Agerpen berezi-berezi bat
Pazkoaldiko 2. igandea A (2017-04-23)

Jesus berpiztuaren agerpen guztiak dira bereziak. Halakoa kontatzean ere desberdin dira ebanjelariak: Markosentzat hiru dira hilobira doazen emakumeak (Maria Magdalena, Maria Kleofasena eta Salome); Lukasenean ere hiru dira, baina desberdinak (Maria Magdalena, Joana eta Maria Santiagorena); Joanengan, berriz, bakarra da (Maria Magdalena, nahiz eta, ondoren, pluralean mintzo den: «ez dakigu non ezarri duten»). Markosen kasuan, mutil bat ikusi dute, zuriz jantzia, hilobi barnean eseria; Mateorenean, aingeru bat, itxura distiratsukoa, hilobi ondoan; Lukasenean, une baten buruan, bi gizonezko agertu zaizkie, jantzi distiratsuz. Markosenean eta Lukasenean ez bezala, Mateorenean Jesus ere agertu zaie. Beste alde asko nabarmentzen ahal genituzke gainerako kontaeretan. Ematen du, ebanjelariek azpimarratu egin nahi izan dituztela, alde ageriko eta anekdotiko hutsean geldi ez gaitezen. Kontaera interesgarrienetako eta besteak ez bezalako bat, pazkoaldiko A urteko bigarren urtekoa da (Joan 20,19-31).

Joanen kontaera honen berezitasunak

1.-Ikasleen beldurra. Gauza hain logikoa nabarmentzen duen kasu bakarra da, eta ate itxiaren xehetasun hain ikusgarria eskaintzen duena. Jesus hil berria dute, biraolaritzat kondenatu dute eta Erromaren aurkako jazarletzat. Jesusen aldekoek zori bera izateko arriskua dute. Gainera, ia denak, galilearrak dira, gaizki ikusiak Jerusalemen. Ez dute gauza erraza izango defendituko dituenen bat aurkitzea kalera irteten badira.
2.-Jesusen agurra: «bakea zuekin». Juduekiko beldurrari hasieran egindako aipamenaren ondoren, agurrik logikoena, Biblia-erro sakonekoa, segidako hau izango litzateke: «ez beldur izan». Halere, hiru bider errepikatu du Jesusek «bakea zuekin». Pertsona azkar ustekoren batek jaulki lezake: «Jakina; juduen agurra da shalom alekem», arabiarrena «salam aleikum» den bezala. Baina kontua ez da hain sinplea. Agur hori, «bakea zuekin», Lukasengan ere ikasleei agertzean bakarrik ageri da (Lukas 24,36). Sarriena, Jesusek ez agurrik esatea izaten da: ez hamaikei Galilean agertzen zaienean (Markos eta Mateo), ez Emausera zihoazen biei (Lukas 24), ez zazpiei, aintziran agertu zaienean (Joan 21). Eta emakumeei Mateorenean beste formula bat esan die: «poztu zaitezte». Zergatik errepikatu du hiru bider pasarte honetan «bakea zuei»? Jesusek azken afarikoan esandako hitzak datoz gogora: «Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen, ez da munduak ematen duena bezalakoa. Ez zaitezte nahasi, ez koldartu» (Joan 14,27). Ikasleentzat hain latzak diren une hauetan, Jesusen agurrak bere bizitza guztian eta bereziki bere nekaldikoan berak gorde zuen bake hori opa die eta komunikatu.
3.-Eskuak, saihetsa, frogak eta fedea. Agerpenen kontaerek Jesus berpiztuaren errealitate fisikoa demostratu nahi dute; hartarako baliabide oso desberdinez baliatu dira ebanjelariak. Emakumeek oinak besarkatzen dizkiote (Mateo), Jesus berpiztua besarkatzen saiatu da Maria Magdalena (Joan); bera dute bidelagun Emauskoek, berarekin mintzo dira eta ogia zatitzen ikusi dute; Lukasen arabera, ikasleei agertu zaienean, bere eskuak eta oinak agertu dizkie, bera eskukatzeko ahalbidea eskaini die, argi uzteko, ez dela mamu bat, eta beraien aurrean jan du arrain-puska bat. Ildo beretik, eskuak eta saihetsa agertu ditu, eta Tomasi diotso sar ditzala haietan hatza eta eskua. Argudiorik gorenena da hori, piztueraren errealitate fisikoa frogatzeko. Bitxia bada ere, froga fisikoen eta fedea oinarritzeko mirarien areriorik handiena den Joanen ebanjelioan datoz horiek. Joan ebanjelio sinoptikoen mailan jarri balitz bezala da, esanez bukatzeko: «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».
4.-Ikasleen poza. Interesgarria da poz horren eta Lukasek dakarrenaren arteko kontrastea: azken honetan, Jesus agertzean, ikasleak «beldurtu egin ziren eta, ikaraz, mamu bat zela uste izan zuten»; geroago, pozak harridura izango du lagun. Erreakzio oso logikoak dira. Aldiz, poza bakarrik aipatzen du Joanek. Horrela bete da Jesusek azken afarikoan egindako promesa: «Zuek orain triste zaudete, baina etorriko natzaizu bisitan eta pozez beteko zarete, eta ez dizue inork ere kenduko» (Joan 16,22). Gainerako sentimendu guztiak ez dira ezertako.
5.-Misioa. Formula desberdinez, ebanjelari guztiak mintzo dira Jesus berpiztuak ikasleei gomendatutako misioaz. Kasu honetan konnotazio berezia du: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala zaituztet nik zuek bidaltzen». Ez da eginkizun bati jarraipena emate hutsa. Jarraitu behar dena kate bat da, kate-buru Aita bera duena.
6.-Espiritu Santua dohain eta barkazioa. Markosek eta Mateok ez diote ezer dohain honetaz; Lukasek, berriz, Mendekoste egunerako gorde du. Laugarren ebanjelioak une honetan dakar, bekatuak barkatu edo gordetzeko ahalmenarekin uztartuz. Nola interpretatu behar dugu ahalmen hau? Ez du ematen sakramentu-aitortzari erreferentzia egiten dionik; geroagoko jarduera da hori. Gainerako ebanjelio guztietan, ikasleen misioa bataioarekin estu lotua dator. Ematen du, Joanengan, bekatuak barkatu edo lotzeak zentzu hau duela: bataiora onartu ala ez, eskatzailearen prestaketa eta jarreraren arabera.

Bi irakurgai Tomasen aurka

Gaurko mezako lehen bi irakurgaiek arrazoia ukatzen diote Tomasi, honek uste baitu, sinesteko, demostrazio pertsonala eta zientifikoa behar dela. Bi irakurgaiak honelako pertsonez mintzo dira: Jesus berpiztuagan inolako frogarik gabe sinesten dutenez eta fede horren arabera bizi direnez. Lehen irakurgaiak, Apostoluen Eginak liburukoak, ikuskari bikain bat eskaini digu, agian idilikoegia, lehen kristau-elkarteaz. Kritika eta pertsekuzio askoren artean, jende xumeko talde batek apostoluen irakaspena jaso nahi izatea, otoitza, sentimenduak eta ondasunak partekatzea: espero zitekeen guztia gainditzen duen fenomenoa da. Jende honek Jesus piztu dela eta salbatu dituela sinetsi du, inolako frogaren beharrik gabe.

José Luis Sicre