Jesusen Bataioa (Lukas 3,15-16.21-22

C urtea 2019-01-13

Ariketa sinple bat eta ezusteko bat

Imajina ezazu hamabi urte zinenetik hogeita hamarreko izan arte (eman dezagun iritsia zarela adin honetara) egin izan duzun edo gerta izan zaizun guztia. Zerrenda idazten baduzu, orrialde bat baino gehiago beharko duzu. Xeheki garatzen baduzu, liburu bat irtengo zaizu.

Hau da ezustekoa: Jesusen hogei urtez ez dakigula ezer ere kasik. Lukasen arabera, gurasoekin tenplura igo zenean hamabi urte zituen; bataiatu zenean «hogeita hamar» inguru. Zer gertatu da tarte luze horretan? Ez dakigu ezer. Edozein teoria proposatzen dela ere, imajinazio hutsekoa izango da.

Ebanjelarien isiltasun hau deigarria da oso. Gauza interesgarririk kontatzen ahal zuten urte haietaz: Nazaretez, lurrean zulatutako etxe bereziak eta guzti; eskualdeko hiriburuaz, Seforisez alegia, 5 km hutsera zegoenaz, Jesus haur zenean Erromatarren erasoa jasan baitzuen, eta bertako jendea esklabo saldua izan baitzen; eskualdeko hiriburu berriaren, Tiberiadesen, eraikuntzaz, Galileako aintzira-ertzean, Jesusek hogei urte eta zerbait gehiago zituenean bukatu baitzuten. Ebanjelariek ez digute esan horrelako ezer; ez zaie axola beren protagonistaren biografia kontatzea.

Baina Ebanjelarien isiltasun hori baino deigarriagoa da Jainkoaren isiltasuna. Samuel profetari haur zenean dei egin zion (Flavio Joseforen arabera, 12 urte zituen); Jeremiasi mutiko zenean eta bere misio betetzeko gai ez zela uste zuenean; Isaiasi hogei urteko zenean. Zer dela eta itxaron du Jainkoak Jesusek «hogeita hamar urte» izan arte, garai hartako aski adin handia baitzen? Ez dakigu. «Jainkoaren bideak ez dira gure bideak. Giza argibideetara joz, esan dezakegu, Isaiasek eta Jeremiasek Jainkoak esandakoa eskualdatzea zutela beren misio; Jesusek, aldiz, misio hori betetzeaz gain, jarraitzaile-talde bat eratuko du, maisu izango horientzat, «rabi bat»: hogei urteko batek ezin egin duen gauza da. Baina problema ez dugu askatzen horrenbestez. Denboraldi hain luze horretan Jesusek zer egin zuen jakin gabe jarraitzen dugu. Ebanjelarientzat, garrantzia duena bataioarekin hasi da.

Jesusen bataioa

Isiltasuna gogorrenik sentitzen den uneetako bat da. Zer dela-eta erabaki du Jesusek Jordan ibaira joatea? Nondik nora jakin zuen Jesusek Joan Bataiatzailea han egiten eta esaten ari zenaren berri? Zergatik zaio axola horrenbesteraino? Ebanjelarietako batek ere ez digu argitu.

Lukasek hurbiletik jarraitu dio Markosen kontaerari, baina bi xehetasun interesgarri gehitu ditu: 1) Jesus bataiatu egin du Joanek, «bataio orokor batean»; horrela, gainerako jendearekin Jesusek duen erlazio estua jarri du agerian; 2) Espirituaren etorrera «otoitzean ari zela» gertatu da; Lukasek, izan ere, ardura handia agertu du Jesus beti otoitzean aurkezteko bere bizitzako unerik oinarrizkoenetan, kristauok jarraibide izan dezagun.

Gainerakoan, funtsezko bi gaiei atxiki zaie Lukas: Espiritua eta zerutiko ahotsa.

Espirituaren etorrerak garrantzi berezia du; izan ere, rabino edo maisu batzuen artean zabaldurik zegoen ustea, Espirituak alde batera utzia ziola agertzeari Esdrasen denboraz gero (K.a. V. mendeaz gero). Orain, Jesus etortzean, aro berri bat estreinatu da Jainkoak gizakiarekin dituen harremanen historian. Izan ere, beragana etorri den Espiritu horrekin bataiatuko baikaitu gu geu ere Jesusek, Joan Bataiatzailearen hitzen arabera.

Zerutiko ahotsa. Judu entzule bati, «Zu zara ene Seme kutuna, ene maitea» hitzek bi testu oso desberdin gogorazten dizkiote. Sal 2,7a: «Zu zara ene semea, neuk sortu zaitut gaur», eta Isaias 42,1a: «Hona hemen nire zerbitzaria, nik eusten diodana, nik hautatua, atsegin dudana». Lehenengo testu hori erregeaz mintzo da, tronuratzeko unean Jainkoaren seme-titulua hartu ohi zuen erregeak, harekin zuen harreman bereziagatik. Bigarren testua pertsonaia berezi bati egiten dio aipu, bere sufrimenduaz eta egundoko pazientziaz herria salbatzen duenari. Lukasek bi ideia horiek iradoki nahi dizkigu: Jesusen duintasuna eta guri ekarritako salbazioa, sufrimena dela medio.

Ebanjelioaren irakurlea eskandalizaturik senti liteke halakoren batean Jesusek egiten eta esaten dituen gauzengatik, heriotza ekarri baitiote; baina gogoan izan behar du, Jesus ez dela ez biraolari, ez hereje, baizik eta Jainkoaren Semea, Espirituak gidatua.

Jesusen etorkizuneko egitaraua (Lehen irakurgaia: Isaias 42,1-4.6-7)

Alabaina, zeruko hitzak ez dira mintzo Jesusen duintasunaz bakarrik; gainera, egitarau bat marraztu diote. Horixe adierazten du igande honetako lehen irakurgaiak, Isaiasen liburutik hartuak (42,1-4.6-7).

Egitarauak, lehenik eta behin, zer ez duen egingo adierazten du: Ez du oihu egingo,
ez ahotsa goratuko, ez garrasirik botako: mehatxu egitea eta gaitzestea izango litzateke hori; ez du hautsiko kanabera printzatua, ez itzaliko ahulduriko argi-metxa: izaki arriskutsuen eta ahulen sinbolo dira bi horiek, erabat galtzea komeniko omen liratekeenen sinbolo (aski da gogoratzea Levi zerga-biltzailea, adulterioan harrapatutako emakumea, prostituitua…).

Ondoren, zer egingo duen esango du: zuzenbidea eragin eta ezarri edota, beste era batean esanik, itsuei begiak ireki, presoak kartzelatik atera; irudi hauek, segur aski, Ziro errege pertsiarraren jarduerari dagozkio, errege horrek Babiloniak mendean hartutako herriak liberatuko dituela uste baitu profetak; eta Jesusi esleiturik, beste zentzu bat dute, desberdina, orokorrago eta sakonagoa, liberazio espiritual eta pertsonala barne hartzen dituena.

Egitarauak orobat barne hartzen du nolako portaera izango duen: «Ez du adorea galduko, ez etsiko». Beraren egitekoa ez da izango gauza erraza, ez guztiek onartua. Ugari izango dira kritikak eta gaitzespenak; batez ere, judu-agintari erlijiosoen aldetik (lege-maisu, fariseu, apaiz nagusi). Baina irmo eutsiko dio, hil arte.

Misioa betea: on eginez bizi izan zen (Bigarren irakurgaia: Eginak 10,34-38)

Bigarren irakurgaian, Apostoluen Eginak liburukoan, Pedrok, Kornelio ehuntariari eta honen familiari hitz eginez, hitz gutxitan laburbildu du Jesusen jarduera: «On eginez bizi izan zen». Etsenplu ona nork geure bataioa bizitzeko.

José Luis Sicre