PAZKOALDIKO 6. IGANDEA A 2017-05-21

SARRERA

Senideok, ebanjelioan, Azken Afariko hitzaldia irakurtzen jarraituko dugu. Gaurko zatia joan den igandeko zatiaren jarraipena da. Esaten digu, Jesusek Espiritua emango digula ikasleei, Aitagandik datorren eta Jesusengan den Espiritua.
Espiritu horrek ikusarazten digu Jainkoak maite gaituela. Eta Jainkoaren maitasun horrek Jainkoa maitatzera garamatza. Aldi berean, ordea, esaten digu, maitatzea Jainkoaren aginduak betetzea dela. Eta agindu horien muina maitatzea da. Horixe da, hain zuzen, Jesusen Espiritua zer den laburtzen duena: Jainkoarekin eta gizakiekin dugun harremana da Espiritua, oinarritzat maitasuna duen harremana.
Merezi du azpimarratzea hiru irakurgaiek nola adierazten diguten baikortasun, poz, esperantza hori. Adibidez:
● lehenengo irakurgaian, lehen kristauek bizi zuten poza ageri da, Espirituaren fruitu den poza;
● bigarren irakurgaian, honetaz mintzo da Pedro: biziaz, bakeaz, baretasunaz, pertsekuzio-aldian berean ere;
● ebanjelioan, berriz, Joanek Kontsolatzailea agindu digu, hau da, Babeslea; maitasun-espirituaren indarra aldarrikatzen du.
Senideok, Jainkoak nahi dezala gugan pazko-alaitasun hori nabari dadin.

LEHENENGO IRAKURGAIA Eginak liburutik (1,1,11)

Entzungo dugun testu honek Samaria nola ebanjelizatua izan zen adierazten digu. Juduentzat zismatikoa zen Samariako jendea, hau da, ez zen judua. Jainkoak, ordea, bereizkeriarik ez du egiten, eta haiei ere iritsi zitzaien Jesusen Berri Ona. Felipe, 7 diakonoetako bat, joan zitzaien albiste on hori ematera. Eta apostoluak, jakin zutenean borondate onez entzun zutela Feliperen albistea, Sendotza ematera joan ziren. Sendotza, lehen kristauentzat Mendekoste errepikatzea zen, eta eginkizun hau ematen zion Sendotza hartzen zuenari: berak hartu zuen Jesusen Espirituaren berri, ondoren beste batzuei ematea.
Senideok, hemen garenok bataiatuak gara. Sendotza ere hartuak gara. Saia gaitezen hartu dugun Espirituaren arabera bizitzen, azaltzen.

BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehen gutunetik (3,15-18)

Gaur bukatuko dugu Pedroren katekesia irakurtzea. Gaurko gai nagusia sufrimena du autoreak. Kontuan izan dezagun pertsekuziopean bizi ziren kristauei hitz egin ziela. Eta gaur guri.
Gure sufrimena Kristoren sufrimenarekin konparatzen du. Kristo bere sufrimenduaz, alde batetik, salbatzailea izan da, askatzailea; bestetik, gure eredua da.
Guri ere, beraz, Kristo izan den bezala, salbatzaile eta askatzaile izatea dagokigu; bestetik, beste batzuentzat, Kristo bezala, eredu izatea. Jesusek, bere sufrimenean, ez du agertu sekula mendeku-nahirik; alderantziz: beti jendea salbatzea izan du gogoan, baita bere pertsegitzaileak ere.
Eska diezaiogun Jesusen Espirituari, bete gaitzala Jesusen jarrera horretaz.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (14,15-21)

Jesusen agur-hitzaldiarekin jarraitzen dugu. Berehala doa Jesus, baina ikasleei agintzen die itzuliko dela.
Egiaren Espirituaz mintzo zaigu. Paraklitoa da Espiritu hori; hau da, bidelaguna, eusten diguna, aholkatzen diguna, erregutzen duena, bihotz-berritzen gaituena, Kontsolatzailea, Babeslea.
Paraklitoa edo Defendatzailea geurekin izanik, ezin sentitu gara bakarrik. Eliza Espiritu Santuaz bizi da, askotan hori ikusten ez badugu ere.
Joanen ebanjelioan, benetako ikasle izateak Kristo maitatzea esan nahi du eta haren aginduak betetzea.
Azkenik, Jesusekin eta Aitarekin dugun batasun handiaz hitz egiten digu Joanek: «ni Aitarekin nago, zuek nirekin eta ni zuekin». Horixe bera adierazten digu Joanek beste batean irakurriko dugun alegoriarekin: ni mahatsondoa naiz, zuek aihenak.
Senideok, hau poza gurea Kristorekin bat garela sentitzean!

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduko kristau guztien alde: gai izan gaitezen geure poza eta alaitasuna harremanak ditugun guztiei agertzeko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Arabiar herrien alde: aspaldi samarretik bizi duten zuzentasun-sualdian, egiazko gizarteak eratzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Modu batean edo bestean sufritzen ari diren guztien alde: Kristo imitatzen saia daitezen; alde batetik, salbatzaile eta askatzaile izan daitezen, eta, bestetik, eredu. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Eukaristia honetan bildu garenontzat: guretzat gozagarri eta pozgarri izan dadin, eta gozamen hori geure eguneroko bizitzara luzatu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.