Jaunaren Epifania A 2017-01-06
HOMILIA

Anai-arrebok!

Epifania hitzak agerpena esan nahi du. Jainkoa ez du inork ikusi. Halere, Jainkoak betidanik izan du gizon-emakumeekin harremanak izateko gogoa. Horixe da Jainkoaren misterioa edo gogoa, Jainkoaren asmoa, Jainkoaren intentzioa.

Eta asmo hori Jesus gizon egitearekin bete du osorik. Eguberritan ikusi dugu, Jesus hori jende pobre, apal eta xumeari agertu zaiola. Epifania egunean ageri zaigu gizon-emakume guztiak dituela gogoan. Juduak ez ezik, paganoak ere bai. Errealitate honen sinbolo dira magoak.

Magoak sinbolo dira. Egiaz gertatu den zerbaiten sinbolo. Segur aski, haurrei gertatu ohi zaiena bera gertatuko zaigu geuri ere. Haurrei, txiki-txikitan, erakutsi izan zaie Olentzerok ekartzen dituela opariak. Edota hiru Erregeek ekartzen dituztela. Baina haur horiek ezin jarraitu dute urte askoz uste horretan. Gauza bertsua gerta dakiguke geuri ere Magoekin.

Magoen kontakizuna Mateo ebanjelariak bakarrik dakar. Ez Markosek, ez Lukasek, ez Joanek. Eta Mateok, berak eta beraren elkarteak bizi duten esperientzia bat argitzeko ipuin bat asmatu du: Magoen pasadizoa. Zein izan zen Mateoren esperientzia bizi hura? Hauxe: juduen artetik, oso jende gutxik onartu duela Jesus; aitzitik, paganoen artetik, gero eta gehiago dira kristau-elkartean sartzen direnak.

Bibliako kulturan oso ezagunak diren hainbat osagaiez baliatu da Mateo.

Izarra. Kultura guztietan erabiltzen zuten osagai bezala. Biblian ere aipatzen da: Jakoben herritik izarra aterako da (Zen 24,17).

Magoak. Pertsonaia oso desberdinei aplikatzen zitzaien izen hau lehen mende hartan.

Mateok honela hasi du pasadizo hau: «Jesus Judako Betleemen jaio zen Herodes erregearen garaian». Mateok hitz hauek idatzi zituenean baziren 80 urte inguru errege hura hila zela. Ustekabean jakin zuen Jesusen jaiotzaren berri, Mateok asmatutako ipuinaren arabera: ekialdeko mago batzuk joan zitzaizkion non jaio zen galdezka.

Eta hemen dator Mateoren ideia nagusia: ez Herodes, ez Jerusalemgo agintari erlijiosoak joan ziren Jesus ikustera. Magoak, bai; atzerritarrak bai.

Mateok adierazi nahi du, Jesusi gerora, gizon heldua denean, egingo diotena, jaiotzetik beretik egin diotela.

Hau guztia erronka handia da guretzat. Jesusen berri izan dugu. Zer atera egin diogu?

Behin batean, Jesus harritu egin zen erromatar ehuntariaren fedeaz: «Benetan diotsuet: Israel guztian ez dut aurkitu horrelako sinestedunik» (Mateo 8,10). Gogoan ditugu hainbat eta hainbat pertsona: ehuntari paganoa, erromatar enperadorea, judu-ikasleak, magoak. Inporta duena ez da jatorria. Inporta duena bihotza irekirik bizitzea da. Magoek bezala, bidaiari-jarrera izatea. Aurreiritziak eta ideia itxiak alde batera uztea. Izan dezagun gogoan Mateoren ipuineko magoen jarrera: izarra ezkutatu zaie, Herodesek engainatu nahi izan ditu; magoek beren bideari eutsi diote: izarra agertu zaie. Jesus adoratu dute.

Mateoren magoak gogoan izatearekin, izan ditzagun gogoan gaur egungo magoak ere: herri-mugarik ez dituzten erakundeak, munduan barna ari diren boluntarioak, misiolariak. Izan ditzagun gogoan ihesi dabiltzanak ere.

Saia gaitezen giza baliorik premiazkoenak defenditzen: zuzentasuna eta bakea, giza duintasuna.

Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain