Hirutasun Santuaren Jaia

2016-05-22

Liturgi urtea Jesus etortzearekin hasi da eta Espiritua etortzearekin iritsi da gailurrera: Aita presente dago beti. Logikoa da Aitaren ohoretan jai bat egitea. Horretarako, hiru pertsonez hitz egiten duten testuak aukeratu behar ziren, gutxienez hiruretako biez. Baina ez doaz teologi ikasgai bat ematera, baizik laguntza bilatzera Jainkoa gorabehera desberdinenetan aurkitzeko. Lehenengoa, eder eta baikor, bizitzako une zoriontsuetan. Bigarrena, atsekabe-aldietan beraietan, guri indarra eta esperantza emanez. Hirugarrena, dudaldietan, argituko gaituela jakinik.

Jainkoa presente posaldian (1. irakurgaia; Esaera Zaharrak 8,22-31)

Itun Zaharretik Esaera Zaharrak liburuko zati bat aukeratu da, aro helenistako kulturarekin polemikan diharduena: zein da jakinduriaren jatorria? Askorentzat, giza pentsamenduaren fruitua da, batez ere filosofo greziarrek jardun izan dutenez. Pentsaera honen aurrez aurre, Esaera Zaharrak liburuko testuaren idazleak baieztatzen du, benetako jakinduria gure gogoeta eta azterketa baino lehenagokoa dela, eta Jainkoaren ondoan aurkezten digu munduaren kreazioa baino askoz lehenagotik, dena kreatzen haren lagun delarik.
Zergatik aukeratu zuten irakurgai hau? San Paulok, Korintoarrei egindako lehen gutunean, dio, «Jainkoaren jakinduria» (1,24) dela Kristo. Eta Kolosarrei egindako gutunak dio, Kristogan «daudela jakintzaren eta ezagutzaren altxor guztiak» (Kol 2,3). Ematen zuen Aita eta Semea gogoratzeko oso egokia dela Esaera Zaharrak liburuko pasarte hau, Jakinduria era pertsonalean agertzen duelako, kreazioa baino askoz lehenagotik Jainkoari estu loturik eta gizadiari ere estu loturik («gizakiekin nuen neure gozamena»)

Jainkoa presente sufrimenean (2. irakurgaia; Erm 5,1-5)

Era bitxian, hiru pertsonak aipatzen dituen testu honetan, onuradun handiak gu gara, Paulok darabiltzan esapideek argi uzten dutenez: «onartu gaituelarik», «eman digu», «onginahia geureganatzea», «sendo irauten dugu», «aintza iritsiko dugulako», «geure bihotzera». Ez du Hirutasunaz ikasgai bat emateko asmorik, jainkozko hiru pertsonen misterioan murgilduz, baizik eta gugatik egin dutenaz mintzo zaigu: salbatu, Jainkoarekin baketu, beraren aintza lortzeko esperantza eman, beraren onginahia gure bihotzera isuri. Paulorentzat, ideia hauek ez dira espekulazio abstraktu, baizik eta eragina dute beraren eguneroko bizitzan, atsekabez eta sufrimenduz betean. Hauen artean ere badaki alde baikorra ikusten.

Jainkoa presente duda-mudetan (ebanjelioa; Joan 16,12-15)

Joanengandik hartutako ebanjelioak ere hirurak aipatzen ditu: Jesus, Espiritua eta Aita, nahiz eta garrantzirik handiena Espirituari ematen dion, gugatik egingo duena azpimarratuz: «egia betera gidatuko zaituzte», «etortzekoa dena komunikatuko dizue», «iragarriko dizue».
Uste dut, hiru pertsonen arteko harremanez mintzo delako aukeratu dutela testua. Espirituak Jesus aintzatuko du, eta dena harengandik hartuko du. Bestetik, Aitak duen guztia Jesusek ere berea da. Joanek ere ez du eman nahi ikasgai bat Hirutasunaren gainean, nahiz eta teologoek mendetan jardungo duten gaiez hitz egiten hasi den.
Testua ulertzeko, Jesusek hitz hauek noiz esan dituen kontuan hartzea komeni da. Agur-afarian gaude, nekaldia baino pixka bat lehenago. Badaki ikasleei jakin beharreko gauza asko gelditzen zaiela, berak ezin izan diela dena irakatsi. Duda-mudak, eztabaidak sortuko zaizkie. Baina aterabidea ez dute lortuko giza gogoeta intelektual hutsaz, baizik eta Espirituaren fruitu izango da, honek gidatuko ditu egia betera.

José Luis Sicre