Duintasunik eza, harrera eta saria (Mateo 10,37-42)
Urteko 13. igandea A (2017-07-02)

Apostoluei eskainitako diskurtso luzea (11-13 igandeetan laburtua), Jesusen esaldi-sail batekin amaitzen da, aldi berean oso zorrotzak eta oso kontsolagarriak. Zorrotzak apostoluei doazkie; kontsolagarriak onartzen dituztenei.

Zein ez da Jesusen duin?

Saila hiru esaldirekin hasten da, era berean bukatuekin: «ez da nire duin». Lehen biak oso lotuak dira elkarrekin: ez da Jesusen duin, bere aita edo ama hura baino maiteago duena, edota bere seme-alabak hura baino maiteago dituena. Esaldi hauek Deuteronomio liburuak (33,9) lebitarrez dioena dakarte gogora. Lotura familiarren eta Jainkoarekiko leialtasunaren arteko gatazka larri baten kasuan, bigarren honen alde jo zuten lebitarrek. Lebik, lebitar guztien ordezkariak, «esan zien bere gurasoei»: “ez dut zuekin zerikusirik”; eta «bere anai-arrebei»: “ez zaituzten aintzat hartzen”; eta «bere seme-alabei»: “ez dut zuekin ezer jakin nahi”. Bete zituzten lebitarrek zure esanak, leial eutsi zioten zure itunari».

Esan liteke, lebitarren jarrera bera eskatzen diela Jesusek ikasleei. Baina bada alde oso garrantzizko bat: horrela jokatzean, Jainkoaren aginduekiko eta haren itunarekiko leialtasunez portatu ziren lebitarrak; ikasleek Jesusekiko maitasunez jokatu behar dute. Jendearekiko maitasuna baino maitasun handiago hau eskatzean, Jainkoaren mailan jarri du Jesusek bere burua, eta Jainkoa, gauza guztiak baino gehiago maitatu behar da.

Lehen kristauak, pertsekuzio-aldian, aukera egin beharrean gertatu ziren batzuetan Jesusekiko maitasunaren eta leialtasunaren eta familiarekiko maitasunaren artean. Gogorra zen aukeratzea, baina jende askok egin zuen, konbentziturik geroko bizitzan berekin izango zituztela beren guraso eta seme-alabak.

Segidako esaldia ere («bere gurutzea lepoan hartzen ez duena…») hobeto ulertzen da Deuteronomio liburuko testuaren argitan. Honek dio, lebitarrek, Jainkoari leial izateagatik, sari handi bat hartu zutela eta duintasuna: «Erakutsiko dizkiete zure aginduak Jakobi eta zure legea Israeli; eskainiko dituzte intsentsua zure aurrean eta erre-opariak zure aldarean». Jesusek ez die hitzeman horrelako ezer ikasleei. Beste eskakizun bat gehitu du, askoz ere zorrotzagoa: kontua ez da jada pertsona maiteak atzean uztea, baizik eta nork bere bizitzari uko egitea, etorkizunean berreskuratuko duela seguru.

Harrera eta saria

Azken zatia, ikasleei harrera egiten dion jendeari dagokio: ikasleei harrera egitea Jesusi berari egitea da, Aitari berari egitea. Hitz hauek profeten eta jende zuzenaren, hau da, garaiko pertsonaia erlijioso handien oso gainetik jartzen dituzte ikasleak. Lehen irakurgaiak dio, Xumengo ezkontza-bikote batek Eliseo profeta bere etxean hartzea erabaki zuela herritik pasatzen bakoitzean; gela bat eraiki zioten goiko solairuan, ohe batez, aulki batez, mahai batez eta argiontzi batez hornituz. Inbertsio handia zen garai hartarako. Baina jaso zuten beren saria: seme bat jaio zitzaien.

Eliseoren aldean, ikasleak garrantzirik gabeko «gizajo» batzuk irudi dakizkiguke. Inori ez dio buruak emango hauei ostatu iraunkor bat ematea. Baina aski izango da baso bat ur fresko ematea (oso eskertzekoa tabernarik ez denean, ez iturriko urik etxeetan), halako jendeak bere saria har dezan.

Lehen zatian pertsekuzioek eragindako gatazka handiak sumatu baditugu, azken honetan kristau misiolariek askotan bizi izan zutena barruntatzen dugu: harrera maitagarri eta xumea, ezagutzen ez zituen jendearen aldetik. Azken txatal hauetarik, batek bakarrik du paralelorik Markosen ebanjelioan. Gainerakoa, Mateoren jatorrizkoa da; azken kontsolagarria idatzi nahi izan du honek, aho-gustu ona utzi nahi izan digu.

José Luis Sicre