Hiru erreakzio Jesusen piztueraren aurrean (Joan 20,1-9)
Pazko igandea B (2018-04-01)

Hautapen arraro bat

Elizak igande honetan bi esaldi hauek errepikatzen ditu gehienik: «Kristo piztu da» eta «Jainkoak berpiztu du Jesus». Gai honetaz Itun Berriak egiten dituen baieztapenen laburpen dira.

Halaz guztiz, igande honetako ebanjeliotzat beste hau hautatu dute: protagonistatzat ez Jainkoa, ez Kristo dauzkana, piztuera ere aitortzen ez duena. Aipatzen dituen hiru protagonistak gizaki huts dira: Maria Magdalena. Pedro eta ikasle maitea. Aingerurik ere ez da ageri. Joanen ebanjelioaren kontakizun honek pertsonaia hauen erreakzioak ditu erdigune, erreakzio oso desberdinak.

Maria Magdalenak presaka erreakzionatu du: aski izan du hilobiko harlosa kendu dutela ikustea, norbaitek gorpua eraman duela ateratzeko; piztuera burutik pasatu ere ez.

Simon Pedrok polizia-ikuskari zorrotz batek bezala jokatu du: korrika joan da hilobira, baina ez da mugatu, Maria bezala, harlosa kendu dutela ikustera; sartu egin da, zoruan zeuden bendak ikusi ditu; buru-zapia, berriz, beste leku batean ikusi du, bildurik. Baina ez du atera inolako konklusiorik.

Ikasle maitea ere korrika joan da, Simon Pedro bera baino arinago, baina haren zain egon da patxadan. Eta Pedrok ikusi duen gauza bera ikusi du, baina Jesus piztu egin dela atera du konklusio.

San Joanen ebanjelioak, urtean barna bere hitzaldi korapilatsuekin hainbeste sufriarazten digun horrek, mezu bikain bat eskaini digu gaur: Jesusen piztueraren aurrean pentsa genezake: edota lapurreta bat izan dela (Mariak), edota ez dakigula zer pentsa (Pedro) edota fedearen jauzi misteriotsua egin dezakegula (ikasle maitea).

Zer dela-eta egon da ikasle maitea Pedroren zain?

Sarritan interpretatu izan da honela gertaera hau. Ikasle maiteak (Joan izan edo dena delakoa) kristau-elkarte aski partikularra fundatu zuen; arriskua izan zuen bere burua beste elizak baino goragokotzat hartu eta haiengandik bereizteko. Izatez, laugarren ebanjelioak oso argi utzi digu fundatzaile horren egundoko intuizio erlijiosoa, Pedrorena baino goragokoa: ikasle maiteak aski izan du ikustea sinesteko; geroago gauza bera egingo du Jesus Galileako lakuan agertuko zaienean: berehala atera du «Jauna dela». Halaz guztiz, intuizio goragoko horrek ez du ipini bera Pedroren gainetik: honen zain egon da hilobiaren sarreran, errespetuaren seinale. Ikasle maitearen elkarteak, bere fundatzailea imitatuz, Eliza osoari loturik sentitu behar du bere burua, zeinen erantzule baita Pedro.

Beste bi irakurgaiak: onurak eta konpromisoak

Ebanjelioak ez bezala, igande honetako beste bi irakurgaiek (Apostoluen Eginak 10,34a.37-43) eta Kolosarrei gutuna 3,1-4) biribilki baieztatzen dute Jesusen piztuera. Biak desberdinak dira; halere, badute batzen dituen zerbait:

a) biek aipatzen dituzte Jesusen piztuerak guretzat dituen onurak: bekatuen barkazioa (Eginak) eta geroko aintza (Kolosarrei gutuna);
b) biek baieztatzen dute, Jesusen piztuerak konpromiso bat duela kristauentzat: predikatu eta testigantza egin, Apostoluek bezala (Eginak), eta amestu goiko ondasunak, han baitago Kristo, eta ez lurrekoak (Kolosarrei gutuna).

José Luis Sicre