Pazkoaldiko 4. igandea A (2017-05-07)
Jauna, Mesias, eredua, artegiko atea

Lau titulu hauek laburbiltzen dute 4. igande honetako irakurgaiek Jesusez esan dutena: Jauna eta Mesias dela dio Pedrok Eginak liburuan (1. irakurgaia); sufrimena jasateko orduan eredu proposatu digu Pedroren lehen gutunak (2. irakurgaia); artegiko atea delako irudia aplikatu dio Jesusek bere buruari Joanen gaurko ebanjelioan. Labur esateko, irakurgaiek katekesi bat eskaini digute Jesusez, lehen kristauentzat zer izan zen eta guretzat zer esan nahi beharko lukeen.

Ez gaitezen gelditu 4. igande honetan, jo dezagun 7.a arte

Izan genezake arriskua, gaurkoa eta segidako asteetako liturgia bizitzekoa, igandeetako irakurgaiek eskualdatu nahi diguten mezu orokorrari erreparatu gabe: Igokunde eta Mendekos bi jai handietarako prestatu nahi gaituzte, eta igande bakoitzean Itun Berriko hiru idazkietan hiru gai hauek aurkeztuz egin dute.
1.- Eliza (lehen irakurgaia, Apostoluen Eginak liburukoa). Agertzen digute, Elkartea haziz doala (4. igandea), diakonoak eratu dituztela (5.a), Samarian Espiritu Santua dohain eman zaiela (6.a), Elkartea Mendekosterako prestatzen ari dela (7.a). Kontuan har dezagun zein garrantzi handia duen Espirituak irakurgai hauetan.
2.- Kristau bezala bizitzea mundu arerio batean (2. irakurgaia, Pedroren lehen gutunetik). Lehen kristauek era guztietako pertsekuzioak jasan zituzten, gaur egungo elkarte batzuek sufritzen dituzten bezala. Pedroren lehen irakurgaiak gogora dakarkigu: Jesusen etsenplua, imitatu beharko genukeena (4.a); norberaren duintasuna, gutaz jendeak esaten duena gorabehera (5.a); kalumniaren aurrean izan beharko genukeen jarrera (6.a), eta irainak (7.a).
3.- Jesus (Joanen ebanjelioa. Hautatu diren pasarteek katekesia handia dakarkigute Jesusez: artzaina eta atea da (4.a); bidea, egia eta bizia da (5.a); Aitaren ondoan eta gurekin bizi da (6.a.); otoitzean ari da eta guretzat erregutzen (7.a).

Jesus, artegiko atea

Laugarren ebanjelioaren egileak gozatu egiten du irakurleari tranpak jarriz. Hasieran, dena oso gauza laua dela ematen du. Artegi bat, bere itxitura eta zaindariarekin. Hor dator bat: ez da sartzen atetik, ez da mintzatu zaintzailearekin, baizik eta itxituraren gainetik egin du salto: lapurra da. Artzaina, aldiz, hor dator artaldera, mintzatu da zaintzailearekin, honek ireki dio atea, deitu die artzainak ardiei, hauek jarraitzen diote eta larrera atera ditu artzainak. Haurrek ere ulertzen dute.
Halaz guztiz, bat-batean eta berehala dio ebanjelariak: «haiek ez zuten ulertu zertaz ari zitzaien». Gaur egungo irakurle askok esango dute: «kaikuak dira, oso argi dago, Jesus artzain on dela esaten du». Eta erraturik dabiltza. Hori egia da 11. txatala kontuan harturik, ebanjelariak berariaz esaten baitu han Jesusez: «Ni neu naiz artzain ona». Baina gaur irakurritako testuan, 11. txatalaren aurre-aurrekoan (Joan 10,1-10), Jesusek bere buruari beste irudi bat esleitu dio, oso desberdina: ez du aurkeztu bere burua artzain ontzat, baizik atetzat, zeinetatik sartu behar baitute gainerako artzain guztiek («ni neu naiz artegiko atea»).
Laugarren ebanjeliok duen erradikalismo honekin baieztatzen da, Jesus aurreko pertsonaia guztiak, atea den beragandik sartu ez zirelako, ez zirela egiaz artzain, baizik eta lapur eta gaizkile, nahi zuten gauza bakarra «lapurtzea eta hiltzea eta sarraskia egitea» zutela.
Hitz gogor hauetan, Ezekiel profetak Israelgo artzainei (erregeei) salatzen zienaren oihartzuna nabari da: ardiak (herria) larratu ordez beren burua larratzen dute, ardien koipea jaten dute, haien artileaz janzten dira, ez dute sendatzen haietako gaixorik, ez dute bendatzen haien zauririk, ez dira joaten bidea erratu dutenen bila, ezta galdutakoen bila ere; beren eginbeharra betetzen ez zuten sasi-artzain horien erruz, Israelek erbestera joan behar izan zuen (Ez 34).
Ondorio logikoa, Jesus artzain ontzat aurkeztea izango zen, bere bizia bere ardiengatik eman duen artzaintzat. Baina hori geroago etorriko da, gaurkoan ez dugu entzungo hori. Gaurkoan, Jesus atetzat eman du ebanjelariak: ate horretatik irten daiteke artaldea larre ona eta bizia ugari izateko.
Une honetan espero zitekeen aipamen bat artzainen, kristau-elkarteen arduradunen, betebeharraz, atetik sartu eta irteteaz: Jesus atetik sartu eta irteteaz, alegia. Atea den honen bidez egiten ez den harreman oro gaizkileei dagokiena da, eta porrotera daramana («ardiek ez zieten jaramonik egin»). Testuak betebehar har berariaz adierazten ez badu ere, erraz ateratzen ahal da.
Izatez, diskurtsoaren zati hau, artzainei ez, baizik artaldeari zuzen dio Jesusek, gogoratuz «nigandik sartzen dena salbatuko da eta sartu eta irten ahalko da, eta aurkituko du larrerik».
Elizaren gaitzen errua artzainei leporatzea ohikoa denez, artaldeari komeni zaio gogoan hartzea, beti izango duela ate bat, nondik igaro eta nondik bizia ugari izateko.

Kristau pertsegituak

Bigarren irakurgaiak gogorarazten die kristau pertsegituei eta zuzengabeki kondenatuei, horixe bera izan zela Jesusen zoria, eta irainik eta mehatxurik itzuli gabe onartu zuela. Testuinguru horretan, eredu aurkeztu du idazleak Jesus hitz bikain hauen bidez: «Kristok zuengatik jasan zuen bere nekaldia, etsenplu emanez, beraren arrastoa jarrai dezazuen». Irakurgai honen bukaeran Jesus artzain ontzat ematen duen irudia dator («Ardi bezala bide galdurik zenbiltzaten, baina orain zeuen biziaren artzaina eta zaintzaileagana itzuli zarete».). Adierazi dudanez irudi hori ez da gaurko ebanjelioaren muina.

José Luis Sicre