PAZKOALDIKO 3. IGANDEA C 2016-04-10

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko 3. igandea dugu gaur. Jesus piztua ospatzen jarraitzen dugu. Jesusen piztuerak Jesus bizi dela esan nahi du. Bizi den Jesus da. Gure artean bizi den Jesus. Guri bizia ematen digun Jesus. Gu bizi gaituen Jesus.
Horrela ageri zaigu lehenengo irakurgaian. Bizi den Jesus hori, Jesusek eman dien bizi hori hots egiten ageri dira apostoluak, ikasleak.
Gauza bertsua agertzen digu ebanjelioak ere. Jesus biziaren berri ematera eragin die apostoluei sinesmen horrek: «bota sareak eta harrapatuko duzue» esaten die beren fedeak. Zoazte esaten die, hots egin berri ona, hots egin jendeak espero duen mezua; zorionerako bidea zein den entzun nahian dabilen jendeari: hots egin, hots egin, hots egin.
Horretarako, hots egiten duenak maitasuna behar du, benetako maitasuna. Horretarako, hots egiten duenak Jaunak Eukaristian ematen dizkion argia eta indarra behar ditu. Horra gaurko ebanjelioko hiru puntuak: batetik, sareak bota, hau da, hots egin; bestetik, Kristok eskainitako otorduan parte hartu; hirugarren, Jesus osoa maitatu.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (5,27b-32.40b-41)

Jesus hil eta piztu ondoren, bigarren aldiz atxilotu dituzte judu-agintariek apostoluak. Kartzelako guardiak agintariei berri hau ematera joan dira: «kartzelako ateak itxirik zeuden, guardiak erne eta zain-zain zeuden; baina, kartzela ireki dugunean, inor ez barruan». Agintariak argi konturatu dira honetaz: jada ezin kontrolatu dutela Jesusek abian jarri duen Jainkoaren herria. Halere, berriro atxilotu dituzte apostoluak, eta Jesusen izenean ez hitz egiteko agindu diete. Baina Pedrok, guztien izenean, erantzun die: Jainkoari behar diogu obeditu, gizakiei baino lehenago; ezin gelditu gara Jainkoak agindua bete gabe.
Horra Elizaren historian hainbat eta hainbat gizon-emakumeri eragin dion konbentzimendua. Horrek esan nahi du, Jesusen Espirituak indarrean jarraitzen duela munduan.

BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (5,11-14)

Pazko-bildotsa esan ohi diogu Kristori. Izen horrek Itun Zaharreko bi pasarte gogorarazten dizkigu. Batetik, Irteera liburukoa (12-13 kapituluak): Egiptotik ihes egin aurretik, juduek pazko-bildotsa hil zuten, eta haren odolaz beren etxeetako ateak pintatu zituzten, eta etxez etxe igaro zen aingeruak juduei kalterik ez zien egin, ateak odolaz pintaturik zituztelako, bai ordea ateak pintatu ez zituzten egiptoarrei. Beste pasartea, Isaias profetarena da (berrogeita hamahirugarren kapitulua): Herria salbatzen saiatzeagatik, Jaunaren zerbitzariak nola sufrituko duen agertzen du pasarte horrek.
Hila izan den bildotsa da Kristo; lepo egina izan den bildotsa; Israel herria askatzeko eginahalak egiteagatik hil duten bildotsa da. Baina bere asmo guztia munduari bizia ematea izan duelako, herioa gaindituz, betiko bizia lotu du.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (21,1-19)

Jesusen ikasleek etsirik gelditu dira Jesus hil dutenean. Halere, beren bihotzean badute nolabaiteko su-printza txiki bat. Eta, azkenean, jabetu dira hil duten Jesus hura bizi dela, eta beren artean dutela.
Gaurko ebanjelio honek hiru pasadizo edo zati ditu. Batetik, etsirik diren momentu horretan, Jesusen esperientzia sakon eta bizia izan dute: Jesus bizi dela, alegia. Eta bizi den Jesus horrek berri ona hots egiteko esaten die; horixe esan nahi du sareak botatzeko agindu dienean. Bigarren zatian, otordua egitera gonbidatu ditu bizi den Jesus horrek; esan nahi du, Jesus dela ikasleen egiazko janaria; janari horren bila jardun behar dutela, Jesusek leporatu dien egitekoa bete ahal izateko. Hirugarren, Pedrori maitasun beharra agertu dio bizi den Jesus horrek. Nekaldian hiru aldiz ukatu zuen Pedrok Jesus; orain hiru aldiz esaten dio beharrezkoa duela maitasuna; hau da, beharrezkoa duela Jesusen mezua zabaltzen saiatzea, horrek ondorio latzak izango baditu ere.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Beren fedeagatik pertsegituak diren kristau guztien alde: zailtasunak eta guzti, fedea gorde dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Fedeak hala eskatzen dielako, pobreen alde, presoen alde, justiziaren alde jokatzen dutelako, pertsegituak diren guztien alde: Jesusek emandako ogian eta hitzean beren jokabideari eusteko indarra aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan boterea dutenen aldetik ondo ikusiak eta ondo tratatuak direnen alde: beren zoria eta Jesusena eta Jesusen ikasleena konpara ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Geure bizitzan mundu osoan ─jendea, animaliak, natura─ Jainkoaren aintza ikusteko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.