PAZKOALDIKO 3. IGANDEA C 2019-05-05

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko 3. igandea dugu gaur. Jesus piztua ospatzen jarraitzen dugu. Jesusen piztuerak Jesus bizi dela esan nahi du. Bizi den Jesus da. Gure artean bizi den Jesus. Guri bizia ematen digun Jesus. Gu bizi gaituen Jesus.
Bai ederra arabiar suni kristau haren gogoeta: «Kristo ezagutu duen pertsonak, sendatzen ez den gaixotasuna harrapatu du». Hala al da guretzat?
Lehenengo irakurgaian, bizi den Jesus hori hots egiten eta predikatzen ageri dira apostoluak.
Gauza bertsua ageri da ebanjelioan. Jesus berpiztua agertu zaie zazpi apostoluei; hirugarren aldiz. Eta esan die: «bota sareak eta harrapatuko duzue», Esan nahi die: Zoazte, hots egin Berri Ona, hots egin jendeak espero duen mezua; hots egin, hots egin, hots egin.
Horretarako, sendatzen ez den gaixotasuna behar du hotsegileak: Jesus ezagutu izana, Jesus maitatzea, Jesusen maite den mundua hark bezala maitatzea. Utz dezagun, sendatzen ez den gaixotasunak jo gaitzan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (5,27b-32.40b-41)

Jesus hil eta piztu ondoren, bigarren aldiz atxilotu dituzte judu-agintariek apostoluak. Agintariak argi konturatu dira, jada ezin kontrolatu dutela Jesusek abian jarri duen Jainkoaren herria. Halere, berriro atxilotu dituzte apostoluak, eta Jesusen izenean ez hitz egiteko agindu diete. Baina Pedrok, guztien izenean, erantzun die: Jainkoari behar diogu obeditu, gizakiei baino lehenago; ezin gelditu gara Jainkoak agindua bete gabe.
Horra Elizaren historian hainbat eta hainbat gizon-emakumeri eragin dion konbentzimendua. Horrek esan nahi du, Jesusen Espirituak indarrean jarraitzen duela munduan.

BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (5,11-14)

Pazko-bildotsa esan ohi diogu Kristori. Izen horrek Itun Zaharreko bi pasarte gogorarazten dizkigu. Batetik, Irteera liburukoa (12-13 kapituluak): Egiptotik ihes egin aurretik, juduek pazko-bildotsa hil zuten, eta haren odolaz beren etxeetako ateak pintatu zituzten, eta etxez etxe igaro zen aingeruak juduei kalterik ez zien egin, ateak odolaz pintaturik zituztelako, bai ordea ateak pintatu ez zituzten egiptoarrei. Beste pasartea, Isaias profetarena da (berrogeita hamahirugarren kapitulua): Herria salbatzen saiatzeagatik, Jaunaren zerbitzariak nola sufrituko duen agertzen du pasarte horrek.
Hila izan den bildotsa da Kristo; lepo egina izan den bildotsa; Israel herria askatzeko eginahalak egiteagatik hil duten bildotsa da. Baina bere asmo guztia munduari bizia ematea izan duelako, herioa gaindituz, betiko bizia lotu du. Et mila eta milako izakik gora eta gora abestuz hartu du zeruan. «Aleluia, aleluia, aleluia» abestean, bat egin dezagun aingeruen abesbatza handi horrekin: «Goratu Jauna» esan nahi du aleluiak.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (21,1-19)

Jesusen ikasleek etsirik gelditu dira Jesus hil dutenean. Halere, beren bihotzean badute nolabaiteko su-printza txiki bat. Eta, azkenean, jabetu dira hil duten Jesus hura bizi dela, eta beren artean dutela.
Gaurko ebanjelio honek hiru pasadizo edo zati ditu. Batetik, bizi den Jesus horrek Berri Ona hots egiteko esan die; horixe esan nahi du sareak botatzeko agindu dienean. Bigarren, otordua egitera gonbidatu ditu bizi den Jesus horrek; esan nahi du, Jesus dela ikasleen egiazko janaria, Jesusek leporatu dien egitekoa bete ahal izateko. Hirugarren, Pedrori maitasun beharra agertu dio bizi den Jesus horrek. Nekaldian hiru aldiz ukatu zuen Pedrok Jesus; orain hiru aldiz esaten dio beharrezkoa duela maitasuna. Hiru mezu horiek gaur guri esaten eta ematen dizkigu bizi den Jesusek.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Beren fedeagatik pertsegituak diren kristau guztien alde: zailtasunak eta guzti, fedea gorde dezaten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Fedeak hala eskatzen dielako, pobreen alde, presoen alde, justiziaren alde jokatzen dutelako, pertsegituak diren guztien alde: Jesusek emandako ogian eta hitzean beren jokabideari eusteko indarra aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan boterea dutenen aldetik ondo ikusiak eta ondo tratatuak direnen alde: alde batetik, beren zoria eta, bestetik, Jesusena eta Jesusen ikasleena: biak konpara ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Geure bizitzan, mundu osoan ─jendea, animaliak, natura─ Jainkoaren aintza ikusteko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.