PAZKOALDIKO 5. IGANDEA C 2016-04-24

SARRERA

Senideok, Pazkoaldiko bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Lehenengo irakurgaian bada, besteak beste, kontuan hartu beharreko gauza bat. Paulo eta Bernabe misiolari dira. Batetik bestera dabiltza. Baina toki bat uztean, bertan arduradun bat izendatzen dute. Eliza antolatzen edo erakundetzen hasi dela esan nahi du horrek. Arduradun bat. Baina, jakina, kristau-elkartea handitu ahala, arduradun bat gutxi izango da. Honek beste batzuk hartuko ditu bere inguruan: diakonoak, katekistak, gaixoen arduraduna eta beste.
Aspaldi honetan asko mintzo gara apaiz-eskasiaz, eta arrazoiz. Eta apaizari hurbilagotik lagunduko diotenak? Lazkaoko eta inguruko herrietako kristau-elkarteetan, adibidez, ba al du erretoreak hurbileko nahiko laguntzaile? Ba al du nahiko laguntzaile prestatu? Gogo biziko?
Guztiontzat da hordagoa. Azken batean, modu batean edo bestean, guztioi doakigu kristau-elkartearen ardura. Ebanjelioan Jesusek gomendatzen digun elkarrekiko maitasuna ere bide horretatik doa.
Bizkortu dezala Espiritu Santuak, guztiongan, modu batean edo bestean Kristoren zerbitzari bizi izateko irrika.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (14,21b-27)

Paulo eta Bernabe Antiokiako kristau-elkartetik abiatu dira misiolari, eta hara itzuli dira lehen misio-bidaia bukatu dutenean. Antiokiako kristau-elkarteari pozik kontatu diote beren bidez Espiritu Santuak egin duen guztia: kristau-elkarte berri asko sortu dira. Eta elkarte bakoitzean arduradunak izendatu dituzte, elkartea animatu eta berotu dezaten, aholkuz erregutu diezaioten, irautera gonbidatu dezaten, indartu dezaten.
Beste horrenbeste egin zuen Jesusek ere Pedrori hitz egitean: «Zure alde eskatu diot Jainkoari, zure fedea itzali ez dadin». Senideok, pentsa dezagun geure elkartean batak besteari zer zor diogun, eta munduko beste elkarteei zer zor diegun. Baina norberak besteei zor izateaz aparte, esperantza ere izan behar du besteen laguntzan.

BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (21,1-5)

Apokalipsia liburua esperantzaren liburua da. Gaurko pasarte hau liburuaren azken aldekoa da. Salbamen historiaren bukaeran «emagaldu ospetsu» hura, hau da, Babilonia gaizto hura, Jainkoaren kontrako boterearen sinbolo den hura, erabat galduko da, eta «Bildotsaren emaztea», hau da, Eliza irtengo da garaile. Beste hitz batzuekin esanda: «emagaldu» hitzak Jainkoaren kontrako boterea adierazten du; emagaldu horrek historian barna lortu izan ditu erdizkako garaipen batzuk, baina azkenean hondatu egingo da erabat. Eta Kristo bitarteko dela, emaztearen, hau da, Elizaren esku gelditu da garaipena. «Itsasoa» da munduko gaitzaren sinboloa, eta gaitz horren iturburua aipatu dugun «emagaldu» hura da. Iturburu hori galtzearekin, dena berri egingo da: zeru berria eta lur berria. Senideok, saia gaitezen berritasun hori aurreratzen geure ahaleginaren bidez.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (13,31-33a.34-35)

San Joanen liburuko kapitulu hauei, 13tik 17ra, «Jesusen agurra» esaten zaie. Gaurko zatian, bera badoala agertu die Jesusek ikasleei. Eta, jakina, agur egitean, beroagoak izaten dira aholkuak eta erreguak.
Ebanjelioaren lehen zatian, bi hitz hauek azpimarratu ditu Joanek Jesusi buruz: ni naiz argia, ni naiz bizia.
Bigarren zati honetan, berriz, maitasuna azpimarratu du: «Agindu berri bat demaizuet: maita dezazuela elkar, nik maite izan zaituztedan bezala». Gure maitasunaren oinarria Jesusen maitasuna da. Berak maite izan gaitu lehenik. Maitasun hori izango da kristauon ezaugarria.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliza osoaren alde: kristau-elkarte guztietan arduradun sutsu eta egokiak sor daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Mundu osoan kartzelan bizi diren guztien alde: gizakiari dagokion duintasunez tratatuak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3. «Zeru berria eta lur berria» delakoak kristauen konpromisoaren utopia eta ametsa izaten jarrai dezan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure arteko gaixoen, pobreen eta langabetuen alde: gizarte zuzenagoa eratu nahi dutenen berotasuna senti dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.