JESUS DA ATEA Joan 10,1-10
Pazkoaldiko 4. igandea A 2020-05-03

Jesusek kontaera metaforiko bat proposatu dio fariseu-talde bati, Israelgo gidari erlijiosoak gogor kritikatuz. Artzain-bizitzatik hartua du eszena. Artaldea bildurik dago artegian, hesi eta murru txiki batek inguratuan, zaindari batek sarrera begiratzen duela. Jesusek, hain juxtu, ardietarako bide den «ate» horri erreparatu dio.

Bi era daude artegira sartzeko. Bakoitzak artaldearekin zer egin nahi duen da kontua. Norbait artegira hurbildu eta «atetik sartzen ez bada», baizik beste «nonbaitetik», bistan da, halako hori ez dela artzaina. Ez dator artaldea zaintzera. «Arrotz bat» da, «lapurretara, akabatzera eta kalte egitera» dator.

Besterik da benetako artzainaren jokabidea. Artegira hurbiltzean, «atetik sartuko da», ardiei zeini bere izenaz dei egingo die eta haiek kasu egingo diote. Kanpora aterako ditu eta, denak bildu dituenean, aurrean jarriko da, barrutira eramateko, zer jana izan dezaten. Ardiek ondo jarraitu diote, ezaguna dute-eta haren ahotsa.

Zer sekretu edo misterio du «ate» horrek?, bertatik igarotzen diren artzainak legezkotzat ematen baitu; aitzitik, beste nonbaitetik sartzen diren arrotzei, ez artaldea zaintzeko, baizik eta kalte egiteko, mozorroa kentzen baitie. Fariseuek ez dute ulertu zertaz ari zaien Maisu hura.

Orduan, kontaeraren giltzarria eman die Jesusek: «Hona zer diotsuedan: ni neu naiz ardien atea». Jesusek urratutako bidetik sartu eta beraren ebanjelioa betez jarraitzen diotenak benetako artzain dira: badakite nola bazkatu kristau-elkartea.

Jesus alde batera utziz eta, haren egitasmoari ezikusiarena eginez, artegian sartzen direnak sasi-artzain dira: kalte egingo diote kristau-elkarteari. Eliza ez gutxitan ari gara guztiok asko sufritzen: nola artzainak hala Jainkoaren herria. Hierarkiaren eta kristau-herriaren arteko harremanak errezeloz bizi ohi dira sarritan, suminduratsu eta gatazkatsu: badira ukaturik sentitzen diren gotzainak; badira bazter utzirik sentitzen diren kristau-taldeak.

Errazegia izango litzateke dena hierarkiaren jauntxokeriari egoztea edota onartezina izango litzatekeen fededunen menekotasun-ezari. Bakea galdu dugu. Gero eta beharrezkoagoa dugu Jesus. Handitu beharra dugu geure artean elkarrekiko begirunea eta komunikazioa, elkarrizketa eta egia ebanjelikoa bilatzeari ematea. Beharrezkoa dugu Elizan, ahalik eta lasterren, ingurumen maitagarriago bat arnastu ahal izatea. Ez gara irtengo krisialdi honetatik, guztiok Jesusen espiritura itzultzen ez bagara. Jesus dugu «atea».

Jose Antonio Pagola