HIRUTASUNA (Urteko 8. ig. B, 2018-05-27)

SARRERA

Senideok, bukatu dugu Pazkoaldia. Gaur Hirutasun Santuaren eguna ospatzen dugu. Egia esateko, jai hau etengabe ospatzen dugu geure bizitzan: «Aitaren» egitean, «Aintza» esatean, «Aintza zeruetan Jainkoari» abestean etab. Bereziki, bataiokoan: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuak izan gara. Halaz guztiz, egun berezia eskaini nahi izan diogu Hirutasunari. Guztientzat, poz-arrazoi izan behar du jai honek.
Jakina, ezin dugu ulertu Hirutasuna bere baitan zen den. Bere baitan diot. Hain juxtu, jai baten helburua ez da hori izaten; jaia ospatzea, ez da ezer ikastea, ez da gauza berriak jakitea. Jaia, beti, edozein kasutan, zerbait ospatzea da: bai familiako baten urteurrena ospatzean, bai bizitzako egun berezi bat (bataioa, jaunartzea, sendotza, ezkontza etab.) ospatzean. Gauza bera Jesusen jaiotza, Jesusen piztuera, Espiritu Santuaren etorrera, Hirutasuna, Corpus eguna ospatzean. Ospatzea da kontua: gertaera bat pozik gogoratzea, pozik jai bihurtzea, pozik berritzea, pozik eguneratzea.
Gaur, beraz, Hirutasun Santua ospatzen dugu. Zer da, ordea, Hirutasuna? Sinple-sinple esanda: Aita kreatzailea dela, Semea Salbatzailea dela, Espiritu Santua gure bidelaguna dela. Hitz batean, Jainkoa maitasuna dela ospatzen dugu.

LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (4,32-34.39-40)

Entzungo dugun Deuteronomio liburuko pasarte honek bi zati ditu.
Batetik, fede-aitorpen handia da. Fede monoteista; alegia, Jainkoa bat dela, ez dagoela bat hori besterik. Jauna esaten dugun hori dela egiazko Jainkoa. Gaur guretzat ez du horrek esanahi handirik. Baina Deuteronomio liburua idatzi zenean, beste giro bat bizi zuten. Alabaina, beste hau da inportantea: Jainkoa bat dela eta bakarra delako hori aitortzeko, israeldarrak ez dira joan arrazoi filosofikoetara. Ez. Baizik eta Jainkoa den Jaun horrek Israelen historian zer egin duen gogoratu dute: gauza miresgarriak egin ditu; hori kontuan hartzeko eskatu die Moisesek. Eta hainbat gertaera aipatu ditu: Egiptotik atera izana, Sinai mendian izandako esperientzia bizia etab. Gure ustean, zer gauza handi egin ditu Jainkoak gure alde?
Bestetik, fede-aitorpen horren ondorio bezala, Jainkoak esan eta irakatsitakoa kontuan hartzeko eskatzen digu. Jainkoagan dugun fede eta konfiantza honek argitzen du gugan esperantza. Konfiantza hori da iturria; alde batetik, pozaren eta alaitasunaren iturria; bestetik, gizon-emakume guztiekiko konpromisoaren iturria.
Beraz, laburtuz: batetik, zer gauza handi egin ditu Jainkoak? Bestetik, Jainko horrek adierazi digun bidea aintzat hartu.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (4,32-34.39-40)

Erromatarrei egindako gutuneko gaurko pasartea baino lehentxeago, haragiaren neskame-morroi direnez idatzi du Paulok; hau da, Jainkoaren kontrako joeraren neskame-morroi direnez.
Joera makur horietatik libratzeko, Espirituaren beharra dugula, esaten digu gaurko honetan. Baina hartu dugun Espiritua ez da esklaboen espiritua, baizik Kristoren Espiritua. Jainkoari Aita esatera eragiten digu Espiritu horrek. Horrela, Jainkoarekiko gure harremanak erabat aldatu dira. Ez dira gauza bera: nagusi zakar bati obeditzea eta aita onbera bati obeditzea.
Senideok, beste mundu bat da Espirituaren arabera bizitzea. Saia gaitezen aske eta libre izaten Espirituri jarraituz.

EBANJELIOA Mateoren liburutik (28,16-20)

Mateok bere ebanjelioaren hasieran Emmanuel bezala aurkeztu digu Jesus: «Jainkoa gurekin» bezala (Mt 1,13). Ebanjelioaren bukaeran, berriz, hona zer dioskun Jesus horrek: «Ni zeuekin izango nauzue munduaren azkena arte» (Mt 28,20. Zertarako izango da Jesus gurekin?
Hain zuzen, berarekin batean, eginkizun hirukoitz hau betetzeko: 1) egin ikasle herri guztiak; 2) bataiatu Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean; 3) irakatsi nik agindu dizuedana betetzen.
Horra, senideok, gure egitekoa.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan, muga politiko, ideologiko, etniko, kultural eta erlijiosoen gainetik, elkartasuna sortzen saiatzen direnentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bakarrik edo bazterturik bizi direnentzat, munduan inor gabe edo lagunik gabe daudela sentitzen dutenentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure Eliza edo Elkarte hau elkarte-eredu izan dadin; alegia, anai-arreba arte elkarte bizi izan dadin; guztien esku-hartzea eta elkartasuna bizi duena eta agertzen duena. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Tokian tokiko gure kristau-elkarte txikiagoentzat: haietako bakoitza elkarterik biziena den Hirutasun Santuaren isla edo ispilu izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.