Pazkoaldiko 2. igandea B 2015-04-12
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen eta geure pazko-misterioak harrapaturik jarraitzen dugu, liluraturik, gogo beroturik. Bai miresgarria Jainkoaren maitasuna. Jainkoaren errukia. Eskerrak berari.

Gaurko hiru irakurgaiek batak bestea borobiltzen dute. Batak bestea argitzen, osatzen.

Lehenik eta behin, ebanjelioa. Egileak bere elkarteari eskaini dion katekesia da. Ez dugu hartu behar materialki. Joan den igandean, Jesusen piztuera sinesteko testigantzaren beharra azpimarratu genuen. Jesus pizten inork ez du ikusi. Baina Jesus berpiztuak bere moduak ditu pertsonaren bihotzera iristeko. Zer egin zuen Jesus berpiztuak beldurrak jota zeuden ikasle haien bihotza argitu eta sutzeko?

Elkarrekin zeudela agertu zitzaien. Ez fisikoki. Baizik sakramentuz. Modu misteriotsuan. Piztuera egunean berean agertu zitzaien lehenik. Handik 8 egunera berriro. Joanen ebanjelio hau 100. urte inguruan idatzi zuen norbaitek. Adierazi nahi digu, kristauak zortzi egunero elkartzen zirela Jesusen misterioa ospatzeko. Tomasek ere, bakarrik zebilela ez, baizik elkartera etorri zenean antzeman zion Jesusi: «Ene Jauna eta ene Jainkoa».

Alabaina, ez da aski Jesus berpiztuari antzematea. Gaurko bigarren irakurgaiak garbi esaten digu. Fedea, ezinbestean maitasunari loturik doa. Biak errealitate bat bera dira. Jainkoa sinesteak Jainkoa maitatzea esan nahi du. Jainkoa sinetsi eta maitatzean, berriz, lagun hurkoagan konfiantza izatea esan nahi du eta maitatzea. Fedea eta maitasuna, biak batera. Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea biak batera.

Bestalde, maitatzea zer den garbi dator gaurko lehen irakurgaian. Lehen kristauez ari dela, Lukasek esaten digu, «denak bihotz bat eta arima bat» zirela. Inori ez zitzaion ezer falta.

Azken batean, senideok, piztuera solidaritatea da. Jesusen pazko misterioan, heriotzan eta piztueran, gizon-emakumeokin duen solidaritatea agertu digu Jainkoak; gurekiko elkartasuna. «Hain maite izan du Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitio».

Kristau-fedearen eta maitasunaren, kristau-bizieraren oinarria dugu Kristoren piztuera.

Fede hori eta maitasun hori bera agertu nahi izan zituen Joan Paulo II.a aita santuak gaurko igande hau Jainkoaren errukiaren egun ospagarri deklaratzean. Gauza bera agertu nahi izan du Frantzisko aita santuak 2015-2016 urtea Jainkoaren Errukiaren Jubileu Urte deklaratzean.

Anai-arrebok, ezar dezagun bihotzean, sar dezagun barne-barneraino: Jainkoak maita gaitu. Baina gizon-emakume guztiok, denok batean maite gaitu. Horregatik, igande hau Jainkoaren errukiaren igandea deklaratzeak eta datorren urtea Errukiaren Jubileu Urte deklaratzeak giltzarri bat du, argibide bat: ebanjelizazioaren igande izatea, ebanjelizazioaren urte izatea. Mundu guztiak jakin dezala JAINKOA MAITASUNA DELA, JAINKOA ERRUKIA DELA.

DIONISIO AMUNDARAIN