EZ ZAITEZTE GELDITU JESUS GABE Joan 14,1-12
Pazkoaldiko 5. igandea A 2020-05-10

Azken afari bukaeran, bereei agur egiten hasi da Jesus: jada ez da luze egongo beraiekin. Ikasleak uste galdurik geratu dira eta harriturik. Garbi hitz egin ez badie ere, guztiek sumatu dute herioak eramango duela Jesus laster beren artetik. Zer atarramendu orduan beraiek?

Lur jota dakuski Jesusek. Beraiek fedean sendotzeko garaia du, Jainkoagan beste era batean sinesten irakatsiz: «Ez dadila dardaratu zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Jainkoagan konfiantza izaten jarraitu behar dute, baina beragan ere izan behar dute aurrerantzean konfiantzarik, hauxe baitute Jainkoaren sinesteko biderik hobena.

Jesusek, ondoren, beste hodeiertz bat agertu die. Beraren heriotzak ez die eragin behar beren fedea galtzera. Izatez, uzten baditu, Aitaren misteriorantz jo dezaten da. Halere, ez ditu ahazturik utziko. Gogoan izango ditu aurrerantzean ere. Leku bat prestatuko die Aitaren etxean, eta egun batean itzuliko da guztiak berekin eramateko. Azkenean berriro elkarrekin biziko dira, betiko!

Ikasleei nekoso gertatu zaie halako gauza handios batean sinestea. Bihotzean mila duda eta galdera-mota sortu zaie. Antzeko zerbait gertatu ohi zaigu geuri ere: ez ote da hau guztia amets zoragarri huts bat? Ez ote da ustekeria engainagarri bat? Nork bermatzen ahal digu horrelako zoria? Tomasek, betiko bere sen errealistaz, galdera bat egin dio: nola ezagutu genezake Jainkoaren misteriora daraman bidea?

Jesusen erantzuna ustekabeko erronka da: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Ez da ezagutzen erlijioen historian horrelako baieztapen ausartik. Jainko Aitaren misteriora sartzeko egin dezagun bide bezala eskaini zaigu Jesus. Berak argitzen ahal digu bizitzaren azken sekretua edo misterioa. Giza bihotzak antsiatzen duen bizi betea eman diezaguke berak.

Asko dira gaur egun Jainkoaganako biderik gabe geratu diren gizon-emakumeak. Ez dira ateo. Ez dute ukatu Jainkoa sekula jakinaren gainean. Ez dakite berek ere sinesten duten ala ez. Eliza utzi badute, kristauok «Jainko» deitzen dugun bizitzaren azken misterioa gustura bilatzeko, hartan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako izan da, agian. Eliza uztean, batzuek Jesus ere utzi egin dute aldi berean. Lerro xume hauen bidez, zuetako aski jendek sumatzen duzuen gauzatxo bat esan nahi nizueke. Eliza baino askoz handiagoa da Jesus. Ez ezazu nahasi Kristo kristauekin. Ez ezazue nahasi haren ebanjelioa gure sermoiekin. Beste guztia utzi baduzue ere, ez zaitezte gelditu Jesus gabe. Harengan aurkituko duzue bidea, egia eta bizia, guk ezin agertu ahal izan dizueguna. Liluragarri gerta dakizueke Jesus.

Jose Antonio Pagola