Otsailaren 2a Jaunaren Aurkezpena 2020-02-02
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen Aurkezpena ospatzen dugu. Dena gaurko ebanjelioak dakarren bezala gertatu ote zen? Segur aski, ez. Baizik eta Jose eta Maria beste juduek egiten zuten bezala joango ziren tenplura: Mariaren garbikuntza (garai hartan uste zuten bezala) egitera eta Jesus, lehen semea (Legeak eskatzen zuen bezala) eskaintzera.

Ebanjelariak, aukera edo parada horretaz baliatuz, katekesi bat eskaini nahi izan digu. Hitz gutxitan esateko, hauxe; ideia-multzo berriak eskaini dizkigu, gauza guztiak beste modu batean pentsatzera eraman gaitzaten. Eta ideia multzo hori Jesus bera da.

Ikus dezagun laburkiro Lukasen katekesi hau.

Ebanjelioetan askotan errepikatzen da esapide edo lelo hau: Moisesen edo Jaunaren legearen arabera. Gaurkoan, Lukasek, horrelako bi arau edo lege agertu dizkigu.

Batetik, amak garbikuntza egin beharra zuen haurra izan eta 40 egunera (Lebitarrak 12,2-8); garbikuntza hori egin arte, ama ezin zen hurbildu leku sakratuetara, eta garbikuntzakoan eskaintza txiki bat egin beharra izaten zuen.

Bestetik, lehen semea berreskuratu beharra izaten zuten (Irteera 13,11-16), eskaintza bat eginez. Egiptotik Jainkoak herria askatu izanaren oroitzapena eta prezioa zen. Seme zaharrena Jainkoarena zen, baina eskaintza bat eginez, berreskuratu egiten zuten.

Juduen ohiko aurkezpenetan, gurasoak izaten ziren protagonista. Gurasoek aurkezten eta berreskuratzen zuten haurra. Jesusen Aurkezpenekoan, berriz, Simeon agureak eta Ana adinekoak Jainkoa bera ordezkatzen dute; esan nahi da, Jainkoa bera da Jesus aurkezten eta eskaintzen duena, herria salbatzeko. Aurkezpen hau, Epifania berri bat da, Eguberri berri bat.

Simeon eta Ana. Pertsonaia historikoak ote dira? Edozein kasutan balio sinbolikoa duten irudi dira. Alde batetik, Espirituak tenplura eramanik eta argiturik, esker ona agertu nahi diote Jainkoari, profetek hitzemandako Mesias / Salbatzailea ikusi dutelako. Bestetik, fede-bizitza bizi izan duten pertsonaia dira. Simeon, batez ere, zain-zain, esperantzaz bizi izan den pertsonaia da. Legearen, hau da, Espirituaren esaneko bizi izan den pertsonaia. Mesias / Salbatzailea agertu den une edo momentu honen zain-zain bizi izan da. Ana, berriz, bere bihotza garbi edukitzen saiatu den emakumea da; barau eta otoitz eginez. Gainera Aser-en tribuko da; Israelgo triburik txikienekoa; Jainkoa txikiez eta ahulez baliatzen dela adierazten du.

Bi pertsonaia hauek juduen arteko jende jainkozaleenaren irudi eta sinbolo dira: esperantzaz, alai, esaneko bizitzearen sinbolo.

Simeonen profezia Mariari. Ezpata batek zeharkatuko dizu bihotza. Seme hau kontraesanaren zeinu izango da. Mariak, jakina, asko sufritu beharko du seme hori dela-eta. Halere, profezia hori era zabalagoan hartu behar da: Herri osoak, Eliza osoak egin beharko duen ibilbidea irudikatzen du Mariak. Herri osoak, Eliza osoak bizi beharko duen gurutze-bidea irudikatzen du: nekea, oinazea, ilunaldiakā€¦ bizi beharko ditu, ez Mariak bakarrik, baizik eta Jesusen jarraitzaile orok.

Azkenik, Simeonek haurra besoetan hartu izana sentimentalismo hutsa baino asko gehiago da. Adierazten digu, fedea ez dela egia batzuk sinestea. Baizik eta Kristori estu lotzea dela; pertsonak pertsonarekin bat egitea; Kristorekin gozatzea eta alaitzea dela; Kristo egiaz besarkatzea dela.

Jose, Maria eta Haurra Nazaretera erretiratu eta han beste edozein familia bezala bizi izanak, Jesus testuinguru normal batean hazi izan dela adierazten digu. Mirari eta gauza ikusgarrietatik aparte.

Bukatzeko, Lukasek katekesi bikain eta ikusgarria eskaini digu. Geure fedea bizitzeko. Honela laburtzen ahal genuke: Jainkoak bere semea aurkeztu nahi izan digu. Seme hori izango da gure Salbatzailea. Seme hori kontraesan-zeinu izango da; horrek bihotza zeharkatuko dio, bai Mariari, bai Jesusi jarraitu nahi dionorori. Kristau-fedea, Jesus bihotzez besarkatzea izango da.

Izan ditzagula lagun Jose, Maria eta, batez ere, Jesusen Espiritua.

Dionisio Amundarain