Jesusen bataioa A 2017-01-08
HOMILIA
Anai-arrebok!

Jesusen bataioa ospatzen dugu gaur. Eta geure bataioa. Mezu aberatsa dakarkigute irakurgaiek.

Joan den ostiralean, artean haur agertu zitzaigun Jesus. Eguberri egunean pobreei eta apalei agertu zaie. Epifania egunean paganoei edo jentilei.

Eta bataiokoan? Marcos ebanjelariak modu laburrean agertu digu guztia: «Uretik irtetean, zerua urratzen ikusi zuen Jesusek, eta Espiritua beragana jaisten uso baten irudipean», eta ahots bat entzun zen: «Nire Seme maitea zara zu, nire kutuna». Markosen arabera, Jesusen esperientzia pertsonala izan da guztia: berak ikusi du zerua urratzen, berak entzun du zerutik datorren ahotsa.

Mateoren arabera, Jordanen gertatua ez da Jesusen esperientzia bakarrik. Jendaurreko gertaera da.

Bestean beste, Joanen eta Jesusen artean, elkarrizketa bat dator. Matorentzat, Joanek Jesus bataiatze hori eskandalagarri gerta daiteke. Joan Bataiatzailea Jesus baino handiagoa? Joanek ez du bataiatu nahi. Eta Jesusek: utz dezagun oraingoz alde batera ni txikiagoa agertze hori. «Komeni da Jainkoaren nahia betetzea», esan dio Jesusek. Bere bizitza guztian izango duen burubidea agertu du horrela Jesusek: Jainkoaren nahia bete. Hori izango du gauzarik inportanteena.

Hain zuzen, jarrera horixe agertuko digu Jesusek beti. Ezin ulertuzko jarrera. Apaltasunaren jarrera. Goratua eta aintzatua izango den mementoan agertuko du erarik handienean apaltasun-jarrera hori Jesusek: «Jainkoaren Semea baldin bazara, jaitsi zaitez gurutzetik» esango diote, eta gurutzean jarraituko du. Harro-harro egingo diote burla batzuek eta besteek, eta Jesusek: «Aita, ez ezazu kontuan hartu bekatu hori, ez dakite-eta zer ari diren».

Espiritua Jesusengana jaisteak garrantzi berezia du. Jesusen garaian rabino askok uste zuen, Esdrasen denboratik, K.a.ko V. mendetik, Jainkoak ez zuela harremanik gizon-emakumeekin. Eta hona. Jesusen esperientzia honekin garbi gelditu da Jainkoak harremanetan jarraitu nahi duela.

Eta horrenbestez aro berri bat hasiko da. Jesusengana jaitsi den Espiritu hori bera dator gutako bakoitzaren gainera. Espiritu horrek argituko digu Jesusen egitaraua ulertzen eta betetzen.

Hain zuzen ere, gaurko lehen irakurgaian Isaias profetak zehaztu digun egitaraua; horixe hartu du Jesusek beretzat, eta, jakina, horixe proposatu digu geure egiteko:

• Ez da hasiko kalean oihuka eta garrasika; ez du hautsiko kanabera pitzatua, ez du itzaliko argi-metxa erdi itzalia: horiek guztiak sinbolo batzuk ziren; esan nahi zuten, hobea zela pertsona arriskutsu eta ahul batzuk hiltzea (pentsa dezagun, uste horren kontra, zer egin zuen Jesusek Zakeo bekatari handiarekin, zer egin zuen adulterioan aurkitutako emakumearekin, zer egin zuen gurutzean lagun izan zuen lapurrarekin). Baina hori guztia, alde negatiboa da: zer egin ez duen.
• Hor dago zehaztua Isaiasen irakurgaian zer egin duen ere: itsuen begiak ireki, presoak kartzelatik atera [ez dira ni hitzak; Isaiasenak dira], eta ilunpetik atera ilunpean bizi direnak.

Eta Jesusen egitarauaz beste zehaztapen hau dakar bigarren irakurgaiak, Apostoluen Eginak liburukoak: On eginez bizi izan zen.

Horra, senideok, zer proposatu dion Jesusi bataiokoan, beragana jaisten ikusi duen Espirituak. Geu ere, bataioak Jesusen espiritu-kide egin gaitu. Har dezagun kontuan.

Dionisio Amundarain