EZ GALDU NORTASUNA
Pazkoaldiko 5. igandea C. 2016-04-24

Ikasleei agur esaten ari da Jesus. Gutxi barru ez dute izango beren artean. Samurtasun bereziz mintzo zaie Jesus: «Seme-alabatxoak, denbora gutxi gelditzen zait zuen artean egoteko». Txikia da elkartea eta hauskorra. Jaioberria da. Haur txiki bezalako dira ikasleak. Zer izango da haietaz Maisurik gabe gelditzen badira?

Erregalu bat egin die Jesusek: «Agindu berri bat damaizuet: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek agertu dien maitasunez elkar maite badute, hura beren artean bizirik dutela sentituz bizi dira. Jesusengandik hartu duten maitasuna zabalduz joanen da jarraitzaileen artean.

Horregatik, Jesusek gehitu du: «Zuek elkar maite izatea izanen da nire ikasle zareten seinalea, guztientzat». Kristau izeneko elkarte bat egiaz Jesusena dela agertuko duena, ez da izanen dotrina bat aitortzea, ezta erritu batzuk betetzea ere, ezta araubide bat jarraitzea, baizik Jesusen espirituaren arabera bizi izandako maitasuna. Maitasun hori izanen du bere nortasun-agiria.

«Trukearen kultura» nagusituz joan zaion gizartean bizi gara. Gaurko jendeak gauzak, zerbitzuak, laguntzak trukatzen ditu. Sarritan, gainera, sentimenduak, gorputzak eta adiskidetasuna bera trukatzen dira. Eric Frommek esana da: «maitasuna fenomeno marjinala da egungo gizartean». Salbuespen da maitatzeko gai den jendea.

Segur aski, analisi ezkorregia da hori; baina, nolanahi ere, gaur egun kristau-maitasuna bizi ahal izateko, egungo gizartea inguratzen duen ingurumenari aurre egin beharra dugu. Ezinezkoa da Jesusek arnasturiko maitasuna bizitzea, gure artean sarritan gailurra jo duen harreman eta truke interesatuen moldeari aurpegi eman gabe.

Eliza egungo gizartean «urtuz» badoa, ez da soilik erakunde erlijiosoen krisi sakonagatik. Kristautasunaren kasuan bada beste arrazoi bat ere: gure elkarteetan askotan ezin ikusi ahal izatea Jesusek maite zuen bezala maitatzeko gai diren ikasleak. Kristau-ezaugarria falta zaigu.

Kristauek asko hitz egin izan dugu maitasunaz. Halaz guztiz, ez dugu asmatu beti edo ez gara ausartu hura edukiaz janzten, Jesusen espirituaren eta jarrera zehatzen araberako edukiaz. Ikastea falta zaigu ezen Jesusek maitasuna portaera eraginkor eta sortzaile bezala bizi izan zuela, ezen zerbitzari izatera eta gizakia desgizatartzen duen eta sufriarazten dion guztiaren kontra borroka egitera eragiten zion portaera bezala bizi izan zuela.

Jose Antonio Pagola