MEZAKO OHARPENAK
URTEKO 26. IGANDEA A (2020-09-27)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 26garren igandea ospatzen dugu gaur. Urtekoa! Aspaldi samar utzi genuen atzera Pazkoaldia; esateko modu bat da hori; izan ere, Eukaristian igandero ospatzen dugu Pazkoa: Jesusen misterio handia: heriotza eta piztuera. Bai. Baina Pazkoaldiaren ondoren, Urtekoa esaten dugun aldia ari gara bizitzen. Igandero-igandero, apurka-apurka, Jesusen ebanjelioa irakurtzen eta entzuten ari gara. Eta zergatik ez esan? Entzuteaz aparte, bizitzen ari gara Jesusen ebanjelioa. Ez dakigula gerta, gaurko ebanjelioko parabolako anaia bietako batena:« bai» esan, eta «ez» egin.
Bai, ebanjelioan haserre mintzo zaie Jesus herriko buruzagiei. Aitari mahastira joango dela esan dion, baina joan ez den semearekin konparatu ditu buruzagi horiek.
Aitzitik, ez dela joango esan, baina gero lanera joan den anaiaren kontrako errabiarik ez du agertu Jesusek. Izan ere, Jainkoak badaki itxaroten. Maitasunak badaki zain egoten. Jainkoak ondo asko daki, geure bizitzan «ez eta bai» ibili ohi garela; zain-zain dago, «bai» hori noiz nagusituko zaion gure bizitzan «ez» horri.
Saia gaitezen argibide bila Eukaristia honetan, eta eguneroko geure bizitzan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (18,25-28)

Babiloniako inperioak K.a. 597an deportatu zituen israeldar asko. Eta 587an erabat suntsitu zuen Jerusalem hiria; Tenplua ere bai, jakina. Bi data horiek banatzen dituzte Ezekiel profetaren bi aroak; lehenengoan, herrian bizi dituzten iskanbilak eta injustiziak salatu ditu; bigarrenean, esperantzarako deia hots egin du.
Gaurko pasarte hau, lehen arokoa da. «herriaren aurrean Jainkoaren zaintzaile» bezala dakusa bere burua Ezekielek; mehatxatzen duen arriskuaren aurrean, herria ohartarazteko jarria den gizon bezala.
Horiek horrela, atentzioa deitzen dio bere herriari. Istilu eta nahasmendutan murgildurik eta itsuturik dabil herria. Horrekin guztiarekin, Babiloniaren bigarren parte hartzea prestatzen ari dira; Babilonia xaxatzen ari dira.
Nahas-mahas honetan, zuhurtasunerako deia egin die Ezekielek. Oro har, esperantza eragin nahi die, Jainkoaren hitz bikain hauekin: «nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte » (18,32).

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (2,1-11)

Filipoko kristau-elkartean ez zuten bizi problema larririk. Halere, bazuten ezbairako joeratxorik. Haiek ere, Jesusek fariseuei eta apaizei esan dien bezala, arriskua dute kontzientzia faltsu bat sortu eta hari temati loturik bizitzeko:«ni ona naiz, ni ona naiz, ni besteak ez bezalakoa naiz, ni…» esanez ibiltzeko arriskua.
Kristoren arabera dabiltzan ala ez ezagutzeko, irizpide hau eman die Paulok filipoarrei: «bihotz errukitsua» izatea. Hau da: gizarteak baztertu duen jendeari baldintzarik gabeko maitasuna agertzea..

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (21,28-32)

Gaur zortzi, mahastiko langileen parabola agertu zien Jesusek Jerusalemgo buruzagiei: langile guztiek soldata bera jaso dute, lanean ordu-kopuru desberdina egin duten arreni.
Hika-mika giroko parabola zen hura. Gaurkoa ere halaxe da. Datorren igandekoa ere hala izango da. Jesusen bizitzako azken aldikoak dira hirurak.
Gaurkoan, bi semeen parabola entzungo dugu. Aitak egindako eskaerari erantzunez, lehen semeak joango dela mahastira, lanera, erantzun dio, baina ez da joango; bigarrenak erantzun dio ez duela gogorik joateko, baina geroago han doa lanera.
Bi jarrera dira: bata, damutuarena; bestea, hipokritarena: «bai» esan, baina egin «ez».
Segidan, bi bekatari-mota tipiko aipatzen ditu Jesusek: batetik, zerga-biltzaileak eta prostituituak; hauek konbertitu dira Joan Bataiatzailearen hitzak entzutean; bestetik, Jerusalemgo apaizak eta buruzagiak; hauek ez diote kasurik egin Joani. Prostituituak eta zerga-biltzaileak jende nazkagarria zen bere burua ontzat zeukan jendearentzat; bestetik, sistemari atxikiak ziren. Prostituituek eta zerga-biltzaileek, berriz, bihotz leunagoa agertu dute.
Batetik, damutuak; bestetik, tematuak. Guztioi dagokigu parabola.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Ezarritako sistemari, eskema zaharkitu bati, alderdi politiko bati… lotu-lotuak bizi direnen alde: Pauloren esanera, bihotz-apalago, bihotz-bigunago, bihotz-askeago, bihotz-bilatzaileago, bihotz-errukitsuago izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Herri-agintari guztientzat: jo dezatela zorrotz eta adoretsu giza eskubideak errespetatzera, eta saia daitezela herrien arteko solidaritatea indartzen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Euskal Herrian langabe bizi direnen alde: beren arazoa konpondurik edota, gutxienik, arindurik ikus dezaten laster. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko herri guztien alde: bila dezatela bidea, gizarte-zuzentasuna eta anai-arreba arteko solidaritatea gauzatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.