Desilusiotik gogo-berotasunera
Pazkoaldiko 3. igandea A (2017-04-30)

Dakiguna ahaztu beharra

Emausko ikasleen kontaera ulertu ahal izateko, ahaztu egin behar da iragan egunetan, larunbat Gaubeilatik, Jesusen agerpenen inguruan, irakurritako guztia. Izan ere, Lukasek bertsio berezia eskaini digu gertaerez. Bere ebanjelioaren bukaeran hiru agerpen bakarrik dakartza:
1) Emakume guztiei, ez biri eta ez hiruri, bi aingeru agertu zaizkie hilobira joan direnean, Jesusen gorpua gantzutzera.
2) Emausera doazen bi ikasleei Jesus agertu zaie, baina ez antzemateko moduan, eta ezkutatu egin zaie jaten hastean.
3) Ikasle guztiei, ez Hamaikei bakarrik, agertu zaie Jesus, haragi eta hezur, eta ogia eta arraina jan ditu haien aurrean.
Bi gauzak ematen dute atentzioa, beste ebanjelioetakoekin konparaturik: 1) agerpenak emakume guztientzat eta gizonezko guztientzat dira, ez ez emakume-talde berezi batentzat, ezta hamaikentzat bakarrik; 2) progresio hazkorra: aingeruak – Jesus antzemanezina – Jesus haragi eta hezur.

Jesus, Moises, profetak eta salmoak

Lukasen hiru kontaeretan bada xehetasun komun bat: katekesia. Aingeruak emakumeei mintzo zaizkie, Jesus Emausko biei mintzo zaie, eta beranduago gainerako guztiei. Hiru kasuetan gaia bat bera da: Mesiasek jasan eta hil beharra zuen, bere aintzan sartzeko. Onartzeko eskandalagarriena eta zailena den mezuak asko azpimarratu beharra eskatzen du. Baina nola frogatzen da Mesiasek jasan eta hil beharra duela? Aingeruek diote, Jesusek iragarria zuela jada. Jesus, Emauskoei hitz egitean, Moisesek eta profetek esandakoan oinarritu da. Eta, ikasle guztiei hitz egitean, Jesusek berak adimena ireki die, berari buruz Moisesek, profetek eta salmoek esandakoa ulertzeko. Jesusen hitza eta Itun Zahar guztia heriotzaren eta piztueraren mezu handiaren zerbitzura jarri dira.

Lukasek jarri duen tranpa politikoa

Emausko ikasleena ulertzeko, Lukasen ebanjelioaren hasiera gogoan izan behar da; han, pertsonaia desberdinak esperantza politiko eta sozialik handienak Jesusengan ezarririk ageri dira. Gabriel hasi da: bost aldiz errepikatu dio Mariari semea Israelgo errege izango dela. Ondoren, Maria bera dator: Jainkoa goresten du, boteretsuak beren tronutik bota eta jende apala laudatu duelako, gose direnak ondasunez ase eta aberatsak esku hutsik utzi dituelako. Hirugarren, aingeruak datoz: artzainei Mesiasen jaiotzaz hitz egin die. Zakariasek ere, Joan Bataiatzailearen aitak, Jainkoa goratu du, Daviden etxean pertsonaia bat sustatu duelako, Israel herria etsaien zapalkuntzatik askatuko duena. Azkenik, Ana, laurogeita lau urteko jainkozale iraultzailea, Jesus haurraz mintzo zaie Jerusalemen askapena espero duten guztiei. Esan liteke, esperantza politiko-sozial-ekonomiko baten itxurako bat arnastu nahi duela Lukasek.

Desilusiotik gogo-berotasunera

Bere ebanjelioaren azken kapituluan dakar gaia, Emausko biengan haragitua; hauek ere Jesus Israelen askatzailea izango zela espero zuten. Ez dira galilearrak, ez dira hasierako taldeko kide, baina haien ilusio berak arnastu dituzte Jesusi dagokionez. Konbentziturik daude, bere egintzen eta bere hitzaren ahalmena arazo erlijioso eta politiko handiaren zerbitzura ipiniko dituela Jesusek: Israelen askapenaren zerbitzura. Alabaina, lortu duen gauza bakarra bera heriotzara galtzea izan da. Orain emakume zoro batzuk bakarrik gelditu dira, eta jarraitzaile dudakor eta beldurti batzuen talde bat, etxetik irtetera ere ausartzen ez dena Galileara itzultzeko. Emausko bi hauena, berriz, ez da duda edo beldurra, baizik desilusioa. Eten egin dituzte ikasleekiko harremanak, alde egin dute Jerusalemdik.
Hain desegokia den une honetan atera zaie Jesus bidera biei, eta guztiz eraldatu dituen katekesia eskaini die. Kuriosa da, Jesus ez zaiela agertu berpiztu bezala, ez die eskaini kontsolamendu-hitzik ere. Exegesi-ikastordu bat eman nahi izan die soilik, Legeari eta Profetei errepaso bat ematera eragin die, testu egokiak hautatuz, argituz eta komentatuz. Baina ez ditu asperrarazi batere. Geroago komentatu dute, berari entzutean bihotza sutan zutela.
Topaketa misteriotsua beste misterio batekin amaitu da. Jesusek hain ohikoa zuen keinuak, ogia zatitzeak, begiak ireki dizkie Jesusi antzemateko. Eta horretan berean ezkutatu egin da. Baina bien bihotza eta bizitza aldaturik gelditu dira.
Agerpenen kontakizunen helburua, nola Lukasengan hala beste ebanjelioetan, Jesusen piztueraren fedea baiestea da. Erabilitako arrazoiak oso desberdinak dira. Hau da gaurko kontaera honen berezitasuna: batzar liturgikoetan funtsezkoak izango diren bi osagai hauen bidez iritsi direla ziurtasunera: hitzaren eta eukaristiaren bidez.

Gogo-berotasunetik asperdurara

Zoritxarrez, katolikoen gehiengo handiak erabaki du Emausera alde egitea baina inor ez da itzuli kasik. «Mezak ez dit ezer esaten». Hori da askoren arrazoia, gazte eta ez hain gazteena, eukaristia-ospakizunera ez joateko. «Irakurgaiak ez ditut ulertzen, homilia aspergarria izaten da, eta ezin jaunartu izaten dut aitortu ez naizelako». Neurri handian, horrela pentsatzen eta hori esaten duenak, arrazoia du. Eta pena da. Zeren eta lehenengo mezatzat eman genezakeen hura, bere bi zatiekin (hitzaren liturgia eta komunioa), gogo berotu zituen esperientzia izan baitzuten partaide biek eta fedea biziberritu ziena; Emausko bi ikasleez ari naiz. Hitza eta erritua, Jaunarekin harreman pertsonalik gabe, ez dira izango sekula gogo berotasuna eragiteko eta bihotza sutan jartzeko gai.

José Luis Sicre