ESPIRITUALITATE BERRIA
Jaunaren Bataioa C (2016-01-10)

«Espiritualitatea» ez da hitz jatorra. Batzuei baliorik ez duen zerbait iradokitzen die, bizitza errealetik at dagoen zerbait. Zertarako dateke on? Axola duena gauza zehatza da, gauza praktikoa, materiala, eta ez espiritualik ezer.

Halaz guztiz, pertsonaren «espiritua» baliozkotzat emana da egungo gizartean, zeren haren bizitzako gauzarik sakonena eta erabakitzaileena adierazten baitu: hura animatzen duen sua, haren inspirazio sakonena, gainerakoei kutsatzen diena, pertsona hori munduan ezartzen ari dena.
Espirituak arnasten ditu gure egitasmoak eta konpromisoak, eratzen ditu balioez gure horizontea eta gure esperantza. Nolakoa gure espiritua, halakoa gure espiritualitatea. Eta halakoak izanen dira gure erlijioa eta gure bizitza osoa ere.

Lehen kristauek guri eskualdatu testuek agertzen digute ezen «mugimendu espiritual» indartsu bezala bizi zutela Jesu Kristorekiko fedea. Jesusen Espirituaren bizilekutzat zuten bere burua. Espiritu horrengan bataiatua izan dena bakarrik da kristau. «Kristoren Espiritua ez duena ez da haren ikasle». Espiritu horrek arnasturik, beste era batean bizi zuten guztia.

Haien baitan lehenik aldatzen den gauza Jainkoarekiko esperientzia da. Ez dira bizi jada «esklaboen espirituaz», Jainkoarekiko beldurraz estu, baizik «seme-alaben espirituaz», Aitak baldintzarik gabe eta mugarik gabe maite dituela sentituz. Jesusen Espirituak bihotz barnetik eginarazten die oihu hau: Abba, Aita! Esperientzia hau da Jesusen elkarteetan kide guztiek lortu beharko luketen lehenengo gauza.

Erlijioa bizitzeko era ere aldatu egin da haiengan. Beren burua ez dute sentitzen jadanik «legearen gatibu», arauen eta aginduen mendeko, baizik maitasunak askaturiko. Ezagutu zuten zer den «espiritu berriaz» bizitzea, maitasunaren deia entzunez, eta ez «letra zaharraren arabera», betebehar erlijiosoak betetzeari emanik. Horra guztion artean kristau-elkarteetan zaindu eta sustatu beharko genukeen bizigiroa, baldin eta Jesus bezala bizi nahi badugu.

Orobat aurkitu zuten Jainkoarekiko kultuaren benetako edukia. Aitari atsegin zaiona, ez dira maitasunik gabeko errituak, baizik «espirituaren eta egiaren arabera» bizi gaitezen. Jesusen espirituaren eta haren ebanjelioaren egiaren arabera bizitako bizia da kristauentzat beren benetako «kultu espirituala».

Ez genuke ahaztu behar Tartsoko Paulok bere elkarteei esaten zien hau: «Ez itzali zeuen baitan Espiritua». Itzalia den elizak, Kristoren espiriturik gabe denak, ezin bizi du, ez komunikatu, haren egiazko Berritasuna. Ezin dastatu du, ez kutsatu, haren Berri Ona. Kristau-espiritualitatea zaintzea gure erlijioa biziberritzea da.

Jose Antonio Pagola