BAZKOKO SEIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Ebanjelioa Zamarian gaindi predikatua )

Apostoluen Egintzetarik 8,5-8.14-17

5 Filipe, Zazpietarik bat, Zamariako hiri baterat jautsi zen,
eta han Kristoren berri ona oihukatzen zuen.
6 Jendea, gogoz bat, dena beharri zagon Filipen erraneri,
denek entzuna baitzuten haren mirakuiluen berri,
bai eta berek ere ikusten.
7 Ezen debrudun askorenganik
Izpiritu gaixtoak ateratzen ziren deiadarka.
Parlesiatu eta maingu ainitz sendatuak izan ziren.
8 Eta bozkario handia izan zen hiri hartan.
14 Jerusalemen ziren Apostoluek jakin zutenean
Zamariak Jainkoaren hitza onartu zuela,
Petri eta Joani igorri zituzten heienganat.
15 Harat heldu-eta, Zamariarrentzat otoitz egin zuten,
Izpiritu Saindua ukan zezaten.
16 Alabainan, Izpiritua ez zen oraino
heietarik nehoren gainerat jautsia:
Jesus Jaunaren izenean bataiatuak ziren bakarrik.
17 Orduan, Petrik eta Joanik eskuak gainean ezarri ziozkaten,
eta Izpiritu Saindua ukan zuten.

Igandez igande Apostoluen Egintzak dira irakurtzen, bainan, asti eskasez, ez da dena
irakurtzen, zati batzuk bakarrik. Joanden igandean, zazpi gizon nola izendatuak izan ziren
Jerusalemeko alarguntseri laguntza ekartzeko, ikusi ginuen. Egun, Zamarian gira, Filipe-kin, hau
zazpietarik bat. Anartean, zer gertatu ote da? Egungo irakurgaiak erraiten ez duena, alaitasunaren
ondotik gauzak arras mindu direla : Extebe hil dute. « Egun hartan, pertsekuzione gogorra hasi zen
Jerusalemgo eliz elkartearen kontra. Apostoluak salbu, beste guziak Judean eta Samarian barna
barreiatu ziren …Barreiatu zirenak herriz herri joan ziren, berriona mezutuz. » (Eg 8, 1-4)
Exteberen hiltzeak ez ditu kontrakoak eztitu, ez eta girixtino berrien karra suntsitu.
Erraiten ahal da eraso horrengatik, Samariako eta Judeako bertze herrieri Berri Ona hedatu izan
dela. Hau da ohargarri : erasoak eta taldeen barreiatzeak du ebanjelioa Jerusalemetik kanporat
ereman.
Gamalielek arrazoin zuen. San Lukek farisau hori aipatzen du Apostoluen Egintzetan.
Apostoluetaz zion: « Horien asmoa eta egintza jendeenganik badira, suntsituko dira;
Jainkoarenganik badira berriz, ez dituzue suntsitzen ahalko. » (Eg 5,38-39)
Horra nola Filipe Zamariarat joan den, eta gordetzeko orde, predikatzen hasten den.
Ohartzen gira bere lehenbiziko lana -alarguntsen laguntzea eta bertzeen zerbitzatzea- baino aise
gehiago egiten duela predikatuz. Segur, beharrak du eginbidea emaiten. Bizkitartean, lana eman
diotenekin Filipek lokarriak atxikitzen ditu. Jerusalemgo taldeak Petri eta Joani igortzen diozkate,
egiten duenari sendotasuna emaiteko. Filipe predikari bilakatu da beraz. San Lukek dio: « Kristoren
berri ona oihukatzen zuen », erran nahi baita, Kristo piztu zelako berria zabaltzen zuela eta Jesus
zela denek igurikatzen zuten Mesias. Prediku guzien muina Kristoren piztearen lekukotasuna da.
Mezu hori ote da egun munduari agertzen ?
Hastapenetako Elizaren berezitasun bat, San Luken arabera, bozkarioa da. Apostoluen
Egintzetan, behin baino gehiagotan erraiten du. Eraso guzien erdian, zoriontsu agertzen dira
Apostoluak. Zafratuak direlarik, alai agertzen dira gai aurkituak baitira Kristok bezala laidoak
jasaiteko; Etiopiako erreginaren zerbitzaria bataiatua delarik, Gazako bidean, Filipe zoriontsu da;
Barnabe Antiokiarat etorri delarik, bozkariotan da; Jondoni Paulok erraiten du Izpiritu Sainduaren
lehen fruitua zoriona dela.
Amodioaren gainean jujatuak izanen gira; menturaz, zorionaren gainean ere.

Salmoa 65

Leloa: Kanta Jaunari, lur guzia
Kanta Jaunaren izenari!

Kanta Jaunari, lur guzia, Kanta Jaunaren izenari.
Bihur Jaunari zor loria: Zoin zaren, Jauna, miresgarri.
Lurrean daude kantuz denak, Hain zare, Jauna, goresgarri.
Zatozte beha, izan beldur: Egintzak Jaunak gaitzak ditu.
Hak itsasoa egin du lur, Hor denak oinez joan baititu.
Hari eskerrak, hari kantu: Betiereko indarra du.
Jainkozaleak etor, entzun, Nere arimak zer zor dion.
Esker kantuak Jainkoari: Gogotik bainau ni entzuna.

Lelo hauetan Jainkoaren egintzak dira goretsiak, eta beharbada hitz bat harrigarri zauku:
« izan beldur». Bainan Jainkoak beldurra sartzen balauku, ez litake Jainko ona eta amodiozkoa.
Egia erran, Biblian, erregeari zor zaion goresmena ospatzeko holako hitzak erabiltzen ziren, erreinu
lorios bat desiratzeko. Hitz hau Jainkoarentzat erabiltzea, Jainkoa errege dela aitortzea da. Berdin da
erraitea : « Bihur Jaunari zor loria: zoin zaren Jauna miresgarri » eta « Gorets zuen Jainkoa errege
bezala, zuen errege baita. »
Jainkoaren erregetza kreaturetan egiazkoa izanik ere, ez dute kreatura guziek ezagutzen.
Salmo hunek mundu osoa gomitatzen du Jainkoaren ospatzerat : « Kanta Jaunari lur guzia, kanta
Jaunaren izenari, bihur Jaunari zor loria: zoin zaren, Jauna, miresgarri. » Izraelen otoitza mundu
osorat zabaltzen dela, ez dugu lehen aldikotz ikusten. Munduarentzat duela bere misio edo bere
kargua, populu hautetsiak ongi daki; ongi daki ere misio hori bururatuko dela munduko jende
guziak Jainkoaren zorionean sartzeko elkartasuna egin ondoan. Izaik aipatzen zuen elkartasuna eta
salmo hunek hori du aitortzen kantatuz: « Lurrean daude kantuz denak, Hain zare Jauna
goresgarri. » Zoritxarrez aurrikuspen bat da bakarrik, bainan bere indar guziaz geroa desiratzea,
lehiatzea da, zeren etorkizuna gure nahikundearen indarraren araberakoa baita: gauzatzeko behar
diren bideak hartzen baditugu. Gure indar guziez bakea ez badugu desiratzen, ez da sorginkeriaz ez
eta mirakuiluz eginen.
Bakotxak berak egiten duen esperientziari emaiten dio lehentasuna gure gizarteak. Guretzat,
bakotxarena da lehen. Biblian, bertzela da: elkarrekilakoa da lehen. Judu haurrak, gazte gaztetik,
bere populuaren oroimenean parte hartzen du. Eguneko otoitzak, sabat, bestak, beilak, bere
inguruan ikusten ditu haur juduak eta polliki polliki kutsatzen bezala da. Hainbertzetan entzuten
ditu jende helduak Jainkoaren laudorioak kantatzen eta Haren egintzak ospatzen! Jartzen da, eta
ondotik bere gain hartuko ditu ttikitan entzunak eta eginak. Zer karrarekin burasoek errepikatzen
zuten « Esker kantuak Jainkoari: gogotik bainau ni entzuna »; haren aitzinean Jainkoaren egintzak
eta balentriak errepikatuak dira hala nola Egiptotik nola atera zituen haren arbasoak.
Jende helduen egunak -goizeko otoitzetik arratseko otoitzeraino, apairu eta egun guzietako
egintzetan- Jainkoak bere populua nola libratu zuen errepikatzen du. Bere familian sartzean, – haur
judua populuaren oroitzapenean sartzen da. Ongi ikusten da nola familiako bizi sendo bat bai eta
populuaren nortasun azkar bat galdetzen duen horrek.
Hemengo girixtino gazte ainitz elkarrekilako oroimenik gabe dira. Deus ez dakitela, erraiten
dugun bezala, ez gaitezen harritu, zeren elkarrekilako oroimen hori ez da eskoletan ikasten den
kultura. Oroimen hori elkarrekilako biziak emaiten duen kultura da, erritoen errepikatzeak ekartzen
duen ohidura, « bakotxak berea » egiteko orde.
Nahi badugu fede eta kultura gazteeri utzi, badakigu zer egin: egun guzietako familiako
bizia eta bertzeekin ditugun lokarriak fedezko oroimen hortaz hazi.

Bigarren irakurgaia

( Gure esperantzaren lekuko gizonen artean )

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 3,15-18

Haurrideak,
15 Kristo Jauna behar duzue aitortu zuen bihotzetan
saindu bakarra dela.
Eta beti prest egon, zuen baitan den esperantzaren arrazoina
galdatzen dautzueteneri ihardesteko,
16 bainan eztiki eta errespetuz.
Atxik kontzientzia garbi:
hola, Kristo baitan duzuen bizimolde onaz
gaizki erranka ari direnak beren hitz gaixtoez ahalgetuko dira.
17 Hobe da, alabainan, ongia egiteagatik sofritzea,
Jainkoak hala nahi badu, gaizkia egiteagatik sofritzea baino.
18 Kristo bera ere bekatuengatik hil zen, behin betiko,
hobengabea hobendunengatik,
zuek Jainkoarenganat eremaiteko.
Bere gorputzean hil zuten,
izpirituan, bizirat itzuli zen.

Lerro hauen bilduma egin behar baginu, erran ginezake: zueri da orain Kristo bezala
bizitzea. Salaketak, gezurrak, mehatxuak ezagutu ditu, bainan ez da bere bidetik urrundu; zuek ere
zuen kontrakoeri ihardesteko gai izan behar duzue.
Petriren solaskideak ez ezagutzeagatik, irakurgai hunek erakusten dauku paganoek zernahi
laido eta trufa egiten zietela girixtinoeri. Ez zuten eraso argi eta garbirik, bainan etsaigo gorde bat.
Paganoen ohidura edo egiteko molde bat errefusatzen bazuten, jainkoeri opariak egitea, adibidez,
garbiki erran behar zuten: « Kristo Jauna behar duzue aitortu zuen bihotzetan saindu bakarra dela.
» Zortzi ehun urte lehenago, Izaik ez zuen bertzerik erraiten fede gabeko Akaz erregeari: « Jainko
Jauna da saindu, Hari beldur eta errespetu », eta ez bertze bateri. Orai ere, guretzat, ohar hori egia
da: girixtinoek ez dute nehoren beldurrik; beren fede eta konfiantxa Jainkoa baitan mugiezina baita.
Hortarako lehen urratsa : Otoitzean zer gertatzen da gure baitan ? « Kristo Jauna behar
duzue aitortu zuen bihotzetan saindu bakarra dela.» Bigarren urratsa: gure baitan den esperantza
aitortzea, zabaltzea. «Eta beti prest egon, zuen baitan den esperantzaren arrazoina galdatzen
dautzueteneri ihardesteko.» Lerro huntan, gehienetan, lehen partea dugu gogoan atxikitzen. Petrik
galdegiten dauku “ihardestea”. Galdeak etorriko dira, gure bizi osoa esperantzaren lekuko bada: eta
orduan ikusten gaituztenek galdatuko dute nundik heldu den gure esperantza. Ez gintezke izan
Kristoren lekuko esperientzia bizi aitzin.
Jesusen errana hemen argi liteke: « Halaber zuen argiak denen aitzinean argi beza, zuen
egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.» Paulo Seigarrenak ez du bertzerik erraiten: «
Gure mendekideek lekukoak behar dituzte, ez jaun erakasleak…erakasleak entzuten dituzte lekukoak
direnean. »
Zoin esperantzari buruz doatzi girixtinoak? Gaizkiari nagusitzeari. Bere apostolueri Jesusek
erran hitza, Petrik hemen idazten du: « Atxik konfiantxa. Mundua garaitu dut. » Gure gizarteak
igurikatzen duen lekukotasuna: gaizkia ez dela ezinbestekoa; gaizkia, herra, bortizkeria ez direla
betikoak.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Izpiritu Saindua baitan egin aitormen
Jesus Jainkoaren Semea dela, Izpiritua egia baita.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 14, 15-21

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean
Jesusek bere dizipulueri erran zioten:
15 “ Maite banauzue, nere manamenduak begiratuko ditutzue.
16 Nik Aita otoiztuko dut,
eta beste Laguntzaile bat emanen dautzue,
betiko zuekin izanen dena:
17 Egiaren Izpiritua.
Munduak ezin du hartu, ez baitu ikusten, ez ezagutzen;
bainan zuek ezagutzen duzue,
zuen ondoan baitago eta zuen baitan izanen.
18 Ez zaituztet umezurtz utziko: berriz etorriko nitzaizue.
19 Laster munduak ez nau gehiago ikusiko,
zuek ordea ikusiko nauzue bizirik,
eta zuek ere biziko zirezte.
20 Egun hartan, konprenituko duzue nere Aitaren baitan nagola,
zuek nere baitan, eta ni zuen baitan.
21 Nere manamenduak onartu eta begiratzen dituenak,
harek nau maite.
Ni maite nauena nere Aitak maitatuko du
eta nik ere maitatuko dut, eta agertuko nitzaio.

Lerro hauetan, Jesusen helburua da heldu diren gertakarieri buru egiteko bere apostoluak
azkartzea, bera bizirik itzuli artean. « Egun hartan », ezagutuko dute, egiaz ezagutuko eta haren
egintzak, haren mezua konprenituko; egun hartan denak argituko dira.
Lehenik, bera Jainko dela. Judu kartsuek bezala, apostoluek egunero otoizten zuten : «
ENTZUN IZRAEL: Jauna gure Jainkoa, Jaun bakarra da! Maita zazu Jauna zure Jainkoa bihotz
guziaz, gogo guziaz eta indar guziaz » (Dt 6, 4-5). Elkargoan errana zen: Jainko bakarraren baitako
fedea, manamenduen amodioa eta hari obeditzea. Horiek oro, Jesusek bere gain hartzen ditu. «
Maita nezazue, nere manamenduak begira » dio Jesusek, edo bertzela erraiteko: « ni naiz Jauna »,
bainan denbora berean, baieztatzen du: «Nik Aitarekin bat egiten dut, eta Aitak nerekin »,
konpreniarazteko Jainkoa bat dela.
Ondotik, Izpirituaren etortzea. Ezekielen erranak apostoluek ezagutzen zituzten: « Bihotz
berria emanen dautzuet eta izpiritu berria ezarriko zuen baitan: harrizko bihotza kenduko dauzuet
eta haragizkoa emanen. Neure izpiritua ezarriko dut zuen baitan, nere legeen arabera joka
dezazuen eta nere manamenduak bete ditzazuen » (Ez 36,26) bai eta Ezekielen bertze erran hau: «
Ez nitzaiote gehiago bizkarrez itzuliko, neure izpiritua ixuriko baitut Israel herriaren gainerat. »
(Ez 39,29). Ondoko profetak urrunago doatzi beren erranetan, hala nola Zakarias: « Dabiden
etxearen gainerat eta Jerusalemgo bizilagunen gainerat bihotz-damua eta otoitz-izpiritua ixuriko
ditut.» (Za 12,10). Joelekin Izpirituaren dohainaren agintza ez da bakarrik profeta, errege edo
populu hautetsiarentzat bainan denentzat: « Nere izpiritua ixuriko diot jende orori. » (Jl 3,1) Jesusen
errana apostolueri: «Egiaren Izpiritua, zuen ondoan dago eta zuen baitan izanen.»
Testamendu Zaharreko fededun guzien lehia zen Jauna heien erdian egon zadin. Elkargo
berriaren aroan Jainkoa ez daiteke tenplo batean egon, bainan populuaren bihotzean, bakotxaren
bihotzean.
Esperantza hori, Apostoluek bere baitan zuten: egiazki, Testamendu Zaharrak aipatu
Elkargoa denentzat zen. Ikusmolde hortan du Jesusek Eukaristia abiatzen: « Hau nere odola da,
Jainkoarekilako elkargoa berritzen duena, guzientzat ixuria.»
Munduaren salbatzea, Jainkoaren asmo haundiena da: « Zeren Jainkoak ez baitu Semea
mundurat igorri munduaren kondenatzeko, haren bidez munduaren salbatzeko bai. » (Jo 3,17)
Jesusek nahi ditu bere apostoluak azkartu, maitasuna nagusi dadin eta munduaren izpiritua
amodiozko izpiriturat bihur dadin, denek sinets dezaten. Berri Ona batetik bertzerat zabal dezatela.
Eta hori egiteko ez dira bakarrik; Jesusek erraiten diote: « Ez zaituztet umexurtx utziko: berriz
etorriko nitzaizue. Laster munduak ez nau gehiago ikusiko, zuek ordea ikusiko nauzue bizirik eta
zuek ere biziko zirezte. » Eta ongi dakigu Jesusen hiztegian, bizia maitasuna dela.