SAN JOAN ANTE PORTAM LATINAM (maiatzaren 6a; igandera aldatua)
Lazkaomendiko Ermitan jaia

1.-Ondo bereizi behar dira bi Joan hauek: alde batetik, Joan Bataiatzailea eta, bestetik, Joan apostolua.
Gainera, tradizioak Joan apostoluari egotzi edo leporatu dizkion beste egintza batzuk ere bereizi egin beharko lirateke-
Alde horretatik, Joan Ebanjelaria, Joan Profeta eta Joan Zebedeotarra bereizten dituzte adituek: Joan Ebanjelaria, Joan izeneko Ebanjelioa idatzi zuena; Joan Profeta, Apokalipsi liburua idatzi zuena; Joan Zebedeotarra, berriz, Joan Apostolua. Beraz, Joan Apostoluaren izenean agertzen dira harenak ez diren gauza asko. Beti bereizi behar dugu Elizan tradizio handia eta tradizio txikia. Tradizio handia: egiaztatua dena, kontuan serioski hartu beharrekoa; tradizio txikia: egiaztatua ez dena, jendearen debozioa pizteko sortu izan dena.
Horiek horrela, San Joan Apostoluaz dakiguna da:
● lehen kristautasunaren pertsonaia inportanteenetakoa izan zela;
● Santiagoren anaia zela;
● Pedrorekin eta honen anaia Andresekin, lehen lau ikasleetakoak izan zirela Santiago eta Joan;
● Hala dio Joanen ebanjelioak (1,35-39): Behin batean, Joan Bataiatzailea bere ikasleetako birekin zegoen, eta Jesus pasatzen ikusi zuen, eta esan zien bi ikasle haiei: Hona Jainkoaren Bildotsa. Bi ikasle haiek Jesusi jarraitu zioten. Eta Jesusek: Zeren bila zabiltzate? Eta bi ikasle haiek: Maisu, non bizi zara? Eta Jesusek: Etorri eta ikusi. Joan ziren eta Jesusekin gelditu ziren.
● Bi ikasle haiek Andres eta Joan ziren. Andres, Pedroren anaia, eta Joan, Santiagoren anaia. Eta Andresek Pedrori kontatu zion ikusitakoa, eta Joanek Santiagori.
● Tradizio txikiak, Joan Apostolua bizarrik gabeko eta aurpegi leun-leuneko, eta izaera ezti-eztiko bezala agertu digu Joan Apostolua. Baina, egiaz, tradizio txiki horren kontra, ebanjelioan izaera indartsuko eta inpultsibo bezala aurkezten digu ebanjelioak Joan Apostolua.
Adibidez, behin batean Jesusek ikasleekin Samariatik igaro behar zuen. Iluna iristean, ostatua eskatu zuten Samarian, baina inork eman nahi ez. Joanek eta Santiagok Jesusi: nahi al duzu eskatzea zerutik sua jaitsi dadin, herri hau guztia erretzeko?
Beste behin, lehen postuak eskatu zizkioten Jesusi eraikitzera zihoan erreinuan.
● Pedrorekin batean, Joanek eta Santiagok Jesusen hirukote berezia eratu zuten. Jesusen egintzarik handienetan, lekukoak izan ziren hirurak.
● Gurutzetik, bere amaren ardura gomendatu zion Jesusek Joani.
● Zeregin handia izan bide zuen Joanek lehen kristauen artean, Paulok dakarrenez (Gal 2,9).
● Hortik aurrera, ez dugu Joanen berririk. Segur aski, martiri hil zen. Jesusek esan baitzien bi anaiei: bai, nire kaliza edango duzue.
● Hortik aurrerakoa, tradizio txikikoa da. Kontuan hartu, tradizio txikia diodala. Beraz, ez dela egiaztatua. Tradizio txiki honen arabera.
● Joanen izeneko ebanjelioa eta Apokalipsi liburua idatzi zituen. Baina ez du ematen hori daitekeena denik.
● Polikarporaino iristen den tradizio txiki baten arabera, Efeson jarri zen bizitzen.
● Beste tradizio txiki baten arabera, Domizianoren garaian, 96an, Erromara eraman zuten, eta olio irakinetan murgildu zuten, eta oliotik lehen baino gazteago atera; hori Porta Latina izenekoaren aurrean gertatu zelako, Ante Portam Latinam izeneko jaia ospatzen dugu. Enperadoreak, orduan, Patmos uhartera erbesteratu zuen. Eta Nerva enperadorearen garaian, Efesora itzuli bide zen, eta han hil. Dena den, sinesgarritasun txikia omen du olio irakinetako pasadizo horrek.

● Guretzat inportantea zera da: apostolu fina izan zela. Eta horixe aitortu nahi izan du Elizak jai hau eratzean. Oso santu gutxiri eskaini dizkio Elizan urtean bi jai: Joani, maiatzaren 6ko hau eta abenduaren 26koa. Bi jai dituzten beste santuak: San Pedro eta San Paulo, San Joan Bataiatzailea, San Jose, San Esteban lehen kristau martiria, eta besteren bat.

● Bukatzeko, honekin geldituko nintzateke ni:
● Jauna, non bizi zara?
● Joan ziren eta Jesusekin gelditu ziren.
● Horixe da garrantzizkoa kristau batentzat: Jesusekin gelditzea, Jesusen bizitoki izatea, Jesusez maitemindurik bizitzea. Lagundu diezagula Joan Apostoluak Jesusekin bizi eta gainerakoei Jesusen berri ematen.

Dionisio Amundarain