Madagaskarretik mezu interesgarria
Herria eta ebanjelizazioa

Mundo Negro aldizkarian (617. zenb., 2016ko ekaina, 35-38 orrietan) irakurri ahal izan dut. Madagaskarreko Luis Rafiringa lehen erlijioso dohatsu deklaratuaren esaldiak dira. Madagaskarren oso ezaguna lider abertzale gisa. Konplot antikolonial batean parte hartu zuelakoan, kartzelatu ere egin zuten. Oso ezaguna lider katoliko bezala ere. Hezitzaile ona. Bere ama hizkuntza sakon ezagutzen zuen. Eta, guztien gain, bere santutasunaz nabarmendu zen. 1856an jaioa. Salletar frantsesen lehen ikasleetakoa Madagaskarren.

Beraren ustea adierazteko funtsezkoa da esaldi hau: «Nazio bakoitzaren ohiturak eta ekanduak ez dira gizon-emakumeen asmakizun; Jainkoaren jakinduriaren egintza dira; halakotzat harturik zor diegu geure errespetua». Bere konbentzimendua oinarritzeko, Bibliara jo du: «Jainkoak gure arbasoei esana die: “hazi eta ugaldu zaitezte, eta bete Lurra”; hala, gizakia alde guztietan barreiatu zen, klima eta paisaia desberdinetan. Diferentzia horiek izan zuten beren eragina leku bakoitzeko jendeagan, eta guztiz desberdinak diren jende-taldeak osatu ziren».

Herri bakoitzaren kultura bereziaz jarduteko, Mendekoste eguneko kontakizunera jo du Rafiringak; «Apostoluen predikua entzuten zuten talde desberdinetako bakoitzak bere herriko hizkuntzan ulertzen zien» dioen hartara. Lekuan lekuko hizkuntzaren garrantzia azpimarratzeko: «zeren eta –dio− “hizkuntza” kontzeptuan biltzen ahal dugu herri bat besteetatik bereizten duen guztia». Eta honela koroatzen du bere gogoeta: «Darmesteter-ek [James Darmesteter (Château-Salins, Frantzia, 28 de marzo de 1849-03-28 / Maisons-Laffitte, 1894-10-19), hizkuntzalaria, orientalista, idazlea eta antikuario frantsesak] idatzirik utzia du: “hizkuntzak ispiluak bezalako dira, herrien buru-ohiturak eta psikologia islatzen dute”».

Misiologiaz ari delarik, zorrotz mintzatu da: «…misiolari batentzat funtsezkoa da ezagutzea bidalia den nazioko ohiturak, ekanduak, pentsaera. Ezagutuko ez balitu, soilik mirariz izango luke arrakastarik bere apostolutzan». Eta konparazio hau gehitzen du: «Fedegabeak jende gaixoa dira, zeinen sendagilea baita misiolaria. Eta gaixoa ezagutuko ez lukeen sendagileak, nola senda lezake? Seguruena da, hiltzera eragingo liokeela».

Jainkoaren obra handia den herrien idiosinkrasia bereziaz ari dela: «paganoak konbertitzeko misio edo eginkizun honek, beste edozein lanbidek bezala, misiolariengan nolakotasun eta ezagutza bereziak eskatzen ditu; horregatik, berezko gauza ematen du, etorkizuneko ebanjelizatzaileentzat aldez aurreko formaziorako etxeak eskatzea, aipatu nolakotasuna eta ezagutzak landu ahal izateko.
Eta misiolari atzerritarrez zehazkiago ari dela: «Madagaskarreko apaizek eta erlijiosoek ez dute aski hizkuntzak, adibidez latina, grekoa edota hebreera bera, ezagutzea. Ezinbestekoa dute malgaxe hizkuntza dominatzea, ortografia eta gramatikatik joskeraraino, gai izatea jendaurrean zuzen hitz egiteko, eta, are, poesia idazteko ere bai. Bestela, malgaxeren txotxongilotzat hartuko dituzte bertakoek, eta ez benetako madagaskartartzat».

Bere nagusiak frantsesak zituen arren, eta bere gutunetako batzuetan erdi-ezkutuan gatazka batzuk ageri uzten dituen arren, Rafiringak bere ikusmoldeari eutsi zion. Formazioaz ari dela: «Gure Bertako Anaiek sakon ezagutu behar dute malgaxe hizkuntza eta honen literatura. Madagaskartar Anaia jendaurrean hitz egitera deitua dago, Nagusi baten interprete izateko edo sakon eskualdatu nahi dituen ideiak argitzeko; kasu horietan bere abildadea azaldu behar du hizkuntzaren erabileran. Baldin eta haur-hizkuntzaz edo zakarrez mintzatuko balitz, mespretxua jasoko luke, eta mespretxuak hil egiten du».

Ideia hauek garrantzi berezia izaten dute erlijioso bat atzerrira bidaltzean: «Madagaskar kulturan ondo formatua direnean bakarrik bidal daitezke gure Bertako Anaiak, onuraz, Reunionera (Frantzia) edo beste norabait, beren kultura garatzera eta sendotzera. Sekula ez aurretik! Zeren eta aski frogatua dago: Europara ikastera doazen gazte madagaskartarrak, beren lurraldera itzultzean, ez dira gai izaten bertako arazoak behar bezala kudeatzeko; batez ere, madagaskartarren berezko burubidea galtzen dutelako».

Eskolaren beharra azpimarratzen du. Baina gogor esaten du: «Madagaskartarren burubidea europarren burubidearekin aurrez aurre dago, eta eskolaren estiloak herrien burubidea kontuan hartu behar du; beraz, gazteria madagaskartarraren heziketan madagaskartarren estiloa erabili behar da, eta ez beste nazioena. Horrela jokatu ezean, eskolak hil egingo lituzke edota astotu madagaskartarren fakultateak, sendotu eta lorarazi ordez».

Gazteak kristau-fedean hezteari dagokionez, dio: «Familia paganoak fedeari dagokionez oso arrotz dira, eta, ondorioz, haurrei kristau-heziketarik ezin eman diete; horregatik, ondo kudeatutako barnetegi batek gainezka gaindituko luke eragozpen hori».

«Barnetegiko haurrak, gau eta egun hezitzailearekin bizi direlarik, haren eskuetan buztingilearen eskuetan buztina bezala izango lirateke. Horrela, gainerako ikasleak baino heziketa jarraikiago batekin hezten ahal ditu»

Azken ikuspegi hau, borondate onez botatako ideia arren, Vatikano IIa. kontzilioaren ikuspegik batez ere, ez litzateke izango hain gizabidezkoa izango: ezin neurtzen ahal da den-dena efikaziaren ikuspegitik.

Dena den, Rafael Luis Rafiringa anaia dohatsuak ohorezko lekua mereziko luke misiogintzaz ari direnen artean. Nagusiki, misiolariak hartzen dituzten gizarteetan bizitzaren eta kristau-mezuaren inkulturazioa aintzat hartzen dituztenen artean.

Eta gure-gurean ari direnen artean? Aski ote da, Erroman hainbeste apaiz «dauzkat» esan ahal izateko, handik eta hemendik apaiz-ale batzuk ekartzea?

D. Amundarain