Ardiak, artzaina eta lapurrak

Pazkoaldiko 4. igandea C 2019-05-12

Pazkoaldiko 4. igandeko ebanjelioak, hiru urteetan, artzain on bezala aurkezten digu Jesus. Nahiz eta jende askok artalde bat telebistaz bakarrik ikusi izango duen, irudia oso adierazkorra da. Baina laugarren ebanjelioko 10. kapitulua hain luzea da (42 txatal), non liturgiak txatal gutxi batzuk hautatu baititu urte bakoitzerako. Aurtengoari, C urteari, hain puska laburra eskaini diote, non ez baita ulergarri beraren aurrekoa ezagutu ezean.

Eztabaida luze eta konplexua (San Joanen 10. kapitulua)

Jesus parabola bitxi bat kontatuz hasi da, artaldea harrapatu nahi duten lapur eta gaizkile batzuen aurka: atetik ez, baizik hesi gainetik sartu nahi dute. Artzaina, berriz, atetik sartu ohi da, beren izenaz ezagutzen ditu ardiak eta konfiantzaz jarraitzen diote hauek; lapurrez, ostera, ez dira fidatzen.

Parabola bukatu duenean, entzuleek «ez zioten ulertu zertaz ari zen». Jesusek, gauzak argitu ordez, korapilatu egin ditu. Batzuetan dio, bera artaldearen atea dela; beste batzuetan, bera artzain ona dela, eta dio, garrantzizkoa ez dela berak artaldea barruti onetara eramatea, baizik eta berak bizia ematen duela ardiengatik, bizia emateko eta berreskuratzeko ahalmena duelako. Eta tartean beste pertsonaia batzuk sartu ditu: bere Aita, «ezagutzen nauena eta nik ezagutzen dudana», eta artalde honetakoak ez diren beste ardi batzuk.

Ez da harrigarriegia entzuleetako batzuek atera dutena: «Erabat burutik dago. Zertan entzuten diozue?» (hitzez hitz: «deabru bat du eta eroturik dago»). Laugarren ebanjelioaren idazleak gozatu egiten du irakurlea haserraraziz eta kasik Jesusen aurka jarriz.

Eztabaida ez da hor bukatu. Jarraipena izango du neguan, Tenpluaren Sagaratze-jaian, Jesus Salomonen aterpean paseatzen dabilela. Agintari juduek (hori da sarritan «juduak» terminoaren esanahia laugarren ebanjelioan) inguratu dute eta eskatu diote, esan dezala argi eta garbi bera ote den Mesias. Jesusek erantzun die esan diela eta ez dutela beragan sinesten. Eta beraien jarreraren hain desberdina den bere ardien etsenplua eskaini die.

Ardiak, artzaina, lapurrak eta artzainaren aita (Joan 10,27-30)

Ardiak. Pasartea ez da hasi artzainaz hitz egiten, logikoa izango litzatekeenez, baizik eta «nire ardiak», dio; alegia, Jesusen ahotsa entzuten dutenak eta jarraitzen diotenak, agintari juduek ez bezala, hauek ez baitute sinesten beragan. Kapitulua presaka irakurriz gero, eman lezake Jainkoak jende bat Jesusi jarraitzera predestinatu duela eta beste batzuk berari uko egitera. Kontrakotasun hori, ordea, ebanjelioaren hitzaurrean esandakotik ulertu behar da: «Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten onartu; baina onartu zutenei Jainkoaren seme-alaba bihurtzea eman zien». Jesus onartzeak eta berari jarraitzeak ez dute desegiten giza askatasuna.

Artzaina. Parabolaren hasieran, artzaina artaldera hurbildu da, atea ireki du eta ardiak atera ditu. Nora daramatza? Ez da esaten. Sal 22 («Jauna dut artzain») gogora ekarriz, honela osatzen ahal genuke: «larre gurietan bazkatu nau, ur lasaietara narama». Jesusek, ordea, funtsezko aldaera ezarri du: «betiko bizira» daramatza. Hori ez da gertatzen heriotzaren ondoren bakarrik, baizik eta mundu honetan berean jada. Jesusekiko konfiantzak alderdi berri bat gehitzen dio beragan sinesten duenaren bizitzari.

Lapurrak. Halakoez hitz eginez hasi da parabola. Hemen ez dira aipatu berariaz, baina Jesusi ardiak eskuetatik kendu nahi dituztenak dira. Ebanjelioaren testuinguruari erreparatuz, jendeak Jesusi jarraitzea nola eragotziko dabiltzan fariseuak eta gainerako agintariak dira. Lehen mendearen azken aldian Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela ukatzen duten kristauak dira (Joanek bere lehen gutunean salatu dituenak). Nolanahi den, ez dute arrakastarik izango «ezin kenduko dizkidate neure eskuetatik». Sal 22garrenak, ardiaren ikuspegitik hitz eginez, antzeko zerbait dio: «Ibar ilunetan ibili behar badut ere, ez naiz ezeren beldur, zu neurekin zaitudalako».

Aita. Joanen 10. kapituluan barna, hainbat zehar aipamen egiten zaio Jesusek «neure Aitarekin» duen erlazioari. Lehen begiratuan, laguntza baino gehiago oztopo eta nahasbide dira irakurlearentzat. Giltzarria beste behin Sal 22garrenean aurki genezake, zeinetan Jainkoa baita artzaina. Jesusek, titulu eta zeregin horiek bere buruari egoztean, garbi utzi ez duela baztertzen Aita: «Ni eta Aita bat gara». Entzuleen erreakzioa gogorragoa izan da kasu honetan: «harriak hartu zituzten Jesusi harrika emateko», eta, azkenean, Jordanez beste aldera ihes egin zuen Jesusek (hau ez da irakurtzen liturgian).

Sintesia. Zer diosku pasarte labur honek gaur egun?

1.-Kristauaren funtsezko jarrera Jesusengan sinestea da eta berari jarraitzea. Ez da batere zorakeria hori gogoratzea, zeren eta jende askok uste baitu garrantzizko gauza arau-sail bat betetzea dela eta erritu jakin batzuk egitea. Baina, hori guztia Jesusekiko harreman pertsonal batean oinarritu behar da.

2.-Jesusengan konfiantza. Kapituluko beste une batzuetan Jesusen onberatasuna azpimarratzen da, bere gailurrera bizia ematean iristen dena. Gaurko honetan, ordea, beste hau indartu da: berak ez diola utziko inori ere ardiak bere eskuetatik kentzen. Jakina, horrek ez du esan nahi ez dugula zailtasunik izango; garbi utzi dute hori igande honetako lehen bi irakurgaiek.

3.-Jesus ezagutzea. Ebanjelioko beste hainbat pasartetan bezala, Jesusek Aitarekin duen harreman estua adierazi da, kasik biak bat izaterainokoa. Beranduago, azken afariko hitzaldian, Jesusek esango dio Feliperi: «Ni ikusi nauenak ikusi du Aita ere». Kristau askorentzat eskandalagarri izaten jarraitzen duena da hori, garaiko judu askorentzat izan zen bezala.

Irainak eta kanporatzea (Apostoluen Eginak 13,14.43-52)

Liturgiak aldera batera utzi ditu Eginak 13ko15-42 txatalak, aldrebeskeria bat eraginez. 14. txatalaren bukaeran esaten da: Paulo eta Bernabe «eseri ziren»; eta berehala, liturgiakoan, gehitzen da «judu eta judu-berri asko haiekin joan zirela». Beraz, zertako eseri dira?

Testua, etenik gabe eman balute, argi geldituko zen ezen larunbateko liturgiarako eseri zirela. Tartetxo baten ondoren, hitz egitera gonbidatu dituzte, eta Israelen historiaren laburpen laster bat egin du Paulok, Jesusez hitz eginez bukatzeko. Horrela ulertzen da, zeremonia bukatzean judu eta judu-berri asko apostoluekin joan izana. Halere, aste baten buruan, sinagogara itzuli direnean, oso bestelakoa izango da egoera. Irainka erantzun diete juduek Paulori eta Bernaberi. Geroago lurraldetik kanporatu egin dituzte. Bere txarrean, ondo atera ziren kanporatze horretan. Izan ere, geroago harrika emango diote Paulori, hildakotzat uzteraino.

Martiritza eta garaipena (Apokalipsia 7,9.14b-17)

Kristautasunari, inperioan barna zabaltzen ari zenean, laster hasi zitzaizkion kontra erromatar agintariak eta jende xumea bera ere. Kristauak jainkogabekotzat ikusten zituzten; esaten zuten, jainko bakar bati eskaintzen ziotela kultua, askori eskaini ordez; ez-moral zirela eta enperadorearen etsai, zeina ez baitzuten Jauntzat aitortu nahi, etab. Askorentzat askena heriotza izan zen; hala gertatu zitzaien Pedrori, Paulori eta besteri Neronen pertsekuziokoan (Tazito erromatar historialariak kontatzen duenak zirrara eragiten du, erailtzean agertu zuten krudeltasunagatik). Halaz guztiz, Apokalipsiaren muina ez da halakoen sufrimena, baizik eta garaipena.

José Luis Sicre