Jauna eta Mesias, eredua, artegiko atea (Joan 10,1-10)
Pazkoaldiko 4. igandea A (2020-05-03)

Etxeraturik jarraitzen dugu, ez juduen beldurrez, ikasleak bezala, baizik eta koronabirusaren beldurrez. Baina igande honetako irakurgaiak lagungarri izango ditugu itxialdia esperantzaz bizitzeko.

Hasierako lau titulu hauek laburbiltzen dute 4. igande honetako irakurgaiek Jesusez esan dutena: Jauna eta Mesias dela dio Pedrok Eginak liburuan (1. irakurgaia); sufrimena jasateko orduan eredu proposatu digu Pedroren lehen gutunak (2. irakurgaia); artegiko atea delako irudia aplikatu dio Jesusek bere buruari Joanen gaurko ebanjelioan. Labur esateko, irakurgaiek katekesi bat eskaini digute Jesusez, lehen kristauentzat zer izan zen eta guretzat zer esan nahi beharko lukeen.

Ez gaitezen gelditu gaurko honen segidako igandean, jo dezagun 7.a arte

Izan genezake arriskua, gaurkoa eta segidako asteetako liturgia bizitzekoa, igandeetako irakurgaiek eskualdatu nahi diguten mezu orokorrari erreparatu gabe: Igokunde eta Mendekoste bi jai handietarako prestatu nahi gaituzte, eta igande bakoitzean Itun Berriko hiru idazkietan hiru gai hauek aurkeztuz egin dute.

1.- Eliza (lehen irakurgaia, Apostoluen Eginak liburukoa: (2,14a.36-41). Agertzen digu, Elkartea haziz doala (4. igandea), diakonoak eratu dituztela (5.a), Samarian Espiritu Santua dohain eman zaiela (6.a), Elkartea Mendekosterako prestatzen ari dela (7.a). Kontuan har dezagun zein garrantzi handia duen Espirituak irakurgai honetan.

2.- Kristau bezala bizitzea mundu arerio batean, (2. irakurgaia, Pedroren lehen gutunetik: 2,20b-25). Lehen kristauek era guztietako pertsekuzioak jasan zituzten, gaur egungo elkarte batzuek sufritzen dituzten bezala. Pedroren lehen irakurgaiak gogora dakarkigu: Jesusen etsenplua, imitatu beharko genukeena (4. igandea); norberaren duintasuna, gutaz jendeak esaten duena gorabehera (5.a); kalumniaren aurrean izan beharko genukeen jarrera (6.a), eta irainak (7.a).

3.- Jesus (Joanen ebanjelioa: 10,1-10). Hautatu diren pasarteek katekesia handia dakarkigute Jesusez: artzaina eta atea da (4.a igandea); bidea, egia eta bizia da (5.a); Aitaren ondoan eta gurekin bizi da (6.a.); otoitzean ari da eta guretzat erregutzen (7.a).

Jesus, Jauna eta Mesias (Eginak 2,14a.36-41)

Irakurgai hau joan-etorri berezikoa da historiaren eta katekesiaren ikuspuntutik. Lukasen arabera, Jesusen jarraitzaileen taldeak (120 lagun) ugaltze nabarmena izan zuen Mendekoste egunean. Beldurrez, isilik eta otoitzean 50 egun egin ondoren, Espiritu Santuak eragin dio Pedrori jendeari hitz egitera, gurutziltzatu duten, baina Jainkoak Jaun eta Mesias bihurtu duen Jesus hori aurkezteko. Herriak, hunkiturik, zer egin behar duten galdetu du, eta bihotz-berritzera animatu ditu Pedrok eta Jesu Kristoren izenean bataiatzera.

Baina beste arrazoi bat, oso bestelakoa, gehitu du Lukasek, lehen kristau-misiolariek erabilia: Jainkoaren berehalako zigorrari beldurra. Burubide apokaliptikoarekin bat, oraingo mundu gaizto hau laster galduko da, geroko mundu onari bide emateko. Hori, Jainkoaren haserrea agertuko denean gertatuko da, salbazioa ala gaitzespena eragingo duen auzian. Horregatik animatzen ditu Pedrok: «Alde egizue belaunaldi makur horrengandik». Nola irten onik? Idazle apokaliptikoek Jainkoarekin eta gizon-emakumeekin biziko den jokabidearen baitan jarri dute guztia. Kristau-misiolarientzat, berriz, salbazioa Jesusengan sinestearen baitan dago. Pedrok aipatua du Jesusen izenean hartutako bataioa.

Beraz, itxuraz oso bestelako diren bi argudio dauzkagu: lehenak oinarri bakar hau du: Jainkoak Jesusen bidez egin duena. Bigarrenak kristautasun eskasagokoa dela ematen du: beldurra eragitera jo du. Baina kontuan har dezagun, testuinguru honetan, Paulok Tesalonikakoei idatzia: «Jesusek geroko gaitzespenetik libratu gaitu». Beldurrez nahiz gabe, Jesus da beti kristau-katekesiaren erdigunea.

Jesus, eredua (1 Pedro 2,20b-25)

Lehen mendearen bigarren erdian, kristauek askotan jasaten zuten iraina, izen belztea, pertsekuzioa, ondasunak konfiskatzea, fedeari uko egiteko eragina… Testuinguru honetan, 1 Pedrok adore eman nahi die, esanez, horixe bera izan zela Jesusen zoria, zeinak onartu egin baitzuen hori guztia irainik eta mehatxurik itzuli gabe: «Kristok zuengatik jasan zuen bere nekaldia, zuei etsenplua utziz, beraren urratsei jarrai diezaiezuen». Irakurgai honen bukaeran, Jesusen irudi bat dator, artzain on bezala emanez («Ardi bide galduak bezala zenbiltzaten, baina orain artzain eta zuen biziaren zaindariagana itzuli zarete».). Baina hau ez da gaurko ebanjelioaren gai nagusia, aldaketa ikusgarria baitakar azken honek.

Jesus, artegiko atea (Joan 10,1-10)

Laugarren ebanjelioaren egileak gozatu egiten du irakurleari tranpak jarriz. Hasieran, dena oso gauza laua dela ematen du. Artegi bat, bere itxitura eta zaindariarekin. Hor dator bat: ez da sartzen atetik, ez da mintzatu zaintzailearekin, baizik eta itxituraren gainetik egin du salto: lapurra da. Artzaina, aldiz, hor dator artaldera, mintzatu da zaintzailearekin, honek ireki dio atea, deitu die artzainak ardiei, hauek jarraitu diote eta larrera atera ditu artzainak. Haurrek ere ulertzen dute.

Halaz guztiz, bat-batean eta berehala dio ebanjelariak: «haiek ez zuten ulertu zertaz ari zitzaien». Gaur egungo irakurle askok esango du: «kaikuak dira, oso argi dago, Jesus artzain on dela esaten du». Eta erraturik dabil gaurko buru-argi hori. Hori egia da 11. txataletik aurrera, ebanjelariak berariaz esaten baitu han Jesusez: «Ni neu naiz artzain ona». Baina gaur irakurritako testuan, 11. txatalaren aurre-aurrekoan (Joan 10,1-10), Jesusek bere buruari beste irudi bat esleitu dio, oso desberdina: ez du aurkeztu bere burua artzain ontzat, baizik atetzat, zeinetatik sartu behar baitute gainerako artzain guztiek («ni neu naiz artegiko atea»).

Laugarren ebanjeliok duen erradikalismo honekin baieztatzen da, Jesus aurreko pertsonaia guztiak, atea den beragandik sartu ez zirelako, ez zirela egiaz artzain, baizik eta lapur eta gaizkile, nahi zuten gauza bakarra «lapurtzea eta hiltzea eta sarraskia egitea» zutela.

Hitz gogor hauetan, Ezekiel profetak Israelgo artzainengan (erregeengan) salatzen zutenaren oihartzuna nabari da: ardiak (herria) larratu ordez beren burua larratzen dute, ardien koipea jaten dute, haien artileaz janzten dira, ez dute sendatzen haietako gaixorik, ez dute bendatzen haien zauririk, ez dira joaten bidea erratu dutenen bila, ezta galdutakoen bila ere; beren eginbeharra betetzen ez zuten sasi-artzain horien erruz, Israelek erbestera joan behar izan zuen (Ez 34).

Ondorio logikoa, Jesus artzain ontzat aurkeztea izango zen, bere bizia bere ardiengatik eman duen artzaintzat. Baina hori geroago etorriko da, gaurkoan ez dugu entzungo hori. Gaurkoan, Jesus atetzat eman du ebanjelariak: ate horretatik irten daiteke artaldea larre ona eta bizia ugari izateko.

Une honetan espero zitekeen aipamen bat artzainen, kristau-elkarteen arduradunen, betebeharraz, atetik sartu eta irteteaz: Jesus atetik sartu eta irteteaz, alegia. Atea den honen bidez egiten ez den harreman oro gaizkileei dagokiena da, eta porrotera daramana («ardiek ez zieten jaramonik egin»). Testuak betebehar har berariaz adierazten ez badu ere, erraz ateratzen ahal da.
Izatez, diskurtsoaren zati hau, artzainei ez, baizik artaldeari zuzendu dio Jesusek, gogoratuz «nigandik sartzen dena salbatuko da eta sartu eta irten ahalko da, eta aurkituko du larrerik».

Elizaren gaitzen errua artzainei leporatzea ohikoa denez, artaldeari komeni zaio gogoan hartzea, beti izango duela ate bat, nondik igaro eta nondik bizia ugari izateko.

José Luis Sicre