BAZKOKO BIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Lehen giristinoen elkartea )

Apostoluen Egintzetarik 5,12-16

12 Jerusalemen, Apostoluen eskuz,
seinale eta egintza harrigarri ainitz gertatzen ziren herrian.
Gogoz bat, fededun guziak Zalomonen aterpean egoiten ziren.
13 Beste nehor ez zen heienganat biltzera ausartatzen,
herriak goraipatzen bazituen ere.
14 Gero eta gehiago ziren fedearen bidez
Jaunari elkartzen zitzaizkionak, gizon eta emazte.
15 Eriak karrikarat ateratzen zituzten, eta ohe eta andetan ezartzen,
Petri pasatzean haren itzalak bederen bat edo beste hunki zezan.
16 Jerusalem inguruko herrietarik ere
jendalde handiak etortzen ziren,
eriak eta izpiritu gaixtoen menean zaudenak ekarriz,
eta denak sendatzen ziren.

Ametsetakoa iduritzen zaiku Lukek hemen erakusten daukun lehen girixtino anaidia. Badira
beste hiru holako Apostoluen Egintzak liburuan. Ez dezagun uste ukan halere, dena hoin eder zela
girixtino anaidietan. Ondoko igandetan besterik ere ikusiko dugu.
Lukek lehen girixtinoak hoin kolore ederretan erakusten baditu, bere xedea badu : nahi luke
denetan eta beti girixtinoak maitagarriak eta erakargarriak izan zitezen. Ez ote da hori mundu
guzian Berri Onaren jakinarazteko biderik hoberena?
Mementoko Jerusalemen gira. Jesus piztu berria da. Lehen girixtino horiek juduak dira,
tenplorat biltzen direnak usaian bezala. Bainan orai leku berezia badute kanpoan : kalostrape luze
bat, Salomonen aterbea deitua. Girixtinoak ez dira beraz berehala berexi juduetarik : Testamendu
Zaharra berena dute, hartan idatzi promesak orai jesusen baitan beteak badira ere. Juduen eta
girixtinoen arteko haustura geroago gertatuko da emeki-emeki, bainan oraidanik girixtinoak
berexten dira, gogoz ez bada, bederen lekuz, eta hori Lukek azpimarratzen du :” Beste nehor ez zen
heienganat biltzera ausartatzen.”
Beste pundu bat Lukek argitan ezartzen duena : Petrik eta beste apostoluek egiten dituzten
sendatzeak: “Jerusalemen apostoluen eskuz, seinale eta egintza harrigarri anitz gertatzen ziren
herrian.” Jesusek hasia orai apostoluek segitzen dute, eta apostoluen ondotik mendeetan barna
girixtino guziek. Guri da orai lekukoaren hartzea gure aitzinekoen eskutik. Berri Ona ez da bera
zabaltzen. Gure beharra badu.
Beste gauza batez ere ohartarazten gaitu Lukek : “Gogoz bat, fededun guziak Salomonen
aterpean egoiten ziren …Gero eta gehiago ziren fedearen bidez Jaunari elkartzen zitzaizkionak.”
Luken arabera, jende anitz bihozberritzen bazen, Jesusen ganat itzuliz, ez zen apostoluen
mirakulueri esker, bainan girixtinoak “gogoz bat” zirelakotz. Jesusek berak errana zuen : “Elgar
maite baduzue, hortarik ezagutuko dute guziek nere dizipulu zireztela.” (Jn 13,35) Jainkoa lagun,
ezin eginezkorik ez da. Lehen girixtinoak gu bezalakoak ziren gizon eta emazte, beren ongaitz
guziekin, eta Berri Ona gutaraino helarazi dute. Guri orai ondokoeri mezutzea.

Salmoa 117

Leloa: Jaunari kanta, ona baita :
Amodioa betiko baitu betikoa!

Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betikoa du betikoa!
Jainkozaleek gora kanta
Amodioa betikoa du betikoa!
Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina
Gure begien, gure bihotzen miragarri.
Hau da eguna Jaunarena,
Pitz eta kanta: zer zoriona! zer eguna!
Oi, Jauna, izan salbagarri!
Oi, Jauna, eman ontasun, indar eta sari!
Ongi-etorri! Agur zuri!
Jaun izenean heldu denari, on-iturri.
Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betikoa du betikoa.

Salmo hunen lehen bertseta eta azkena ber-berak dira : “Jaunari kanta, ona baita : Amodioa
betikoa baitu, betikoa.” Bi bertset horien artean, 22. bertsetak harri bat aipatzen du. Zertaz ari da ?
“Egilek utzi harri hori bilakatu da denak datxizkan ezkin-harria.” Jesusek berak aipatu zuen bertset
hori Pasionea aitzin, bere mixterioaren argigarri. Farisaueri kondatu zioten ere mahastizain
hiltzaileen parabola (Mt 21, 33-46). Delako mahasti-zainek nagusiaren semea hil zuten. Kondaira
horren bidez Jesusek aditzera emaiten zuen hura bera zela delako harri arbuiatua, oraikoan etxearen
giltzarri bilakatua :”Jainkoaren erresuma zueri kendu eta fruitua aterako dion herri bati emanen
zaio. Harri horren gainerat eroriko dena hautsiko da, eta harria gainerat eroriko zaiona, lehertuko
du.” (Mt 21,43-44) Ateraldi horren bidez Jesusek erran nahi du Jainkoa bizi-iturri dela
fededunentzat, bainan arbuiatzen dutenek jakin bezate galbidean direla, beren zorigaitzerako.

Bigarren irakurgaia

( Ni naiz bizi dena: izkiria zazu ikusten duzuna )

Jondoni Joaniren Apokalipzatik 1, 9-11a. 12-13.17-19

9 Ni, Joani, zuen anaia eta laguna
hersturan, erregetzan eta iraupenean Jesusen baitan,
Patmos deitu uhartean nindagon
Jainkoaren hitzagatik, eta Jesusen lekuko izaiteagatik.
10 Jaunaren egunean, Izpirituak hartu ninduen,
eta nere gibelean mintzo ozena entzun nuen tronpetarena bezalakoa.
11 Hau zion :
“ Izkiria zazu liburu batean ikusiko duzuna,
eta igor Asia ttipiko zazpi eliz elkarteetarat.”
12 Gibelerat itzuli nintzen, nor mintzo zitzaitan ikusteko.
Itzulirik, urrezko zazpi argi-mutil ikusi nituen;
13 eta heien erdian gizaseme iduriko bat, soineko luzez jantzia,
bularraldea urrezko gerrikoz lotua.
17 Ikusi nuenean, hila bezala erori nintzen haren oinetarat,
bainan eskuineko eskua gainean ezarri zautan, erranez:
“ Ez beldur izan! Ni naiz Lehena eta Azkena,
18 Ni naiz Bizi dena;
hilik egon nintzen,
bainan orai bizirik nago menderen mendetan,
eta nik dauzkat herioaren eta hilen egoitzaren giltzak.
19 Izkiria zazu, beraz, ikusi duzuna,
orai dena eta gero izanen dena.”


Sei igandez segidan Apokalipsia ukanen dugu irakurgai. Liburu hau frango hetsia da, bainan
gako zenbaiten bidez konpreni daiteke.
“Apokalipsia” grekozko hitza da. “Agerpen” erran nahi du. Gorderik dagon zerbaiten
agerpena da Apokalipsia. Idazleak, Joanik, munduaren historiaren mixterioa “agertu” nahi dauku,
eta hori harritzeko ikusgarri batzuren bidez. Egungo pasartean “ikusi” hitza bost aldiz irakurtzen da.
Apokalipsia Berri Onaren liburua da, eta ez berri txarrena, ardura uste den bezala.
Jainkoaren ongnahia aipu du, Bibliako beste liburuek bezala : Jainkoaren amodioak gisa guzietako
gaitza garaituko du. Zailtasuna hemen irudien ikaragarritasuna da : nola behar dira ulertu ? Nori
buruz idatzia baitzen liburua eta heiek konprenitzen zuten, beren bizi-ingurumenean. Orduko giroa
pertsekuzionea zen, “herstura”, bigarrEn lerroan errana denaz.
Pertsekuzionea zelakotz, liburua fededuneri kuraia emaiteko idatzia zen, eta ixilka hedatzen
zen batetik bestera. Gai nagusia hau da : Orai pertsegituak zirezte, lehertuak, bainan atxik ! Kristok
gaitza garaitu du, heriotzeari berari ere nagusitu da.
Bainan mezu hori ez da pertsegitzailearen beharrietarat emaiten ahal. Orduan noizbaiteko
ixtorioak kondatzen dira ikuspen beldurgarri batzuren bidez. Bainan hori azala da, etsaiak deusik ez
dezan konpreni. Daniel profetaren liburua gisa berekoa da. Jesu Kristo aitzin idatzia izan zen (165
inguruan) Antiochus Epiphane errege grekoak juduen kontra zeraman pertsekuzione denboran.
Danielek ez du bere denbora garbiki aipu, baizik 400 bat urte lehenago Nabuchodonosor erregearen
pertsekuzionea. Lerroen artean irakurtzen zakienak ulertzen zuen zertaz eta nortaz ari zen: orai
Antiochus-ek pertsegitzen gaitu, bainan azkenean garaile aterako gira.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Tomasek Jauna ikusi eta du sinetsi.
Bai dohatsua, ikusi gabe sinesduna!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 20, 19-31

19 Jesus hil-eta, asteko lehen egunean, ilunabarrean,
ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez.
Jesus etorri zen, eta heien erdian zagola, erran zioten:
“ Bakea zueri!”
20 Hori erran-eta, erakutsi ziozkaten eskuak eta sahetsa.
Dizipuluak bozkarioz bete ziren, Jauna ikustearekin.
21 Jesusek berriz erran zioten:
“ Bakea zueri!
Aitak igorri nauen bezala, nik ere zuek igortzen zaituztet.”
22 Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat, eta erran:
“ Har zazue Izpiritu Saindua.
23 Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue,
barkatuak izanen zaizkio;
nori ere atxikiko batiozkatzue, atxikiak izanen zaizkio.”
24 Hamabietarik bat, Tomas ( hitz horrek erran nahi du: biritxi )
ez zen heiekin, Jesus etorri zenean.
25 Bertze dizipuluek erran zioten:
“ Jauna ikusi dugu.”
Harek aldiz ihardetsi:
“ Ez badut ikusten haren eskuetan itzeen marka,
ez badut emaiten ene erhia itzeen tokian,
ez badut ezartzen ene eskua haren sahetsean, ez dut sinetsiko.”
26 Handik zortzian, dizipuluak berriz etxean zauden,
eta Tomas ere heiekin.
Etorri zen Jesus, ateak hetsirik zirela,
eta heien erdian zagola, erran zioten:
“ Bakea zueri!”
27 Gero erran zion Tomasi:
“ Hurbil hunat erhia, eta ikus ene eskuak;
hurbil eskua eta ezar ene sahetsean,
ez izan sinesgogor, bainan izan sinesdun.”
28 Tomasek ihardetsi zion:
“ Ene Jauna eta ene Jainkoa!”
29 Jesusek erran zion:
“ Ikusi nauzulakotz duzu sinetsi?
Dohatsu ikusi gabe sinesten dutenak.”
30 Beste ezaugarri asko egin zituen Jesusek bere dizipuluen aitzinean.
liburu huntan izkiriatuak ez direnak.
31 Hauek aldiz izkiriatu dira, sinets dezazuen
Mesias eta Jainkoaren semea dela Jesus,
eta sinetsiz, bizia ukan dezazuen haren izenean.

“Jesus hil eta asteko lehen egunean…” Egun hori igandea zen. Ez da bakarrik xehetasun
kronologiko bat, Joanik emaiten daukuna. Bere Ebanjelioa Jesus hil eta 60 bat urte geroago idatzi
zuen. 60 urte girixtinoek Jesusen piztea ospatzen zutela.
Juduentzat, aspaldian, igandea asteko lehen eguna zen, lan eguna. Besta eguna, pausuko eta
otoitzekoa, larunbata zen (sabatoa). Jesus sabato biharamunean piztu zen, eta dizipulueri agertu
zitzaioten behin baino gehiagotan eta aldi oroz igandekari. Asteko lehen egun hori Aro Berriaren
lehen eguna iduritu zitzaioten girixtinoeri : zazpi egunetako astea judueri zazpi egunetako
kreazionea oroitarazten zioten bezala, Jesusen piztearekin hasi aste berriak kreazione berria
gogoratzen zieten girixtinoeri.
“Ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez.” Eta Jesusen lehen hitza : “Bakea
zueri” da, juduen usaiako agurra. Hori ustegabetakoa izan bide zen holako egun kezkagarriak bizi
ondoan : azken hilabetetako herstura, Pasione egunetako izialdurak eta laztura.
“Dizipuluak bozkarioz bete ziren Jauna ikustearekin.” Bozkarioan bai, bainan ez deusik
gertatu ez balitz bezala, baizik gertatu denarengatik, Piztuaren bake horrek gerta daiteken guzia
gainditzen baitu.
” Har zazue Izpiritu Saindua. Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue, barkatuak izanen
zaizkio.” Garbiki ageri da nola Izpiritu Sainduaren emaitza eta baketzeko misionea elgarri lotuak
diren. Gizonak Jainkoarekin baketzeaz beste misionerik ez da. Gaineratekoa horren ondorioa da.
“Aitak igorri nauen bezala, nik ere igortzen zaituztet.” Zoazte mezutzera bekatuak barkatuak
direla. Baketzearen mezulariak izan zaitezte. Aitak zuen beharra badu hortako : “Aitak igorri nauen
bezala.” Jesusen ahotik horra hemen bere misione guziaren laburpena. Erran baginauku bezala :
Aitak igorri nau mezutzera bekatuak barkatuak direla, Jainkoak ez duela gizonen bekatuez kondurik
atxikitzen. Mezuaren muina hau da : Jainkoa amodio eta barkamendu da. Eta nik hori mezu
dezazuen galdegiten dauzuet. Bekatu bakarra, beste guzien erroa : Jainkoaren amodioan ez sinestea.