PAZKOALDIKO 3. IGANDEA A 2017-04-30

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko hirugarren igandea ospatzen dugu gaur. Emaus herrixkara zihoazen bi ikasleen kontakizuna entzungo dugu ebanjelioan. Etsita zihoazen; beren esperantza guztia pikutara joana. Baina Jesus berpiztua hurbildu zitzaien ustekabean. Hasieran ez zuten ezagutu. Baina hil aurretik egin zuen gauza bat egin zuen haien aurrean: ogia bedeinkatu, puskatu eta jateko eman; Jesus bizi zen seinale gertatu zitzaien Jesusen keinu hura. Jakina, horretarako, bihotzean bazuten, etsipena eta guzti, hausbero bat, hondar bat: Jesus zuten beren kezka guztia, nahiz kanpotik etsipena agertzen zuten; bidean ere Jesusez ari ziren hitz egiten.
Senideok, geure bizitzan, ezin gara egon beti Jesusengan pentsatzen; askoz gutxiago ere. Halere, haren oroitzapena modu inkontzientean, geure bihotzean, gordetzen badugu, bizitzako edozein gauzak, edozein gertaerak eramango gaitu ezkutuko oroitzapen hori bizi-bizi egin eta bizitzera; Emausko bi ikasle haiei gertatu zitzaien bezalatsu. Izan ditzagun begiak irekirik, Jesusek eskaintzen dizkigun seinaleak aintzat hartu ahal izateko. Zer egiten zuen Jesusek gaixo baten aurrean, bekatari baten aurrean, bazter utzia zen baten aurrean, herritik kanpo eta goseak zen jende-taldearen aurrean? Horiek ditugu, gaur egun ere, Jesusen seinale. Gaur egun guk egitekoak: goseak direnen aurrean, migratzaile direnen aurrean, kartzelan direnen aurrean…

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (2,14.22-33)

Jerusalemen dabilen jendea harriturik dago Jesusen ikasleek esaten eta egiten dutena ikustean. Horregatik, Pedro argibide bat beharrean gertatu da. Eta argibide hauxe eman die: ikusten ari zareten hau guztia Jesusen piztueraren ondorioa da.
Honek bi gogoeta eragiten dizkigu. Batetik, ikasleak «Jesus berpiztuaren testigu» bezala ageri dira: «guk ikusi dugu; harekin otorduak eginak gara».
Bestetik, eta hau inportanteagoa da: Jesusen piztuera horrek ikasleengan bizi berria, diferentea, desberdina eragin du; bizi berri horrek Jesusen Espirituaren indarraren presentzia adierazten du; ikasleen bizi berri honek agertzen du Kristo piztu dela; baina ez bakarrik gurutzean hil zuten Jesus hura, baita haren Espiritua hartu duten ikasleak ere; ikasleak ere bizi berria ari dira bizitzen. Jesus berpiztuarekin bat egin duten haren Espirituaren laguntzaz.
Labur esateko, «Jainkoaren Erreinua hemen dago jada, gure artean». Jainkoaren Espirituaren presentzia da Erreinu hori; Jesusek egiten zuena guk egitean, Erreinu hori agerian jartzen da.

BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehen gutunetik (1,17-21)

Pentsamendu hau bizitzera gonbidatzen gaitu idazleak: Kristok bere odola isuriz salbatu gaituela; Kristok pertsona libre egin gaituela. Horrek guztiak, geure bizitza jakinaren gainean bizitzera eraman behar gaitu.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (24,13-35)

Jesusen ikasleetako bi beren taldea utzi eta badoaz. Uste dute, Jesus hil ondoren, ez duela merezi taldean jarraitzea. Etsirik, alde egin dute.
Fedea galdu dutela-edo nabari zaie, gurutzearen eskandaluagatik. Etsirik ageri dira.
Hartan, Jesus bera atera zaie bidera. Baina ez dute ezagutu. Haiekin doa aurrera Jesus. Liburu Santuak Mesiasi buruz zer esaten duen argitzen die.
Afaltzeko, gelditzera doaz bi ikasleak. Eta berekin gelditzera konbidatu dute Jesus. Hil aurretik mila aldiz egin zuen gauza bera egin du afarikoan Jesusek. Keinu hartan antzeman diote Jesusi. Baina Jesus desagertu egin da.
Jesusen egintza hura seinale bizigarri bihurtu zaie. Orduan, ihes egiteari utzi, etsipena baztertu eta Jesus bizi dela hots egiteari ekin diote.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan, mota bateko edo besteko ezbeharrak jasaten ari diren guztientzat; beren etsipenean, Jainkoaren seinale bat ikusteko laguntza izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Euskal Herriko alderdi politiko guztientzat: guztien gainetik, herriaren ona izan dezaten gogoan eta egintzetan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Hildako gure familiartekoentzat, gerran nahiz goseak hiltzen ari diren guztientzat. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Etxean nahiz egoitzaren batean ditugun gaixoentzat: Jaunak haiei laguntzeko indarra eta argia eman diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.