MENDEKOSTE IGANDEA (C) 2016-05-15

SARRERA

Senideok, Mendekoste igandea ospatzen dugu gaur. Urteurren handia: Jesusen ikasleen gain Espiritu Santua etorri zen egunaren urteurrena; ikasleen artean zen Andre Maria ere; ez lehen postuan, baizik, bere bizitzan guztian izan bezala, apal-apal, lehentasuna Pedrori eta beste apostoluei aitortuz; beti ere, Kristoren zerbitzari.
Oroitzapen hori egitean, Espiritu Santua gure gain etorri izana ospatzen ari gara. Gure bataio-eguna ospatzen; kristau izaten hasi ginen egun hura ospatzen; Jesusen anai-arreba egin ginen egun hura; geure artean anai-arreba egin ginen egun hura.
Jesusek, hil aurretik agindu bezala, bere Espiritua bidali du mundura. Mundua berritu egin nahi du: arnasa emanez, jarrera indibidualista elkartasun-jarrera bihurtuz. Geure bizitza Jainkoaren arabera bizi ahal izateko ahalmena dakarkigu Espirituak, izerdi berria arnastu digu. Jesusek, Espiritua hartu ondoren, bere bizitza zeruko Aitaren arabera bizi izan zuen bezala bizitzeko ahalmena da guri eman diguna.
Baina hara: gizon-emakume guztien onerako bizi ahal izateko ahalmena da Espiritu Santuak eman diguna. Gure onarpena, ordea, ez da osoa oraindik. Horregatik gure otoitz egin beharra: Zatoz, Espiritua, eta bete gure barrua, gure burua, gure bihotza, gure eskuak; bete gu zeure izerdiaz, zeure arnasaz, zeure indarraz. Amen.

APOSTOLUEN EGINAK liburutik (2,1-11)

Kristauen aurretik, juduek bazuten beren Mendekoste-jaia: Jainkoak Sinai mendian Israel herriarekin egindako elkargo handia ospatzen zuten jai hartan; Jainkoaren eta herriaren arteko adiskidetasun-elkargoa ospatzen zuten.
Urte hartan, beti bezala, jende asko bildu zen Jerusalemen. Bat-batean Espiritu Santua jaitsi zen Jesusen ikasleen gain. Eta Espirituaren argiaz jende artean hizketan hasi ziren.
Lehenengo zatiari inportantzia gutxiago eman dio Lukasek: Espiritua Apostoluen gain etortzeari. Askoz garrantzizkoagotzat jo du bigarren zatia: Denek beren hizkuntzan ulertzen zieten ikasleei. Denak harriturik zeuden.
Sinbolo bat da hau guztia; hau esan nahi du: Babelgo Dorrean nahasmendua sortu zenaren kontra, orain herri guztiek bat egiteko ordua etorri da. Guk ere Jainkoaren eta gure arteko elkargo handia ospatzen dugu: Espiritu Santuaren etorrera da.
Gaurko pasarte honek gertaera hau azpimarratzen du: Jesusen aldia bukatu da eta Elizaren aldia hasi da; Jesusen egitekoa aurrera eramatea dagokio Elizari. Elizak herri guztiei hots egin behar die Jesusen Berri Ona. Herri guztiek hartuko dute Jesusen hitza.

PAULOK 1 KORINTOARREI (12,3b-7.12-13

Espiritu Santuaren indarrez bakarrik esan dezakegu, fedez, Jesus Jauna dela. Espirituak dohain desberdinak ematen ditu: pertsona bati dohain bat, beste bati beste bat. Baina dohain guztiak elkartearen onerako dira. Denak Jainkoagandik datoz. Kide desberdinek osatzen dugu Eliza; gorputza bezala da Eliza: atal asko ditu. Baina elkarte bakarra osatzen dugu guztiok. Hau da dohainak ondo erabiliak diren ala ez ikusteko irizpidea: elkartea batzeko, elkartea garatzeko, elkartea sanoago bihurtzeko izatea.
Hain zuzen, pasarte honek Korintoko kristau-elkarteak Paulok ikusi zuen banaketa islatzen du. Horrenbestez, Paulok esaten die, dohain handi bat hartu duena ez dela besteak baino handiago. Halakoaren egitekoa, bere dohaina, bere gaitasuna elkarte osoaren onerako erabiltzea dela.

SAN JOANEN EBANJELIOA (20,19-23)

Bereetara dator Jesus berpiztua, aurrez agindu bezala: “banoa, baina itzuliko naiz”. Lau dohain nagusi ematen dizkie ikasleei: bakea, poza, misioa, Espiritu Santua. Ez dizkie ematen lur azpian gorde ditzaten. Fruitua emanarazteko ematen dizkie. Hain zuzen, egiteko hau eman dio Jaunak Elizari, garai hartan ikasleek ordezkatzen zuten Elizari, gaur egun guk ordezkatzen dugun Elizari: mundu osoan Jesusen berri ematea. Baina, geurez ahul garelako, bere Espiritua bidali digu; egiteko hori bete ahal izateko indarra ematen digun Espiritua.
Jesusek arnas egin zuen ikasleen gain. Hasiera liburuak Kreaziokoa deskribatu duenean bezalaxe: buztinaren gain arnas egin eta gizakia sortu. Jesusek, arnas egin eta Espiritua ematean, ikaslea sorkari berri egin du, pertsona berri, gizaki berri. Kristauak, Espiritua hartzean, beste zeregin bat hartu du: mundu guztiari Jesusen berri ona ematekoa.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: etengabe berrituz joan dadin, Mendekoste-eguneko Espirituaren arabera. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Pazkoaldi honetan bataiatu edo sendotu direnen alde: egunetik egunera fedean handitzen joan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Zuzentasunaren, pobreen, gaixoen, presoen alde lanean ari diren guztien alde: behin ere etsi ez dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde: Jesus bezala, maitasunaren, errukiaren, bakearen, esperantzaren emaile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.