten hasi gara zer den elkar besarkatzea, batak besteari eskua ematea.

Beste modu batean ikusten hasi gara preso daudenen egoera. Beste modu batean ikusten hasi gara zer den migratzaileen zoria.

Bizi genuen abiadura zorakeria handia dela ikustera iritsi gara. Konturatu gara ohi genuen moduan baino askoz apalagoan bizi gintezkeela. Familia bizitza egoera sakonagoan egin dezakegula.

Ikusi dugu ere, gizakia bihotz-handi eta eskuzabal izan daitekeela, eta, izan ere, askotan izan eta izaten garela bihotz-handi eta eskuzabal. Bere bizia edo osasuna arriskuan ipiniz, gaixoen alde eta gaixoekin kementsu eta bulartsu jokatzen ari den jendeari erreparatu diogu: erizain, sendagile etab.i, eta txaloka agertu diogu geure esker ona.

Ikusi dugu ere, jende asko eta asko izan dela gai erantzukizunez jokatzeko honelako egoera larri batean.

Ikusi dugu ere, gure Lur Planeta bera ere gai dela berez bere burua garbitzeko, bere burua zaborretik liberatzeko, gizakiaren zabarkeriak horretarako astirik ematen dionean.

Honek guztiak, era are sakonagoan, geure barnera begira jartzera eragiten digu. Eta fededun garenez, hor daukagu gaurko ebanjelioa.

Jesusek esan digu ez gaudela bakarrik, gurekin jarraitzen duela berak. Beti-betiko gainera. Mezako misterioak ere argi agertzen digu, fedeak ez digula borroka egin beharra kenduko; Jesusek berak ere borroka latza egin behar izan zuela adierazten digu Mezak. Eta hor dauzkagu Azken Afariko beraren hitzak: egizue hau nire oroigarri. Eta bukatzeko Jesusek hitzeman digu Espiritu Santua bidaliko digula zeruko Aitak. Jesusen hau guztia adierazteko, badugu euskaraz esapide bikain bat: EUTSI GOIARI. EUTSI GOIARI.

DIONISIO AMUNDARAIN