Urteko 25. igandea A 2014-09-21
HOMILIA

Anai-arrebok!

Entzun dugun ebanjelioko pasarte honen aurretik, beste pasarte bat dator (Mt 19,27-30): Pedrok galdetzen dio Jesusi: Guk dena utzi dugu. Zein izango da gure saria? Eta Jesusek: «ehun halako jasoko du eta betiko bizia izango ondare». Eta jarraitzen du Jesusek: «orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo».

Badirudi, gaur entzun dugun parabola honekin, sariari buruzko pasarte hori argitu nahi duela Mateok.

Giza begiz ikusita, xelebrea da gaurko parabola hau: alde batetik, eguzkitik eguzkira lan egin dutenak ageri dira; bestetik, arratsean ordu-pare bat bakarrik lan egin dutenak. Eta soldata jasotzeko orduan, denek soldata bera! Ez al txundigarria? Ez al du arrazoi osoa, mahasti-jabeari, besteen izenean, kexa agertu dionak?

Kontuan har dezagun testuingurua. Mateo bere kristau-elkarteari begira ari da idazten. Kristau-elkarte horretan, gehienak judu-kristauak ziren. Baziren, ordea, paganismotik etorritako kristauak ere.

Judu-kristauen galdera eta kezka da: paganismotik etorritako jende horrek jaiotzatik Jainkoaren herriko garenon eskubide berak izan behar al ditu? Guztiok sari bera? Parabolaren bidez eman die Mateok erantzuna: Bai, Jainkoak guztiak ditu seme-alaba. Are gehiago, gaurko parabola honen aurreko pasartea kontuan hartzen badugu, askoz ere latzagoa izan daiteke ondorioa: lehenengoak azken, azkenak lehenengo.

Senideok, orduan eta gaur, geure gizartean bizi dugun merkataritza-espirituaren kontra, Jainkoaren doakotasun-espiritua agertu digu Jesusek bere bizitza osoan: Jainkoak doan maite gaitu, doan sortu gaitu, doan salbatu nahi gaitu.

Gure artean, do ut des da burubide nagusi eta bakarra: odolkiak ordainetan. Tori hau; espero dut izango dudala ordainik. Jakingarria da euskaldunon artean zenbateraino indartu den jarrera hori azken aldi honetan. Badirudi, familiako burubide nagusia horixe dela: seme-alabei irabazi beharra buruan sartzea.

Jainkoak beste bide bat agertu digu. Ez gaitu kreatu guk eskatu diogulako. Doakotasun hutsez kreatu gaitu, maite gaituelako, zorioneko ikusi nahi gaituelako.

Doakotasuna. Horixe da gaurko parabola honetan nabari den mezu nagusia. Zer on egingo ligukeen doan hartu ditugun dohain guztiez gogoeta egingo bagenu: bizia doan hartua, familia doan hartua, heziketa doan hartua, fedea, esperantza, maitasuna… Geure Eukaristian, hain zuzen, horixe egiten dugu: gogoratu Jainkoak gugatik egin duena. Erreparatu, besteak beste, sagarapenaren ondo otoitzari: «…zure Semearen heriotza eta piztuera gogoratuz…».

Alabaina, pentsatu beharko genuke, dohain horiek eta guzti, ez naizela, ez garela beste batzuk baino duinago. Andre Mariaz esan izan da, haren ezaugarririk handiena ez dela izan graziaz betea izatea, baizik eta bera ere ez zela konturatu horretaz.

Ez da zuzena, adibidez, mendebaleko gizartea beste gizarte batzuk baino pribilegiatuagoa dela pentsatzea. Beste batzuek ez bezalako eskubideak dituela. Mateoren elkarteko juduen eta paganoen arteko tirabirarik ez dugu izango. Baina…

Hartu ditugun dohainak, ez dira Jesusekin harreman indibidual hutsak izateko. Jainkoaren erreinuan Jesus osoarekin lan egiteko dira. Izan dezagula bidelagun Jesusen Espiritua bera.

Lazkao, 2014-09-21
Dionisio Amundarain