Agerpen bat oso berezia
Pazkoaldiko 2. ig C (2016-04-03)

Jesus berpiztuaren agerpen guztiak dira bereziak. Agerpena kontatzean ere, era desberdinean kontatzen dute ebanjelariek: Markosengan hiru dira hilobira doazen emakumeak (Maria Magdalena, Maria Kleofasena eta Salome); Lukasengan ere hiru dira, baina beste pertsona batzuk (Maria Magdalena, Joana eta Maria Santiagorena); Mateogan bi dira (bi Mariak), eta Joanengan bat (Maria Magdalena, gero pluralean hitz egingo badu ere: «ez dakigu» non ezarri duten). Markosengan, gazte bat ikusi dute, zuriz jantzia, hilobi barnean eseria; Mateogan, aingeru bat ikusi dute, distiratsu, hilobi ondoan; Lukasengan, handik pixka batera, bi gizon agertu zaizkie, jantzi distiratsuz. Markosengan eta Lukasengan ez bezala, Mateogan Jesus ere agertu zaie. Beste alde asko nabarmen genitzake gainerako kontakizunetan. Esango litzateke, nahita jokatu dutela horrela ebanjelariek, ageriko gauzetan, gauza anekdotikoetan geldi ez gintezen. Kontakizun interesgarrienetako bat eta besteak ez bezalakoa 2. igande honetakoa dugu (Joan 20,19-31).

Joanen kontakizun honen berezitasunak

1.- Ikasleen beldurra. Kasu honetan bakarrik nabarmentzen da hain logikoa den puntu hau; gainera, atea itxirik egotearen zehaztasuna, hain bistakoa, aipatzen da. Jesus hil berria dute, biraolaritzat eta Erromaren areriotzat gaitzetsi dute. Haren lagunek zori bera jasateko arriskua dute. Gainera, ia denak, galilearrak dira, gaizki ikusiak Jerusalemen. Ez da erraza izango defendituko duen inor aurkitzea kalera irteten badira.
2.- Jesusen agurra: «bakea zuei». Hasieran juduekiko beldurra aipatu ondoren, agurrik logikoena, Biblian sustrai sakonekoa, beste hau izango zen: «ez beldur izan». Baina ez, hiru bider errepikatu du Jesusek «bakea zuei». Buru azkarren batek esan lezake: «Normala; juduek honela agurtzen dute: halom alekem, arabiarrek salam aleikun esaten duten bezala». Baina ez da halako horrek pentsatzen duen bezain gauza erraza. Agur hau, «bakea zuei», hemendik aparte, soilik Lukasengan ageri da, Jesus ikasleei agertzean (24,36). Arruntena da Jesusek agurrik ez egitea da: ez hamaikei Galilean agertu zaienean (Mk eta Mt), ez Emausera doazen biei (Lk 24), ez aintziran agertu zaien zazpiei (Jn 21). Eta emakumeei Mateogan beste agur bat esaten die: «poztu zaiztezte». Zergatik errepikatzen du hiru bider «bakea zuei» gaurko pasarte honetan? Jesusek azken afarikoan jaulkitako hitzak datozkigu burura: «Bakea uzten dizuet, bakea ematen, eta ez munduak ematen duena bezalakoa. Ez estutu, ez koldartu» (Jn 14,27). Ikasleentzat hain latza den une honetan, Jesusen agurrak bake hori opa die eta eman nahi die, berak bere bizitza osoan eta bereziki bere nekaldikoan bizi izan duen bakea.
3.- Eskuak, saihetsa, frogak eta fedea. Agerpenen asmoa, Jesus berpiztuaren errealitate fisikoa frogatzea da; hartarako, baliabide oso desberdinez baliatu dira ebanjelariak. Emakumeek oinak besarkatzen dizkiote (Mateo); Maria Magdalena besarkatzen saiatu da (Joan); Emauskoek bidelagun dute Jesus, harekin mintzo dira eta ogia zatitzen ikusi dute; Lukasen arabera, ikasleei agertu zaienean, eskuak eta oinak azaldu dizkie, bera eskukatzeko aukera eman die, garbi ikus dezaten ez dela mamu bat, eta arrain-puska bat jan du haien begi-bistan. Ildo berari jarraituz, eskuak eta saihetsa azaldu dizkie, eta Tomasi diotso sar ditzala haietan hatza eta eskua. Argudiorik gailenena da, piztueraren errealitate fisikoa frogatzeko, eta hau, bitxia bada ere, Joanen ebanjelioan dator, zeina fedea oinarritzeko froga fisiko eta mirarien areriorik handiena baita; Joan ebanjelio sinoptikoen mailan jarri izan balitz bezala da, esanez bukatzeko: «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».
4.- Ikasleen poza. Interesgarria da Joanen horrek Lukasek dionarekin duen kontrastea: ebanjelio honetan, Jesus agertzean, ikasleak «izutu egin ziren eta, beren onetik aterarik, mamu bat zela uste izan zuten»; geroago, poza biziko dute harriduraren harriduraz. Erreakzio oso logikoak dira. Joanek, aldiz, poza bakarrik aipatzen du. Horrela bete da azken afarikoan Jesusek egindako promesa: «Zuek orain triste zaudete; baina berriro bisitatuko zaituztet eta pozik jarriko zarete, eta ez dizue inork ere kenduko» (Joan 16,22). Gainerako sentimendu guztiak ez dira ezer.
5.- Misioa. Formula desberdinez baliatuz, ebanjelio guztiak mintzo dira Jesus berpiztuak ikasleei gomendaturiko misioaz, eginkizunaz. Kasu honetan konotazio berezia du: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek». Arazoa ez da, besterik gabe, Jesusen eginkizunari segida ematea. Jarraitu behar dena, bere jatorria Aitagan duena da.
6.- Espiritu Santua dohain eta barkazioa. Marcos eta Mateo ez dira mintzo dohain honetaz, eta Lukasek Mendekoste egunera atzeratu du. Laugarren ebanjelioak, berriz, une honetan kokatu du, bekatuak barkatzeko edo ukatzeko ahalmenari lotuz. Nola interpretatu behar dugu ahalmen hori? Ez du ematen sakramentu-aitortzari dagokionik; geroagokoa da jarduera hau. Gainerako ebanjelio guztietan, ikasleen misio edo eginkizunak lotura estua du bataioarekin. Ematen du, Joanengan, bekatuak barkatzeak edo ukatzeak bataiorako onartzea edo ez onartzea esan nahi duela, eskatzen duenaren prestaeraren eta jarreraren arabera.

«Zorionekoak sinesten dutenak ikusten dutena eta guzti»

Ebanjelioaren pasarte honetan, aldaketa garrantzizkoa gertatzen da hartzaileengan. Lehen zatian, Jesus hamaikei mintzo zaie: haiek agurtu ditu bakea eskainiz, haiek bidali ditu misiolari. Bigarren zatian, Tomasi mintzo zaio, gonbita eginez sinesgogor izan ez dadin. Hirugarrenean, gu guztioi ari zaigu: «Zorionekoak ikusi gabe sinetsiko dutenak».
Gehitu genezake: «Zorionekoak sinesten dutenak ikusten dutena eta guzti». Hau diot, duela egun gutxi Tarragonan gertatu den istripua gogoan dudala, zeinetan zazpi italiar neskak, Erasmuseko ikaslek, bizia galdu baitzuten. Haietako baten aitak komentatu zuen, bere buruaren eta bere emaztearen izenean: «Lehen, Jainkoagan sinesten genuen; orain ezin sinetsi dugu. Ezin sinetsi dugu honelako gauza bat egiten duen Jainko batengan».
Biharamunean Bruselan gertatu diren hilketek antzeko erreakzioa gertatuko zuten, agian. Sarritan sinesten dugu, bere egiteko nagusia gure arazoak konpontzea izango lukeen Jainko batengan. Ahaztu egin gara Aste Santuko mezuaz: bere semea eman digun Jainko batengan sinesten dugu, eta gugatik hiltzeko prest agertu den seme batengan. Tomasek bezala, giza sufrimenaren zaurietan, aztarrenetan, sartu beharko genituzke geure hatzak, aitorpen honetara iristeko: «Ene Jaun eta ene Jainko».

José Luis Sicre