ANDRE MARIA SORTZEZ GARBIA B 2014-12-08

SARRERA

Andre Maria Jesusen ikasle handia da. Gauza jakina da: gizaki batek jainko izan nahi izatea da bekatua; gizakiak benetako Jainkoa baztertu nahi izatea da bekatua: bere jarrera, bere jokabidea, bere biziera direla medio.
Jarrera hori gainditzeko, dohain bereziak eman dizkio Jainkoak Andre Mariari. Azken batean, edozein gizakiri bezala. Graziaz betea da Maria. Eta ondo asko baliatu da Maria dohain horietaz. Bete-betean aitortu du Jainkoa Andre Mariak, bere burua jainko egin gabe: «gerta bekit zuk esana» erantzun dio aingeruari. Benetako Jainkoa benetako Jainko aitortzeko modua da hori.
Gu guztiontzat eredu da Maria: fedean, esperantzan eta maitasunean. Ez dugu pentsatu behar Jainkoak Andre Maria super-emakume-edo egin duenik. Beste edozein emakume bezala agertu da Maria Nazareten. Soilik, beste inork ez bezalako erantzuna eman dio bere barnean sumatu duen Jainkoaren deiari.
Andre Maria, Jesusen ama, Elizaren ama, gure ama, zure baitako grazia aitorturik, zu ezaguturik, zu ikusirik, izan dezagula, geure baitan dugun grazia ezagutzeko argia; izan dezagula geure bokazioari erantzun egoki eta beroa emateko ausardia eta fedea; izan dezagula esperantza bizia, zuk lortu duzun zeruko aintza guk ere lortuko dugula zure laguntzari esker eta zure Seme Jesu Kristoren graziari esker; izan dezagula gizon emakume guztientzat maitasuna, zuk erretiroan eta isil-isilik Jesus zeure Semearen asmoa onartuz agertu zenuen jarreran azaldu zenuena bezalakoa.
Gaur, bestalde, Seminarioaren eguna ospatzen dugu. Otoitz egin dezagun, Maria bezalako zerbitzari zintzo eta handiak sor daitezen, gizadi osoaren onerako.

LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera (3,9-15.20)

Hasiera liburuko pasarte honek Adamen eta Evaren bekatua adierazten digu. Mito bat da, ipuin ba da pasarte hori guztia. Baina bekatua zer den adierazten digu: Jainkoak gizakiari zorionerako bide bat erakutsi eta gizakiak beste bat hartu, Jainkoari kasurik egin gabe.
Pasartearen muina, ordea, ez da bekatu egite hori. Bekatua eta guzti, Jainkoak salbazioa agindu dio gizakiari. Hona nola adierazten duen hori: sugeak engainatu du emakumea; ba, emakumeak joko du sugea buruan.
Beraz, emakumeari parte hartze handia leporatzen dio testuak. Baina parte hartze handiagoa leporatzen dio bekatua ezabatzean.
Batez ere, Andre Mariari aplikatu izan diogu parte hartze hori bekatua ezabatzean, Kristo Salbatzailea ekarri digulako. Baina, salbazio horren ondorioz, guztiok egin gaitu Kristok bekatua ezabatzen jarduteko gai.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei gutunetik (1,3-6.11-12)

Efesoarrei gutunaren egileak ezin hobeto adierazi digu gure parte hartzea bekatua ezabatzen: batetik, Jainkoak Kristogan dohain eta grazia-mota guztiak eman dizkigu; zertako?, ba, santu eta errugabe izan gaitezen; bestetik, Jesu Kristo bezala, bere seme-alaba egin gaitu Jainkoak; zertako?, ba, Jainkoaren aintza goresteko.
Askotan esaten ditugu honelakoak: Jainkoa bedeinkatu, Jainkoa goratu edo goretsi, Jainkoari eskerrak eman. Esan dugun horretan dago hori egiteko arrazoia: bere dohainak eman dizkigulako, bere seme-alaba egin gaituelako.
Horretan ere eredu bikaina dugu Andre Maria, Magnificat izeneko kantikan ageri denez: «Jaunaren handitasuna dut goresten, pozaren pozez dut neure barnea, Jainkoa baitut salbatzaile». Imita dezagula Andre Maria.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (1,26-38)

Gaurko ebanjelioaren pasarte hau oso ezaguna dugu. Aingeruak Mesiasen ama izan nahi duen galdetu dio. Eta Mariak, zenbait dudaren argitasuna eskatu ondoren, baietz erantzun dio: «Gerta bedi nigan zuk diozuna». Eta jarrera hori izan du Mariak bere bizitza guztian. Batez ere, gurutzearen oinean.
Baina har dezagun gogoan «bai» horren arrazoia. Zergatik eman du «bai» hori Mariak. Hona berak argi asko esana: «Hona hemen Jaunaren zerbitzaria». Ohiturik gaude, argitasun horren ordez, beste topiko batzuk azpimarratzen: Maria apala, umila, ezkutukoa etab. Baina ahaztu egin izan dugu beste esapide hori: «hona hemen Jaunaren zerbitzaria». «Zerbitzari» hitza esanahi handikoa da Biblian. Jesusi aplikatuko zaio bereziki. Baina baita Mariari ere. Hauxe esan nahi du gure kasuan: hona hemen Jainkoak sortu duen pertsona, Jainkoak graziaz bete duena, Jainkoari den guztia zor diona. Beraz, Evak jainkosa izan nahi bazuen, Mariak Jainkoaren sorkari dela aitortzen du.
Historia bizi bat bizi izan duena da Maria: erabat eskaini zaio Jainkoari eta Jainkoaren asmoari munduan.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: guztiok Jainkoaren seme-alaba garela aitortu eta agertu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: hitz hutsean gelditu gabe, guztiok Jainkoaren eta gizon-emakumeen zerbitzari izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean eta mundu osoan bokazio biziak sor daitezen: apaiz, erlijioso, erlijiosa eta laiko bereziki konprometitu. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Guztiok izan ohi ditugun bihotz-beheraldietan, Andre Mariagan geure ama ikus dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.