HIRUTASUN SANTUA A 2017-06-11
HOMILIA

«Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean».
Anai-arrebok, horrela hastera gonbidatzen gaitu gaurko jai honek. Eta AITAREN egitean kontuan hartzen al dugu Jainkoa Aita eta Ama dela, Jainkoa Semea dela, Jainko Espiritu Santua dela? Eta elizara sartzean, goizean jaikitzean, goizean etxetik irtetean… gogoratzen al gara AITAREN egiteaz?

Baina zer ospatzen dugu Hirutasun Santuaren jai honetan?

Gogoan har dezagun. Jesusek ezin irudikatu izan zuen Hirutasuna. Ez zitzaion burutik pasatu Jainkoa hirutasun dela. Biraotzat hartu izango zuen. Mahomak kristauok politeistatzat gauzka: hiru Jainko gurtzen ditugula, dio.

Ez. Hirutasunaren doktrina hau ez da Jesusen garaikoa. Izatez, dogma honen iturri eta jatorritzat Nizeako kontzilioa eman ohi da; Kristo ondoko 325ekoa.

Ebanjelioak ez dira mintzo Jainkoaren Hirutasunaz. Nizeako kontzilioaz gero, honelako hitzak erabiliko dira Jainkoaren misterioa argitzeko asmoz: pertsona, sustantzia, natura, hipostasi. Greziar filosofiatik hartutako terminoak dira. Laugarren mendean mendebaldeko gizartea filosofia grekoak kutsaturik zegoen. Eta garaiko problemari erantzun nahian sortu zen Jainkoaren Hirutasunaren doktrina. Gaurko Mezako Prefazioan ageri da aski garbi.

Gaur egun, bazterturik edo ahazturik dago greziar filosofia. Eta Elizan mendetan predikatu izan den moduan, Hirutasunaren doktrinak ez digu ezer esaten. Jesusen garaian, ideia nagusiak, esan genezake, biok zituztela: Mesias, profetek iragarritako salbatzailea alegia, eta Jainkoaren Erreinua.

Jesusen garaiko ikuspegi hura galdu samartu egin zen. Gaur egun, jatorrira jotzeko joera dugu. Zer da Jainkoa Jesusentzat? Gaurko irakurgaiek aski argi adierazten digute.

Lehenengo irakurgaian, Jainko errukitsu eta gupidatsua da. Moises jabetu da, bere herriak bekatu handi bat egin duela: Yahve utzi eta idolo bat eraiki du. Moises beldur da, Jainkoak herri hori suntsituko ote duen. Baina laster konturatu da berak uste ez bezalakoa dela Jainkoa: errukitsua da, onbera, dena bihotz da; Jainkoak ez du zer barkaturik; askoz gutxiago zer zigorturik; hau da Jainkoaren kezka guztia: gizakiak, bekatu eginez, bere buruari egiten diola kalte. Konturatu da Moises, Jainko horrek herriaren bidelagun jarraitzen duela.
Bigarren irakurgaian, Paulok hauxe gogorazten digu: Jesu Kristok agertu digun onginahia, Aitaren maitasuna, Espirituak gurekin bizi duen elkartasuna.
Eta Ebanjelioan, Jainkoak hartaraino maite gaitu, non bere Semea bidali baitigu.
Senideok, testu hauetatik hauxe atera dezakegu labur-labur:
−−Jainkoa bere baitan elkartasuna da; elkarrekin bizitako maitasuna da;
−−batez ere, hau da Jainkoaz guk hobeto ulertzen dugun gauza: kanpora begira bizi duen maitasuna da, guri begira bizi duen maitasuna;
−−esan nahi da, Jainkoak gorroto diola bakardadeari; elkartasuna da funtsean; izaera horrek eragin dio mundua kreatzera, mundua maitatzera, mundua bideratzera, gidatzera.

Bai. Juduen eta kristauon Jainkoa ez da filosofiaz, burua nekatzearen nekatzeaz, aurkitu dugu Jainkoa. Ez da naturaren handitasunean aurkitu dugun Jainkoa. Juduen eta kristauon Jainkoa, bidera atera zaigun Jainkoa da, gure historian agertu zaigun Jainkoa. Geure historian bidelagun dugun Jainkoa da.

Senideok, bai inportantea gogoan izatea: Jainkoa Abrahami, Isaaki eta Jakobi agertu zitzaiela, Moisesi agertu zitzaiola, profetei agertu zitzaiela, Andre Maria agertu zitzaiola, Jesusengan agertu zaigula, ikasleei Kristo berpiztua agertu zitzaiela, kristautasunaren historian hainbat eta hainbat laguni modu berezian agertu zaiela. Hori guztia, gaur egun egun ere agertuz jarraitzen duela konbentziturik bizitzeko. Eta ez pertsona jakin batzuei bakarrik. Guztioi.

Senideok, salbamen historia bizi dugu. Partaide gara gizon-emakume guztiok. Baita, ordea, eta batez ere, Aita eta Semea eta Espiritu Santua ere. AITAREN egiten dugun bakoitzean, gogoan izan dezagun, ez garela bakarrik bizi.

Dionisio Amundarain