Hirutasun Santua
Enrique Diaz Diaz, monsinorea
(San Cristobal de las Casas, Chiapas, Mexiko)
(Zenit 2014-06-12)

Irteera 34,4-6.8-9: «Neu naiz Jauna, Jainko Jauna, bihozbera eta errukiorra».
Daniel 3: «Bedeinkatua zu, Jauna, beti eta beti».
2 Korintoarrei 13,11-13: «Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan daitezela zuekin».
San Joan 3,16-18: «Jainkoak bere Semea bidali zuen mundua salba dadin».

Jende askori iraultzailea iruditu zaio Frantzisko aita santuaren «Ebanjelioaren Poza» aholkamendua, bereziki bi alderdi hauez mintzo denean: batetik, arazo sozialez; bestetik, salbamen-hitza onartzearen eta anai-arreben maitasun eginkorraren arteko lotura bereizezinaz.

Baieztatu du ezen kerigmak dudagabeko eduki soziala duela: Ebanjelioaren bihotzean berean ageri dira elkarteko bizitza eta besteekiko konpromisoa. Eta gonbidatu gaitu, geure fedearen misterioan murgildu gaitezela, zeinak Jainko Hirutasuna, maitasuna, aitortzera baikaramatza, ondorio logikoak onartzera eraginez.

Baieztatu du: «Gizaki bakoitza mugagabeki maite duen Aita bat aitortzeak berekin dakar ikusi ahal izatea ezen horrenbestez duintasun mugagabea ematen diola norberari. Jainkoaren Semeak giza haragia hartu duela aitortzeak esan nahi du ezen gizaki bakoitza Jainkoaren bihotzera berera jasoa izan dela. Espiritu Santuak gizon-emakume guztiengan diharduela aitortzeak uste izatea dakar ezen Espiritu hori parte hartzen saiatzen dela giza egoera guztietan eta lotura sozial guztietan. Hirutasunaren misterioak berak gogorazten digu ezen jainkozko elkarte / elkartasun horren irudira kreatuak garela, eta, horrenbestez, ezin garela ez garatu ez salbatu bakarka. Lehen iragarpena onartzeak, zeinak Jainkoak maita gaitzan uztera eta berak komunikatzen digun maitasunez bera maitatzera gonbidatzen baikaitu, lehenengo eta funtsezko erantzun bat eragiten du pertsonaren eta beronen jardueran: alegia, gainerakoen ona opa izatea, on haren bila ibiltzea eta on hura zaintzea».

Horrenbestez, Hirutasun Santuaren misterioa aitortzea ez da gelditzen pentsaera espekulatibo huts batean, baizik eta egunero eta era konprometituan bizitzera garamatza gure bila ibili den Jainkoarekin eta familia horretako kide diren anai-arrebekin. Gizakia, bere izatea aztertzeko, bere barnearen hondora begira jartzen denean, jabetzen da ezen badela izate goragoko batekiko erreferentzia bat, norberaren existentziari handitasuna eta zentzua ematen dizkiona. Gure izatearen hondo ezin atzemaneko honi erantzuten dio «Jainko» hitzak. Hauxe esan nahi du Jainkoak: gure bizitzaren hondo-hondoko sakona dela, gure izatearen sorburua, gure ahalegin osoaren helmuga. Ez da zulo-betetzaile bat, ez da izutzen eta baldintzatzen duen mamu bat, ezta mundua aise argitzeko era bat ere. Gizakiaren errealitate eta erlazio sakonena da Jainkoa; hor aurkitzen du gizakiak bere «neu» betearen handitasuna, irekia partekatzera, erlazionatzera eta bete-betean bizitzera. Horrela, gure izateak Jainkoaz dugun esperientzia adierazten du. Horregatik nau liluratzen geure Jainkoaren agerpen honek: Bakarra eta Hirukuna. Erlazioa eta Maitasuna, Jesusek agertu digunez. Bai urrunekoa jende askok beneratzen duen Jainko epaile itsu eta mendekatzaileagandik! Eta, halere, badira Jainkoaren karikatura-irudi horrekin bizi direnak: urruneko, bakarti, izugarri eta inkisidoretzat hartzen dutelarik. Eta, jakina eta ondorioz, biziera indibidualista eta egoista bizi dute, aipatu irudi horren arabera.

Familia orok, elkarte orok Jainko Maitasun hori izan beharko luke eredu eta oinarri. Maitasuna da Hirutasunaren lehen adierazpena eta handiena, eta horretara gara deituak kristau guztiak. Kristo ez zen saiatu sekula argitzen nola ziren bat bakar biak, Aita eta bera. Ez zuen formulatu irakaspenik argi eta garbi geldi zekigun hiru Pertsonen batasun hori; soil-soilik, beren artean duten maitasunaz mintzatu zen eta bere gogoaz gizon-emakumeon artean maitasun hori bera bizi dezagun. Pertsona ororen eta Elizaren ideala da: erdi-erdian Hirutasuna, Jainko bakar eta Hirukuna ipintzea. Horrela saihestuko dugu, bai agintekeriaren tentazioa, bai anarkiaren tentazioa. Jainkoa elkarte / elkartasun eta maitasun bada, honela aurkituko du gizakiak bere benetako zentzua: aldi berean bateratuz biok, pertsonaren garrantzia eta duintasuna, elkartasunaren garrantziarekin eta duintasunarekin. Zenbat gizabanakok, pertsonaren garrantzia aldarrikatzeko, gutxiesten duten elkartea!, baina, orobat, zenbat diktadurak eta gobernuk, guztion onaren izenean, zanpatzen dituen pertsonaren eskubideak. Soilik, Hirutasunaren ereduak ematen digu bidea oreka sano bat ikusi eta bizitzeko pertsonaren eta elkartearen artean. Elkarrekin dira hazten gizabanakoa eta elkartea, elkarrekin dira ernaltzen eta elkarrekin dute sortzen Jainko Hirukunaren zinezko irudi bat.

Oso ezaguna da haur haren anekdota hura: San Agustini harrigarri gertatu zitzaion, itsaso guztia zulo txiki batean sartu nahi zuelako, eta ondoren irakaspen hau jaso behar izan zuen: errazagoa itsaso guztia ontzi batean hustea, Jainko Hirukunaren misterioa giza adimen koskorrean «hustea» baino. Egia da. Gure asmoa ez da misterio hori ulertzea, baizik eta esperimentatzea maitasun hori eta Hiru Jainko Pertsonen erlazio hori, zeinen partaide egiten bagaituzte. Jesusen esperientzia eta irakaspena da: etengabeko maitasunaren dinamismoa dute Hirutasuneko pertsonen artean eta agortezineko maitasun-iturburu dira gizakiarekiko: «Hartaraino maite zuen Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan». Gizakiak bere betetasuna Jainkoak maite duela sentitzen sumatzen du, pozak betetzen du Jainkoaren maitasunean, bere burua azkeneraino eskaini duen Jesusen maitasunean, parte hartzean. Ezkontideen maitasunak, anai-arreba arteko maitasunak eta familiartekoen maitasunak Jainko Hirukun eta Bakarrean, maite gaituen eta bizi betean ematen digun horretan, dute beren eredurik aberatsena.

Batasun eta elkarte bereizezin den Jainkoaren esperientzia honek ematen digu ahalbidea egoismoa gainditzeko, geure burua osorik sentitzeko bestearekiko zerbitzuan. Horrenbestez, geure Jainkoaz dugun esperientzia iturburu agortezin dugu bizirako, dinamismorako eta konpromisorako. Ezin sinetsi du benetan Jainkoagan anaiaren edo arrebaren bizia hausten diharduenak, bere baitan triku bihurtu eta elkartasuna desegiten duenak, anai-arreben aurrean axolagabe bizi denak. Jainko Bakar eta Hirukunaren esperientziak haren beraren bizian parte hartzera gonbidatzen gaitu eta serioski konprometitzen gaitu mundua eraikitzen geure fedearen arabera: fede elkarteko, fede maitasunezko eta fede esku hartzaile.

Hitz hauetan topatzen ditugu geure kristau-bizitza osoaren erdigunea eta ardatza, Berri Ona da: maite gaituen Jainko Aitaren seme-alaba gara, gugatik bere bizia eman duen Anaia / Neba Nagusiaren, Jesusen, anai-arreba gara, bizi eta santutasun den Espirituaren bizileku gara. Horretan datza albiste ona eta handia. Hau guztia ondo ulertuko bagenu, ezin egoten ahal ginateke triste, ezin onartzen ahal genuke gure anai-arrebak triste, bakarrik edo zokoraturik bizi daitezen. Penagarria da egiaztatzea ezen, geure burua kristautzat ematen dugunok, ez garela gai izaten askotan fedea aurkitu eta esperimentatzeko zinezko bizi-iturburu bezala, eta existitze hutsean jarraitzearekin konformatzen garela, geure existentzia zama ezin handiagoa bihurtuz. Ahaztu egiten gara hurbiltasun, familia, elkarte den Jainko horretaz, gu maitatzeko lehen urratsa berak egiten duen horretaz, bere burua baldintzarik gabe, bete-betean eta leial eskaini digun horretaz, gure biziaren sostengu eta arima den horretaz.

Hirutasun Santuarekiko geure fedea aitortzean, serioski galdetu beharra dugu, ea zinez garen maitasun, eskaintza eta batasun den geure Jainko horren irudi. Ea garaitu ote ditugun Aita beraren seme-alaba, Jesus beraren anai-arreba eta Espiritu beraren bizileku diren anai-arrebekiko geure beldurra, handinahia eta bereizketa. Hirutasun Santua da heziketaren, integrazioaren eta familia-maitasunaren eredua.

Hirutasun Santua, emaguzu esperimentatzea Aitaren maitasun handi hori, Semearen baldintzarik gabeko eskaintza hori eta Espiritu Santuaren indar eta bizitasun hori. Amen.