PAZKOALDIKO 3. IGANDEA B 2015-04-19

SARRERA

Anai-arrebok, Pazkoaldiko hirugarren igandea ospatzen dugu gaur. Pazkoaldi osoan bezala, Jesus bizi dela eta Bizia ematen duela ospatzen dugu. Bizi berri hori, gaurko hiru irakurgaietan, konbertsio eta barkamen bezala ageri. Konbertsioa, Bizira itzultzea da. Barkamena, Bizia ematea da.
Bekatua da beldur izateko arrazoi bakarra. Bekatua zuzengabekeria da, zapalketa. Bekatua dagoen lekuan Biziari indarra kentzen zaio. Bekatua, beraz, honetan datza: kalte egitean, nork bere buruari edo lagun hurkoari. Injustizia eta zapalkuntza bakarrik dei genezake bekatu. Bekaturik badago, heriotza dago; ondorioz, Bizia falta da.
Pazkoa, senideok, bizia da, bizitza da. Biziaz zoraturik bezala bizitzea da kontua: bizia nola sortuko, bizia nola salbatuko, bizia nola biziago egingo, bizia nola duinago egingo: norberaren bizia eta besteena; batez ere, ahulenak direnen bizia. Jesus bizia da; hau esan nahi du horrek: maitasuna dela, bihozkoitasuna, konpromisoa, bakea, buru-eskaintza dela. Senideok, bat egin dezagun Bizia den Jesusekin.

LEHEN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (3,13-15.17-19)

Lehenengo irakurgai hau Apostoluen Eginak liburutik hartua dugu. Pedro herriari mintzo zaio. Eta Jesusekin egin duen barrabaskeria gogorazten dio: Jainkoaren Zintzoa gurutzean hil duzue. Hori esatean, damua eta bihotz-berritzea eragin nahi du Pedrok jendearen bihotzean.
Aldi berean, ordea, errua arindu egin nahi die. Ez die aurpegiratzen gorrotoz edo mendekua hartu nahian; Jesusen gurutzeko hitzak errepikatzen ditu: Badakit ezjakinean egin zenutela hori guztia, eta Jainkoaren errukia agertu nahi die: Beti barkatzeko prest da Jainkoa.
Beraz, piztueraren mezua agertu nahi die Pedrok: norberaren piztuera, norberaren piztuera espirituala; damuaren, bihotz-berritzearen eta bekatua barkatuz lortzen den piztuera da. Bai, senideok, esku-eskura jarri digu Jainkoak geure piztuera.

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen Lehen Gutunetik (2,1-5)

Pasarte honetan, kristauaren bataioaren ondoko egoera deskribatzen du autoreak. Bataioa esatean, Kristorekin bat egin izana adierazten du. Aintzat hartzen ote dugu Kristorekin bat egin dugula: bihotzez, adimenez, egintzaz?
Ba, autoreak dio, bataioaren ondoren, kristauak ez lukeela bekaturik egin behar. Zergatik? Bataiatuak piztueraren grazia eta indarra hartu duelako, gaitzaren indarrari kontra egin ahal izateko.
Halere, badaki idazleak ahulak garela. Esaten digu, erortzen bagara abokatua eta kontsolatzailea dugun Kristogana jo beharko genukeela: burua altxatu eta egoera kaskar horretatik irteteko.
Ondoren, aginduak bete beharra argitzen du. Kristau-fedearen eta Kristoren garaipenaren arabera bizi beharra. Kontuan izan behar da, idazki hau testuinguru jakin batean idatzi zuela: batzuek esaten zuten, kristau-perfekzioa Jainkoa ezagutze hutsa dela; alde batera uzten zuten Jainkoaren nahia bete beharra.
Baina, zergatik bete aginduak? Gugan, Jainkoarekiko, geure buruarekiko eta lagun hurkoarekiko maitasuna bete-betera eramateko. Ez al da zoragarria helburua?

EBANJELIOA

Gaurko ebanjelioak ere Afaltokira garamatza. Han daude ikasleak bildurik. Azken egunetako gertaera komentatzen ari dira. Emausko bi ikasle haiek ere han dira. Jesus bizi dela entzun duten arren, beldurrez daude. Ez dira iritsi, artean, heriotza biziak garaitu duela sinestera. Nolanahi ere, Jesus berpiztua ezagutu nahian ari dira elkarrekin hizketan. Bila eta bila. Eta horra non agertzen zaien Jesus, bila jardutearen fruitu.
Jesusen lehenengo gauza, «bakea» ematea izan da. Beraren heriotzaren eta piztueraren fruitua den bakea da. Bakoitzaren barneko bakea da, bai, baina baita lagun hurkoa eta Jainkoa maitatzearen bakea ere. Nor bere buruarekin, Jainkoarekin, lagun hurkoarekin bakean bizitzea.
Baina zer da bake hori? Jainkoaren Erreinuko bakea da; Jesusek bere baitan gauzatu duen Jainkoaren Erreinuko bakea: zuzentasuna, maitasuna, errespetua, askatasuna, zoriona… berekin duen bakea.
Ondoren, eskari hau egin die: ireki ditzatela bihotzeko begiak Piztueraren misterioa ikusteko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Ausarkeriaz, diruagatik edota ideologia egoista batengatik edota burugabeko abentura zaletasunagatik, bizia, norberarena nahiz besteena, arriskuan jartzen dutenentzat: ondasunik handiena den biziaz gogoeta egin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Ebanjelioa ezagutu eta sakontzeaz arduratzen ez direnentzat: Jaunaren Espirituak astin-astin egin ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gizarteak, eta Jainkoak berak, bazter utzi dituela uste dutenentzat: uste faltsu hori gainditu eta Jainkoagana jo ahal dezaten, Jesusek bezala, «Aita» izen maitagarria erabiliz. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gaur batzarrean elkartu garenontzat: bilera hau fisiko hutsa izan ez dadin, baizik eta fedean, esperantzan eta maitasunean bat egitea izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.