SINETSI (Joan 15,1-8)
Pazkoaldiko 5. igandea B (2018-04-29)

Fedea ez da bihotz-zirrara edo emozio bat. Dudarik gabe, sinestedunak sentitzen du bere fedea, esperimentatzen du eta gozatzen du hartaz, baina oker handia izango litzateke hura «sentimentalismo» batera mugatzea. Fedea ez da sentimenduen baitan dagoen zerbait: «Jada ez dut ezer sentitzen; fedea galtzen ari naiz nonbait». Fededun izatea, jarrera erantzukizunezkoa eta arrazoitua izatea da.

Fedea ez da iritzi pertsonal bat ere. Fededuna pertsona bezala konprometitzen da Jainkoagan sinestera; halere, fedea ezin mugatu da «subjektibismo huts» batera: «Neure ideiak ditut nik eta iruditzen zaidana sinesten dut». Jainkoaren errealitatea ez da nire baitan legokeen zerbait; fedea ez da ere norberak sortutako zerbait. Jainkoak gugan burututako egintzatik, esku hartzetik, dator.

Fedea ez da ohitura bat edota gurasoengandik jasotako tradizio bat ere. Gauza ona da familia fededun batean jaio izana eta txikitatik bizitzaren kristau-norabidea jaso izana; baina oso gauza pobrea izango litzateke fedea «ohitura erlijioso» batera mugatzea: «Nire familian beti oso Elizako izan gara». Norberaren erabaki pertsonala da fedea.

Fedea ez da errezeta moral bat ere. Jainkoagan sinesteak bere eskakizunak ditu, baina errakuntza izango litzateke den-dena «moralismo» bihurtzea: «Denak errespetatzen ditut nik eta ez diot inori gaitzik egiten». Fedea, gainera, Jainkoa maitatzea da, konpromisoa mundu gizatarrago baten alde, betiko biziaren esperantza, eskerrona, ospatzea.

Fedea ez da «lasaigarri» bat ere. Jainkoagan sinestea, dudarik gabe, bake-iturri da, kontsolamendu eta baretasun, baina fedea ez da «helduleku» soil bat une kritikoetarako: «Nik, estu gertatzen naizenean, Andre Mariagana jotzen dut». Sinestea estimulurik hobena da borrokarako, lanerako eta era duin eta erantzukizunezkoz bizitzeko.

Kristau-fedea, Jesusekin topo egitean hasten da gugan esnatzen. Kristaua, Kristorekin topo egin duen pertsona da, eta harengan joaten da aurkitzen Maitasun den Jainkoa, egunetik egunera bizikiago erakartzen duena. Oso egoki dio Joanek: «Guk ezagutu dugu Jainkoak digun maitasuna eta harengan sinetsi dugu. Jainkoa Maitasun da» (1 Joan 4,16).

Fede honek hazi eta fruitua eman, egunez egun Kristogan irauten dugunean ematen du, hau da, haren Espirituak eta haren Hitzak eraginik eta sostengaturik: «Nirekin bat irauten duenak, ni berarekin nagoen bezala, fruitu asko ematen du, ni gabe ezin baituzue ezer egin».

Jose Antonio Pagola