Adiskiderik hobena Mateo 28,16-20
Hirutasun Santua B 2021-05-30

Jainko hirukoitzari dagokion kristau-fedearen muinean bada funtsezko den baieztapen bat.
Jainkoa ez da izate ilun eta barnera ezina, bere baitan era egoistan hesitua. Jainkoa Maitasun da, eta soil-soilik Maitasun.
Kristauok sinesten dugu ezen errealitatearen azken misterioan, den guztiari zentzua eta izatasuna emanez, ez dagoela Maitasuna baizik.
Jesusek ez du idatzi inolako trataturik Jainkoaz. Behin ere ez da ageri Galileako jendeari Jainkoaz dotrina irakasten.
Jesusentzat, Jainkoa ez da kontzeptu bat, ez da teoria eder bat, ez da definizio ikusgarri bat. Gizakiaren Adiskiderik hobena da Jainkoa.
Ikertzaileek ez dute dudarik ebanjelioetan ageri den datu batez. Jesusi Jainkoaz hitz egiten entzuten zionak eta haren izenean jarduten ikusten zuenak, Jainkoa Berri On dela sentitzen zuen.
Jesusek Jainkoaz esaten diona zerbait berri eta zerbait on iruditzen zaio. Jainkoaz entzun dezakeen albisterik onena iruditzen zaio Jesusek komunikatzen eta kutsatzen duen esperientzia. Zergatik?
Agian, hau da jendeak sumatzen duen lehenengo gauza: gizon-emakume guztien Jainkoa dela, eta ez tenpluan haren aurrean agertzeko duin direla pentsatzen dutenena bakarrik. Jainkoa ez dago leku sakratu bati kateatua. Ez da erlijio bakar baten jabetza ere. Ez da Jerusalemera erromes joan ohi den jende jainkozalearen jabetza ere.
Jesusen arabera, Jainkoak «jende onaren eta gaiztoaren gainera aterarazten du eguzkia». Jainkoak ez du inor, ez baztertzen, ez negatiboki bereizten. Jesusek denak gonbidatzen ditu Jainkoagan konfiantza izatera: «Otoitz egitean, esazue: “Aita!”»
Jesusekin, aurkituz doaz ezen Jainkoa ez dela harengana merezimenduz beterik hurbiltzen direnena soilik. Halakoei baino lehen, erremediorik gabe bekatari direla pentsatuz, erruki eske doazkionei entzuten die.
Jesusen arabera, galdurik bizi direnen bila ibili ohi da Jainkoa beti. Horregatik sentitzen da Jesus hain adiskide bekatarientzat. Horregatik esaten die, bera «galdua zenaren bila etorri dela eta hura salbatzera».
Konturatu da ere jendea, Jainkoa ez dela jakintsuena eta adituena soilik. Jesusek eskerrak eman dizkio Aitari, gustuko duelako adituentzat ezkutuko diren gauzak xumeei agertzea. Jainkoak arazo gutxiago izan ohi du herri xumearekin konpontzeko, dena dakitela uste duten jakintsuekin baino.
Baina Jesusen bizierak, Jainkoaren izenean gaixoen sufrimena arintzera emanak, espiritu gaiztoak harturik zituenak askatzera, lepradunak marjinaziotik libratzera, bekatariei eta prostituituei barkazioa eskaintzera emana zen Jesusen bizierak sentiarazi zion jendeari konbentzimendu hau: alegia, gizakiaren Adiskiderik hobena bezala ikusten zuela Jainkoa Jesusek, soilik gure ongia bilatzen duena bezala, eta zerbaiten kontra jartzen bada, kalte egiten digunaren kontra jartzen dela soilik.
Jesusen jarraitzaileek ez zuten sekula dudarik izan honetaz: Jainko gizon egina eta Jesusengan agertua Maitasun dela eta soilik Maitasun gizon-emakume guztientzat.

Jose Antonio Pagola