Pazkoaldiko 5. igandea A
KOINONIA 2014-05-18

Joanen ebanjelioak jaioberri den kristau-elkarteak bizi duen egoera kritikoa islatzen du, garatzen ari den ingurugiro etsai eta arriskutsuak eragindako egoera. Jesus, zimentarria ez ezik, bidea, egia eta bizia da. Ikasleak nahasturik-edo daude Jesusen Hitzekin. Gaurko pasartearen aurreko txataletan Jesusek bi hauek iragarri ditu: Judasen saldukeria eta Pedroren ukoa. Pasadizo honek, beraz, ikasleen krisi-egoera islatzen du, ez baitute ulertzen Jesusen bide hori zer den. Jesusen hitzek esperantzan zimendatu nahi ditu, beren larrian sendotu, biziaren ustea itzuli nahi die.

Bidea da Jesus, hau da, egitasmo, bizi-horizonte jende askorentzat. Beraren heriotza zentzuz blai dago, hartan Jainkoak Gizadiari dion maitasuna ageri baita, eta bizitzeko arrazoia itzultzen dio, nahasmendu eta etsipen aldian.

Egia da Jesus: gezurra, engainua, ustelkeria nagusituz doaz pertsonaren bihotzaz. Jesusek iragarritako Hitza, berak testigantza egin dion hura, Jesus bera azken batean, Aitaren Hitza da, eta egiaren irizpide bihurtu da, gardentasun, argia itzultzen duelarik.

Bizia da Jesus: izua eragiten duten heriotzaren indarren aurrez aurre, Jesusek biziaren zentzua ematen du, biziaren Jaun bezala agertu da eta heriotzaren garaipen bezala. Jesusengan den-denak jokatzen du bizi-egitasmoaren, egia-egitasmoaren, maitasun-egitasmoaren alde, gizadia liberatzeko nahas-mahasetik, zuzengabekeriatik, ustelkeriatik, zokoratzetik, gaiztakeriatik.

Jesusengan sinesten duenak Aitagan sinesten du, eta Berpiztuaren gardentasun izango da. Hondo-hondoan, horixe da kristau izatea: bete-betean Jainkoaren seme-alaba izatean datzana. Baina Jesusen proposamena ez da arazo indibidual, barnekoi, espiritualista hutsa.

Hari jarraitzearen egitasmoa eskari zorrotza da eta errotikoa. Elkarteari itsatsitako kristauak ere bide, egia eta bizi izan behar du. Ordezko biziera izatera deituak gaude, (beste erlijio batzuetako beste pertsona eta elkarte batzuek inspiratutako) beste ordezko biziera batzuekin batean, norabidea galdua duen mundu honetan, sarritan biziari zentzurik aurkitzen ez dion honetan. Biziaren zerbitzari gara, «Jainkoaren bide askotan» agertzen den jakinduriari ihes eginik, giza egoismoak eragiten duen heriotza-ingurugiro honetan. Hainbat bidetan nabari den jakinduria horri ezikusia egiteak bere eragina du zuzengabekeria sozial eta gerla-giro hazkor eta ugalkorretan; beren burua zuritzeko askatasunaren eta segurtasunaren defentsa edota demokraziaren edo «merkataritza-askatasunaren» ezarpena aldarrikatzen dituzte, baina hondoan potentzia tzarren probetxu ekonomiko eta hegemonikoak ezkutatzen dituztelarik, eta herri pobreei gosea eta miseria ezartzen.

Gure misioa, beraz, kristau bezala, beste pertsona eta elkarte sinestedunekin, beste erlijio batzuk bizi dituztenekin elkartzea da, eta ordezko biziera izatea, erresistentzia eta guztientzat esperantza izatea.

Bizi duguna bezalako aro batean, zeinetan paradigma berri batean sartu baikara, paradigma pluralista batean alegia, arduraz irakurri eta aldarrikatu behar dugu Pedroren esapidea, «arraza hautatua» delakoa; baita Joanen esapidea ere, berak Jesusen ahoan ipini duena: «Ni naiz Bidea»… Azken hau, batez ere, hizkuntza konfesional bati dagokiona da, maitasun eta fede-hizkuntza, kultuari dagokiona, eta testuinguru horretan hartu behar da. Ez da ahaztu behar, beste zentzu batean, asko direla Jainkoaren bideak, «beraren bideak», «gure bide» ez direnak, eta edozein unetan gerta dakigukeela harrigarri jende asko «Jainkoaren bide berriak» begi-bistan ipiniz.