Jesusen Bataioa A (2020-01-12)

Ebanjelioa: testu laburra baina edukiz oso aberatsa (Mateo 3,13-17)

Jesusek Jordan ibaira egindako bidaia kontatuz hasi da Mateo, han Joanek bataia dezan. Mateoren informazioa ezin laburragoa da. Nondik nora izan zuen Jesusek Bataiatzailearen jardueraren berri? Bere bizitzako zein unetan? Zein adinetan? Zerk eragin zion bila joatera? Ebanjelariak ez du ezer esaten. Ez dio aipatu ere irakurleari Jesusen eta lehentxeago aipatutako pertsonaiaren arteko kontraste sakona. Joanek bera baino ahaltsuagoa eta garrantzizkoagoa den bat iragarri du, Espiritu Santuaz eta suaz emango duen bataioa dakarrena, garia eta lastoa bereizteko prest dena, ona jaso eta txarra erretzeko prest dena. Jesusek, ordea, ez du egin horrelako ezer: bekatarien lerroan jarri da, bere txandaren zain, bekatuak aitortzeko eta bataiatua izateko.

Joanekin izandako solasa Mateok bakarrik dakar. Markosek bere ebanjelioa idatzi zuenean, Jesus Joanek bataiatua izateak ez zuen arazorik harrotu. Mateok, ordea, kristauentzat benetako eskandalu bat sumatu du eszena honetan: nolatan jarri da Jesus Joanen pean eta nolatan eskatu dio bataioa bekatuen barkaziorako? Balizko eskandalu hori saihesteko, solasaldi bat tartekatu du Mateok bi protagonisten artean, Jesusek aipatu duen arrazoia nabarmenduz: «egoki da Jainkoak nahi duen guztia horrela betetzea». Agerian ipini du horrenbestez Jesusek bere bizitzan zer izango duen garrantzizkoena: Jainkoaren borondatea betetzea. Aldi berean, konturatuko gara, Jesusen jarduera tarteka harritzeko modukoa izaten dela, inoiz ere erabat ezin atzeman izango dugun misterio bat izaten dela; are gehiago, gogorik hobeneko jendearen artean eskandalu bat ere eragin dezakeena. Lehen eszenatik, jada, Jesus nahasmendu ari zaigu gertatzen.

Hain juxtu, beraren umilazio ikaragarrienaren unean gertatu da beraren gorapenik handiena. Jesusen esperientzia pertsonal bezala kontatu du bataioaren pasadizo hori Markosek (berak bakarrik ikusi du zerua urratzen, espiritua bere gainera etortzen eta berak bakarrik entzun du zerutiko ahotsa). Mateok bi gauza bereizi ditu: esperientzia pertsonal bat (zerua urratzen ikusi du eta espiritua jaisten) eta jendaurreko aldarrikapena («Hau da nire Seme maitea, nire kutuna»). Jainkozko semetza ez da berritasun bat Jesusentzat, baizik eta bertakoentzat, guretzat.

Espiritua Jesusengana etorri izanak inportantzia berezia du; izan ere, rabino batzuen artean bazen uste bat, Espirituak, Esdrasez gero (K.a. 5. mendetik), gizakiekin komunikatzeari utzia ziola. Orain, Jesusengana etortzearekin, aro berri bat estreinatu du Jainkoak gizadiarekin dituen harremanen historian. Zeren eta Jesusengana etorri den Espiritu hori, Jesusek gu bataiatzean gugana isuriko duen Espiritua bera baita, Joan Bataiatzailearen hitzetan.

Zerutiko ahotsa. «Nire Seme maitea, nire kutuna» hitzek testu oso desberdinak iradokitzen dizkigute. Jainkoak Abrahami Isaak bere semea opari egiteko eskatu dionean, «zure semea, zure seme maitea» esan dio (Hasiera 22,2). Salmogile batek, Jainkoaren izenean erregeari mintzo zaionean, tronuratze-zeremonian, esan dio: «Zu zara nire semea, nik sortu zaitut gaur» (Sal 22,2). Baina hitz hauek, Espiritua dohain ematearekin batera esatean, Isaias 42,1-4 gogoratzen dute batez ere, Mateok geroago Jesusi aplikatua: «Hona hemen nire zerbitzaria, nik hautatua, nire maitea, atsegin dudana. Beronen gain ezarriko dut neure espiritua» (Mateo 12,18).

Oihartzun hauek ideia garrantzi handikoak iradokitzen dituzte Jesusi dagokionez. Jainkoak Jesusekin harreman guztiz barnekoiak sentitzen ditu, aita batek (Abrahamek) semearekin (Isaakekin) bezalakoak. Jesusen jainkozko semetzak errege-konnotazioa du gainera; izan ere, Sal 2,7ak Jainkoak, Salomonez ari dela, Davidi esandako hitzak jaso ditu: «Ni aita izango nau berak eta bera seme izango dut nik» (2 Samuel 7,14). Eta maitea, kutuna, duelako, misio unibertsala gomendatu dio, nazioen artean zuzentasuna ezartzea, baina nabarmenkeriarik gabe. Oihurik gabe, mehatxurik gabe, kanabera pitzatua hautsi gabe, argi-metxa dardaratia itzali gabe, «nazioek beragan esperantza jarri dezaten» lortuko du (Isaias 42,1-4, Mateo 12,18-21ak itzuli duenez). Horrenbestez, zerutiko ahotsak iragarri du, ez bakarrik Jesusek Jainkoarekin duen barnekoitasuna eta errege-duintasuna, baita gomendatu dion misioa ere eta nola beteko duen ere.

Uneren batean, ebanjelioaren irakurlea senti daiteke eskandalizaturik Jesusek egiten eta esaten dituen gauzekin, azkenean bizia kostatuko zaizkionekin, baina gogoan izan behar du irakurle horrek Jesus ez dela, ez biraolari, ez hereje, baizik eta Jainkoaren Semea, Espirituak gidatua.

Jesusen etorkizuneko egitaraua (Lehen irakurgaia: Isaias 42,1-4.6-7)

Zerutiko hitzak ez dira mintzo Jesusen duintasunaz bakarrik; gainera, egitarau bat marraztu diote. Horixe du adierazten igande honetako lehen irakurgaiak, Isaiasen liburukoak (42,1-4.6-7).

Egitarauak, lehenik eta behin, egingo ez duena adierazten du: ez du egingo oihu, deiadar, builarik: mehatxu egitea eta gaitzestea izango litzateke hori; ez du hautsiko kanabera pitzatua, ez du itzaliko metxa dardaratia: desegitea hobe omen liratekeen izaki arriskutsu edo ahulen sinbolo dira horiek (gogoan har Levi zerga-biltzailea, adulterioan harrapatutako emakumea, emakume prostituitua…).

Ondoren, zer egingo duen dio egitarauak: zuzenbidea sustatu eta ezarri, edota, beste era batean esanda, itsuei begiak ireki, gatibuak presondegitik atera; irudi hauek, segur aski, pertsiar Ziro erregearen jarduerari dagozkio; izan ere, Babiloniak mendean dituen herriak errege horrek askatuko dituela uste du profetak; Jesusi aplikaturik, beste esanahi bat dute, orokorragoa eta sakonagoa, askapen espirituala eta pertsonala barne.

Egitarauak berekin du nola jokatuko duen ere: «ez da koloka jarriko, ez da hautsiko». Beraren eginkizuna ez da izango soil-soila, ezta gizon-emakume guztiek onartua ere. Ugari izango ditu kritikak eta gaitzespenak, batez ere judu-agintari erlijiosoenak (lege-maisu, fariseu, apaiz nagusi). Baina beti sendo eutsiko dio, hil arte.

Eginkizuna betea: on eginez bizi izan zen (Bigarren irakurgaia: Eginak 10,34-38)

Bigarren irakurgaiak, Apostoluen Eginak liburukoak, Kornelio ehuntariari eta honen familiari Pedrok esandako hitzak hartuz, honela laburbiltzen du Jesusen jarduera: «On eginez bizi izan zen». Etsenplu eta jarraibide ona geure bataioa bizitzeko.

José Luis Sicre