Pazkoaldiko 5. igandea B (2015-05-03)
Nekazaria, mahatsondo eta aihenak

Anekdota bat eta aholku bat

Duela uste batzuk, adiskide batek gaurkoa bezalako igande batean Malagako La Axarquían predikatu behar izan zuen. Gizonezkoek egunero tabernara joateko ohitura zuten han, kopa bat ardo hartzera. Leku aproposa mahatsondoaz eta aihenez hitz egiteko. Alabaina, meza bukatzean, galdetu zioten jakin-minez: «Aizu, zer da mahatsondoa?» Herri hartan mahatsondoari, «vid» ez, baizik «cepa» deitzen diote. Ez zuten ezer ere ulertu.
Antzeko zenbait gertatu zitzaidan neuri, Erdialdeko Amerikan, bibli hitzaldiak lehen aldiz eman nituenean. Jendeak ez zuen ikusi sekula, ez mahatsondo bat, ez olibondo bat. Zoritxarrez, Jesusek ez zuen kontatu sekula parabolarik kafe-biltzaileaz.
Igande honetan homilia egin behar duenak lehenik eta behin hau izan behar du gogoan: entzuleek ulertuko ote duten nekazaritzako eta Mediterraneo inguruko kulturan ondua den parabola. Gure egunotan, Jesusek beste parabola bat, itxuraz oso desberdina, kontatu izango zuen, edukiz gauza bera esan arren. Parabola bat, zeinetan Aita informatikari bat izango baitzen, Jesus argi-indarra eta gu ordenagailuak, ezin ibili direnak argindarrari itsatsiak ez badira. Ondo ibiltzen direnak berak ere, Aitak sakon garbitzen ditu, hobeto ibil daitezen. Alabaina, egokitzapen honek, poetikotasun eskasagoa izateaz gain, errore bera du berekin: kultura teknologikoan bizi ez denak ez du ulertuko; gainera, urte batzuk barru, ordenagailuek argindarrari itsatsiak egon beharrik izango ez dutenean, zentzurik gabe geldituko litzateke parabola. Hobe, beraz, jatorrizko irudiarekin jarraitu.

Nekazaria, mahatsondoa eta aihenak

Pasarte honi «mahatsondoaren eta aihenen» parabola esan ohi zaio. Izenburu okerra; izan ere, ez du kontuan hartzen protagonista nagusia: nekazaria; hau da fruiturik ematen ez duten aihenak kimatu eta botatzen dituena, mahatsondo zaharra ateratzen duena. Eta, parabola baino gehiago, fabula edo ipuin bat da, non hitz egin eta jardun dezaketen animaliak eta landareak izaten baitira protagonista. Gaurko kasuan, bigarren mailako protagonistek ez dute hitz egiten, baina jardun bai. Batzuek mahatsondoari itsatsirik jarraitzea erabaki, eta fruitua eman dute. Beste batzuek bereiztea erabaki dute, mahatsondotik apartatzea, eta ezin izan dute fruiturik eman. (Mugitzen diren adarren irudi honek, kasu honetan, enborretik urrunduz, Yotan-en fabula (Epaileak 9,8) dakarkigu burura; honela hasten da: «Arbolak abian jarri ziren errege bat aukeratzeko»).
Ohiko izenburuak mahatsondoaren garrantzia azpimarratzen du. Eta arrazoia du hein batean: hari itsatsirik edo itsatsi gabe egotearen baitan dago aihenen geroa. Baina mahatsondoak ez du ezer egiten. Soil-soilik, hor dagoela. Ekintza guztiak nekazariak egiten ditu edota aihenek. Ikuspuntu kuriosa; kristauen bizitzan Jainko Aitak duen garrantzia hausnartzera behartzen gaitu, baita Jesusen zeregin funtsezkoa ere, batzuetan gure bizitzan ez duela ezer egiten uste izaten badugu ere.

Lehen irakurgaia: Jainkoa kimatzen

Nekazariak egiten dituen ekintzetako bat nabarmendu du fabulak: «fruitua ematen duena garbitu eta kimatu egiten du, fruitu gehiago eman dezan». Kimatzeak moztea esan nahi du, arbola zauritzea, bere denbora eta lana kostatu zaion zerbait kentzea. Baina sanoago eta indartsuago egon dadin egin dio hori nekazariak. Ebanjelioko hitz hauek oso egoki datozkio lehen irakurgaiak Pauloz kontatzen duenari. Konbertitu ondoren, espero zezakeen Paulok harrera ona egingo ziotela Jerusalemen. Baina oso kontrako zerbait gertatu zen: ez dira fidatu Pauloz, baztertu-edo egin dute, harik eta Bernabek apostoluengana aurkeztu duen arte. Predikatzen hasi denean, greko-hizkuntzako juduek garbitu egin nahi izan dute eta Tartsora ihes egin beharrean gertatu da. Egia esateko, Pauloren bizitza guztia izan da kimatze handi bat, pertsekuzioz eta sufrimenduz betetako bizitza bat. Baina, hain juxtu, haien bitartez bihurtu zen apostoluetan handiena. Fruitu ugari eman zuen. Irakaspen bikaina, bizitza arrosa huts izatea nahi genukeenontzat, inongo zailtasunik gabea.

Bigarren irakurgaia: nola iraun mahatsondoari itsatsirik

Aihenek mahatsondoari itsatsirik egon beharra dutela azpimarratu du ebanjelioak. Itsaspen horri nola eutsi adierazten digu bigarren irakurgaiak. «Haren aginduak gordetzen dituenak Jainkoagan irauten du, eta Jainkoak harengan». «Eta hau da haren agindua: sinets dezagula haren Semearen, Jesu Kristoren izenean, eta maita dezagula elkar, agindu zigun bezala». Jesusengan sinetsi eta elkar maitatzea: horra kristau bezala lortzen ahal dugun arrakastaren berme bakarra.

José Luis Sicre