HIRUTASUNA (Urteko 9. ig. B, 2021-05-30)

SARRERA

Senideok, Pazkoaldia bukaturik, Hirutasun Santuaren eguna ospatzen dugu gaur. Egia esateko, jai hori etengabe ospatzen dugu geure bizitzan: «Aitaren» egitean, «Aintza» esatean, «Aintza zeruetan Jainkoari» abestean etab. Bereziki, bataiokoan: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuak izan gara. Halaz guztiz, egun berezia eskaini nahi izan diogu Hirutasunari katolikoek. Guztientzat, poz-arrazoi izan behar du jai honek.
Jakina, ezin dugu ulertu Hirutasuna bere baitan zen den. Loiolako Ignaziok idatzia da: «Pertsona ez du asetzen eta betetzen asko jakiteak, baizik barruz sentitzeak eta gozatzeak». Jaia hain justu horixe da beti, zerbait ospatzea da, zerbait sentitzea, zerbait gozatzea: familiako baten urteurrena, dela bizitzako egun berezi bat (bataioa, jaunartzea, sendotza, ezkontza etab.). Gauza bera esan behar da kasu hauetan: Jesusen jaiotza, Jesusen piztuera, Espiritu Santuaren etorrera, Hirutasuna, Corpus eguna. Ospatzea da kontua: pozik gogoratzea, pozik jai bihurtzea, pozik berritzea, pozik eguneratzea.
Gaur, beraz, Hirutasun Santua ospatzen dugu: Aita kreatzailea dela, Semea Salbatzailea dela, Espiritu Santua gure bidelaguna dela. Hitz batean, Jainkoa maitasuna dela ospatzen dugu. Senti eta goza dezagula hori bihotz brnean.

LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (4,32-34.39-40)

Entzungo dugun pasarte honek bi zati ditu.
Fede-aitorpena handia egiten da. Fede monoteista; alegia, Jainkoa bat dela, ez dagoela besterik. Jauna dela egiazko Jainkoa. Gaur guretzat ez du horrek esanahi handirik. Baina Deuteronomio liburua idatzi zenean, beste giro bat bizi zuten. Jainkoa den Jaun horrek Israelen historian egin dituen gauza miresgarriak gogorazten ditu. Hainbat eta hainbat gertaera aipatzen ditu: Sinai mendian izandako esperientzia bizia, Egiptotik atera izana, etab. Guretzat ere balio du bide honek; jo dezagun Jainkoa geure bihotzean, geure elkartean esperimentatzera.
Bigarren zatian, fede-aitorpenaren ondorio bezala, Jainkoak esan eta irakatsitakoa kontuan hartzeko eskatzen digu. Fede eta konfiantza honek esperantza ematen digu. Konfiantza hori da iturria; alde batetik, pozaren eta alaitasunaren iturria; bestetik, gizon-emakume guztiekiko konpromisoaren iturria.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (8,14-17)

Joera makurretik libratzeko, Espiritua eman digu Kristok. Jainkoari Aita esatera eragiten digu. Horrela, Jainkoarekiko gure harremanak erabat aldatu dira. Soldatapeko baten espiritua duena, agindu dioten hura egitera mugatzen da. Jesusen Espirituaren arabera bizi denak, Espiritu horri berorri uzten dio gida dezan.
Senideok, beste mundu bat da Espirituaren arabera bizitzea. Saia gaitezen aske eta libre izaten Espirituri jarraituz.

EBANJELIOA Mateoren liburutik (28,16-20)

Egin nire ikasle munduko herri guztiak. Horra Jesusek utzi digun egitekoa, Hirutasunaren izenean.
Gizon-emakume guztiok Hirutasunaren barruan murgiltzea da arazoa. Bataiatu ginenean, Jainkoaren barne-barneko bizian txertatuak izan ginen. Eta Jainkoaren barneko bizi hori elkartasuna da, komunioa da, batasuna da.
Kristau-bizitza, beraz, Hirutasunaren bizian murgiltzea da. Haren sentimenduekin bat egitea: Kreatzailea den Aitarekin bat egitea, geu ere kreatzaile izateko; munduaren Salbatzailea den Semearekin bat egitea, geu ere salbatzaile izateko; gizon-emakume guztien bidelagun den Espirituarekin bat egitea da, geu ere gizon-emakume guztien bidelagun izateko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan, muga politiko, ideologiko, etniko, kultural eta erlijiosoen gainetik, elkartasuna sortzen saiatzen direnentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bakarrik edo bazterturik bizi direnentzat, munduan inor gabe edo lagunik gabe daudela sentitzen dutenentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Eliza elkarte-eredu izan dadin; alegia, senide-artekotasuna, partizipazioa, elkartasuna bizi eta agertzen duena. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure kristau-elkarteentzat: haietako bakoitza elkarterik biziena den Hirutasun Santuaren isla edo ispilu izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.